Garrantzitsuena

Kirolari onena beste guztien gainetik altxatzen den hori dela erakutsi izan digute. Izan ere, garaipenaren funtsa albo batera utzita, zertarako lehiatu? Ondo badakigu gol gehien sartzen dituena izango dela garaile, 22ra lehenengo ailegatzen dena, helmuga lehenago zeharkatzen duena. Baina garaipenaren zapore gozoa laster ezabatzen da gure ahotik, eta kirol zapatilak kenduta, bizitzen jarraitu beharra dago. Eta momentu hortan galdetu gure buruari zer irakatsi digun irabazi izanak eta batez ere, zein eratan eraldatu gaituen.

Kirol profesionalaz mintza gaitezke, edo baita hontatik urrutien ezartzen denaz, alegia, umeen arteko kirolaz. Berez ez dira horren desberdinak, dirua albo batera uzten badugu, irabazteko grinaren elementu funtsezkoena geratuko litzaiguke agerian. Tira, akaso dirua eta ospearen elementu hori ez da horren txikia... eta ongi pentsatuta, bada beste deserdintasun bat: goi mailako kirolean onenek jokatzen dute, eta umeen artekoan nahasirik dira onenak, txarrenak, eta tartean ezartzen diren guztiak. Are gehiago, 'onena' eta 'txarrena' kontzeptuek balioa galtzen dute, umeak etengabe aldatzen diren subjektuak direlako, eta batez ere, eta enfasia jar dezagun aspektu hontan, kirolak beste zerbaitetarako balio duelako umeak inguruan dituenean.

Alebinen arteko partida zen, 10 eta 11 urte bitarteko umeak, eta Santurtziko Gazteak eta Sestao River taldeak elkarren artean lehiatzen ziren. 2 eta 3 gailentzen ari ziren sestaotarrak eta orduantxe iritsi zen partidako jokaldi esanguratsuena. Sestaoko jokalari bat minez lurrean zela, Gazteak-ek aurrera jarraitu zuen jokaldiarekin, eta penaltya adierazi zuen epaileak, Sestaoko defentsak baloia eskuarekin ikutu ondoren. Berez ez da egoera arrotza, partida ugaritan ikusi izan dugu nola taldeek jokaldiak jarraitzen dituzten aurkaria minez lurrean dela; beste hainbatetan jokalariak plantak egiten geratzen dira, epaileak jokoa geldituko duenaren edo aurkariak bere borondatez baloia kanpora botako duenaren zain. Asko idatzi izan da egoera horren aurrean egin behar denaren inguruan, eta hitzon helburua ez da jarrerak epaitu edo jokabide bat proposatzea. Sinpleki ez delako egoera berdina liga prosesionalean edo eskolarteko partida batetan ematen dena. Umeak tarteko daudenean sinesgarritasuna zalantzan jartzea ez da zilegia. Hala ulertu zuen Gazteak-eko entrenatzaileak, Borja Roman-ek, eta Iñigo Carazo jokalariari penaltya kanpora botatzeko esan zion, eta honek hala egin zuen. Taldeak egoera ez bidezkoaren ondorioz abantaila jasotzea ez zegoela ongi erabaki zuten santurtziarrek.

Partida 2 eta 3 bukatu zen, Riverren alde. Gutxienez berdinketa lortzeko aukera galdu zutela pentsa daiteke akaso. Baina bildutakoen artean inork ez zuen halakorik adierazi, eta gertatutakoa, nahiz eta kirol ikuspegitik bitxia izan arren, normaltasun erabatekoz hartu zuten umeek. Entrenatzaileak berak partida bukatu zenean zera adierazi zuen: “Irabaztea ez da inoiz garrantzitsuena izaten”. Handia da, gero, kirolaren mundu hau batzutan.

Iker Zabala

2015, Abendua 07
Arloa: Kirolak