600 partida baino gehiago
21 urte. Erraz esaten da. Bere garaian denbora tarte horrek ez zuen gehiegi adierazten, akaso. Ez zegoen horren azkar bizitzeko beharrik, gauzak etengabe tokiz aldatzeko estuasun atzeraezinik. Presarik ez egoteak patxadaz bizitzera garamatzan, eta patxadaz bizitzeak egonaldi luzeak eskaintzen zituen. Gure guraso eta aiton amonen artean zenbatek ez zuten igaroko 21 urte, edo gehiago agian, enpresa berdinean lanean? Zenbatek ez ote zuten bizilekurik aldatu gabeko bizitza eraiki?
Bada, XXI. mendean gauza hauek ez dira akaso ohikoegiak. Ezegonkortasuna arau bilakatu den gizartean azkar mugitzen denak errazago dauka bizimodu arrakastatsua izateko. Jakina, salbuespenak badaude, eta dena zuziria bezain azkar mugitzen den errealitatean nola eskertzen den.
Javi Eseberri ziur asko euskal areto futbolak izan duen izarrik distiratsuena izan da. Edo da, hobe esanda. 38 urterekin Xota talde nafarraren kapitaina da, eta adinaren lege irmoak errefusatuz, primerako maila ari da eskaintzen aurtengoan ere.
Bizitza erdia baino gehiago aretoaren eszenatoki txiki hortan ibili izanaren arrastoa luzea da. 19 urte eskasekin hasi zen Xotan, garai hartan jokalaria bera bezain umila zen taldean. Bigarren mailan lehiatzen, inork gutxik espero zezakeen Estatuko liga goreneko talde egonkortuenetariko bat bilaka zitekeenik. Eseverriren bilakaera bezain harrigarria. Lerroen atzekaldetik, lidergoa bere gain har zezakeen jokalaria zela azkar atzeman zuen talde nafarrak. Urteak pasatzen zioazen heinean jokalari landuagoa zen, nortasun gehiago zuen egurraren gainean. Eta orduantxe, 28 urterekin, edozein jokalariren gailurra den garaian, heldu zen bidegurutzea. Minbizia atzeman zioten 2005eko udan. Egun gogorrak izan zirela aitortzen du egun Eseverrik, eta ordutik, minbiziaren aurkako borrokaren kontzientzazioan ibili izan da etengabe, gobernuz kanpoko erakundeekin lanean.
Eseverrik bere gaitza gainditzea lortu zuen, eta horrek bere futbolari mailari sekulako bultzada eman ziola dirudi, izan ere, bere urterik onenak iritsi ziren momentu hortatik aurrera. Ligako jokalari onenetarikoa bezala onartua, Espainiako selekzioarekin munduko txapeldunorde eta Europako txapeldun bi aldiz izan da. Egun, 38 urterekin eta 600 partida baino gehiagoko ibilbidearekin, sasoi betean dago Jabi Eseverri, eta talde nafarrera iristen diren gazteen ispilu aktiboa da ezbairik gabe.
Arantza, ordea, bere bizitzako klubean titulua altxatu ez izana du. 2010ean ligako pay off-etan finala erdietsi izana balentria izan bazen ere, garaikurra ez da urteotan heldu. Nahiz eta zenbaitetan ez den horrelakorik behar kirolari bati dagokion balioa emateko.