Txuma Murugarren - Kantaria
“Bizitzaren emozio-anabasa oso erakargarria da niretzat”
- Errenteria-Oreretan jaio zen.
- Sasoi Ilunak taldeko buru izan zen.
- Bakarkako lau disko plazaratu ditu.
- Berria egunkarian badu bere txokoa musikaren inguruan idazteko.
Kanta-autore etiketa alde batera utzita rock abeslariaren paperean bete betean agertzen zaigu bere azkeneko diskoan. Nere anaiaren kotxeko argiak da bere azken diskoa eta bertan heldutasuna eta kantu ederrak egiten maisua dela erakusten digu.
Zer nolako bilakaera internoa izan du zure musika eta abestiak egiteko jarrerak?
Orain libreago naizela esango nuke, garai bateko lotsa aspaldian ahaztuta. Naturalago jokatzen dut, instintiboago.
Urte dezente daramatzazu musikan, hasierako taldeak, gero Sasoi Ilunak, bakarkako diskoak… Agian momentu hau ona da hausnarketa bat egiteko…
Aldaketa garaian nago oraintxe. Nire karrerak zer behar duen hausnartzeko garaian. Ez da musika egiteko modua hausnartzen ari naizena, baizik eta azpiegiturari dagozkion alderdi prosaikoago batzuk.
Eta inguruari dagokionez, nola sentitzen zara Euskal Musikaren munduan?
Gero eta erosoago. Jendea zure lana bere egiten hasten denean, kontzertuetan horren erantzuna ikusten duzunean, oso gauza positiboa da. Izugarri indartzen zaitu. Esango nuke une gozo bat bizi dudala orain.
Zer bilatzen duzu abesti bat egiten duzunean?
Lehenbizi niri neuri zirrara bat eragitea, eta gero, kantuaren bidez entzuleek izan dituzten bizipenen kutxa zabalean arakatzea, eta galdutako emozioak topa ditzatela da nire helburu nagusia.
Begirada atzera bota eta zer sentitzen duzu? Zorabioa, bizipoza, gazi-geza…?
Zorabioa gero eta gehiago, bizipoza neurriz eta zapore gazi-geza gero eta gutxiago.
Zerbait aldatu beharko bazenu zer izango litzateke?
Ez dut inoiz pentsatu, ez baitut sekula sinistu zerbait aldatzeko ahalmenik daukadanik.
Euskal musika egoera latza jasaten ari da. Kontziente garela uste al duzu?
Mundu horretan sartuta gaudenon artean bai, kontzientzia maila altua da. Ez dut uste, ordea, eztabaida edo hausnarketa hori heldu zaionik gainontzeko jendeari. Tsunamietan gertatzen den moduan, olatua heldu arte eguzkitan ematen dugu arratsaldea.
Batzuk esaten dute musikak demokratikoa izan behar duela. Zer uste duzu?
Ez dakit zein zentzutan esaten duten hori. Taldearen funtzionamenduari dagokiola, nik uste dut bakoitzak antolatu behar duela jokatzeko modua, talde bakoitza erabat autonomo eta independientea delako. Musikaren balio demokratikoaz, horrela, modu abstraktoan, ez nekike zer esan.
Zer sentitzen duzu kontzertu bat ematen ari zarenean eta jendea hizketan ari denean?
Nekea, berriro ere deskontzentratu, desmotibatu naizelako.
Badirudi –zure testuak ikusita- bizitza eta beronen gorabeherak dituzula hizpide nagusi.
Beti sentitu naiz erosoago logikarekin pisatu edo kalibratu ezin daitekeen guzti horrekin. Bizitzaren emozio-anabasa oso erakargarria da niretzat, eta pertsona guztion arteko lotura zuzenena eta bakarra dela ere esaten ausartuko nintzateke.
Euskal Herrian disko interesgarriak plazaratzen direla uste duzu?
Zalantzarik gabe. Egile eta musikari oso interesgarriak daude Euskal Herrian. Duela hamabost edo hogei bat urte, jende asko desengantxatu zen euskal musikatik, kontsigna-betekada baten ondoren. Orduan galdutako sinesgarritasuna berreskuratzea zaila da, baina bide onean gaude, izan ere egun ekoizten dugun musika anitza, kalitatezkoa eta erakargarria baita.
Gotzon Uribe
Argazkiak: Iñigo Azkona