Irabazlerik gabe
Kirolaren txoko hontan bertan mintzatu ginen duela ez horrenbeste finalera ordezko gisa heltzearen zamaz, Mikel Urrutikoetxearen buruz buruko txapelaren harira. Kasu hontan urrutixeago joan gaitezen, izan ere, patuak nahi izan du euskal proba tradizionalenetako batetan ez soilik finalista, nolabaiteko ordezkoa irabazle bilakatzea.
Donostiako klasika txirrindulari ugarik gorriz markatua duten proba izaten da egutegian, nahiz eta bigarren mailako lasterketa izan. Tourraren ondoren lehiatzen da, eta egun batetako proba izaki, estrategiaren alorra estutzen dute talde eta txirrindulariek.
2015eko edizioa ederki geratuko da Gipuzkoako hiriburuko zaleen oroimenean, eta ez gainera arrazoi positiboengatik. Gertaturikoak kirolak duen halabearraren portzentaiak beteko ditu akaso, baina lehiaketa batek duen garailearen poza urratu egin du ezinbestean, izan ere, garailerik ez dagoela uler genezake.
Greg Van Avermaet txirrindulari belgikarrak lasterketa kontrolpean zuen. Klasikoetan iaioa den kirolaria, 30 urterekin lorpen apalak izan ditu bere ibilbidean, nahiz eta Espainiako itzuliko eta Tourreko etapa bana bereganatu dituen, eta Paris-Tours baten irabazi izana ere baduen bere garaipen zorroan. Donostian irabazle suertatzeko aukerak handituz zioazen beretzat helmuga gerturatu ahala, izan ere kilometro gutxi ziren eta talde jarraitzailea urruti zegoen. Bordako Tontorra igotzea baino ez zitzaion geratzen, arratsaldeko azken zailtasuna txapela jantzi aurretik. Eta hor iritsi zen eguneko gertakari nabarmenena. Errepidean jarraipena egiten ari zen antolakuntzako motor batek lurrera bota zuen belgikarra, eta ondoren belar malda batetik behera joan zen, jarraitu ezinik.
Aukerak berritu egiten ziren talde jarraitzailearentzat, baina bertan zirenak Van Avermaet-en ezbeharraz ezjakin ziren. Zergatik? Arrazoi teknikoak direla medio, Euskal Telebistak emisio eten behar izan zuen, eta munduari hedatzen zitzaion seinalea beraz itsutu. Gertatzen den ororen informazioa instantean dagoen mundu hontan, lasterketa ezin jarraitzea berria zen. Seinalea bueltatu orduko Van Avermaet desagertu izana misterioa zen.
Pelotoiak gertatu zena jakin zuenerako garaile berria zegoen. Adam Yates britainiarrak esfortzu handia egin zuen bigarren tokia eskuratzeko, Valverde, Gilbert eta konpainiaren pasibotasunaren ondorio, garaipena erabakia baitzegoela uste baitzuten. Yates-ek, 22 urterekin eta ibilbidean garaipen aipagarririk gabe, helmuga zeharkatu bezain laster jakin zuen bera zela Donostiako klasikako irabazlea. Irabazle ofiziala gutxienik. 'Nor? Ni? Benetan?' galdetzen zuen bitartean.
Garaipen legitimoa dela uler genezake? Bai, lehenengoak huts egiten duenean bigarren egon behar baita irabazteko. Baina badira beste hainbat duda esanguratsu. Lehen doanak bere arduratik kanporako ondorioak pairatzen baditu zilegi da eskura duen garaipena galtzea? Bigarren edo hirugarren sailkatutakoek ez ote zuten eskubiderik garaipena jokoan zela jakiteko? Estrategia horren garrantzitsu den proban informazioa zintzilik egon izanak dena desitxuratzen ote du? Irabazle batek podiumaren gorenean txapela jantzi bazuen ere, irabazlerik gabeko proba izan zenaren sentsazioz geratu zen Donostiako bizikleta zalegoa. Eta kirolzale den edonork ulertuko duen bezala, tristea da hauxe.