Ordezkoaren zama
Finala kirolariarentzat dagoen konpromezu gorena da. Urrezko domina eskuratu aurreko urratsa, azken esfortzua eskatzen duen zita, irabazle eta galtzaileen arte muga ezartzen duen une magikoa. Jakina, final batera iristeko era ugari dago.
Zerbaiten ordezko izatea beti da egoera ezerosoa. Final batetaz ari garenean are gehiago. Eta hau izan da hain zuzen ere Mikel Urrutikoetxearen koiuntura. Oinatz Benoetxerekin buruz buruzko finalerdietan galdu ondoren, aurrelari leitzarraren lesio batek ezarri zuen finalean. Pilota kontuetaz ari garela, errebotez. Eta finalarako aurkari beldurgarria, lau txapela irabazi dituen Aimar Olaizola. Ordezko bezala finalera iristen denarentzat, aukera sorta ez da zabala: galduz gero, aurreikusi zitekeen egoera litzatekeela esango zen, berez finalerdiak gainditzeko gai izan ez den pilotaria gainditu baitu txapeldunak; miraria gauzatu eta txapela irabaziz gero, garaile ez legitimo izateko iradokizuna azalduko litzateke, beste baten zorigaitzaren ondoriozko aukera izan baitu. Egoera zaila edonola, are gehiago Mikel Urrutikoetxea bizkaitarrarentzat tamaina hontako lehen finala zela kontutan hartuta. Egoeraren aurrean, bi bide: txiki egin eta egoerak eta Aimarren joko boteretsuak irents zezan utzi; edo konplexuak alde batera utzi eta hortzak erakutsi, patuak eskainitako abagunea aprobetxatuz.
Partida gogoangarria egin zuen Zaratamoko pilotariak. Olaizolak bere jokoa egin ez zezan xede hartuta, Urrutikoetxeak bere erritmoa jartzeko ahalegina egin zuen, sakeak paretetik gauzatuz, eta etengabe airez lehiatzeko jokabidea plazaratuz. Jakina, estrategia egokia aukeratzea ez da nahikoa txapela irabazteko, eta hala, non arriskatu erabakitzen ere Aimarren buru hotz eta kalkulatzaileari inposatu zitzaion eta goizuetarraren erreakzio saiakerak izozten jakin izan zuen bizkaitarrak, partidako azken txanpa zirraragarrian, 22-19arekin lepoen gainean altxatu zuten arte.
Merezi gabe iritsi zen akaso finalera, baina finalean erakustaldi hura eman ondoren, txapela harrotasunez janzteko nahikoa merezimendu egin zuela nekez eztabaida daiteke.