Josune Bereziartu - Eskalatzailea
Eskalatzen dudanean nire beldurren kontra aritzen naiz
- Lazkaon jaio zen (Gipuzkoa), 1972.urtean.
- Txikitatik Beasainen bizi izan zen (Gipuzkoa) eta Alkartasuna Lizeoa ikastolan ikasi zuen.
- Gaur egun Ordizian bizi da (Gipuzkoa), eta Mapfre aseguru etxearentzat egiten du lan.
- Rock Legend Award saria jaso berri du, eskaladan jaso daitekeen saririk onena, zineman Oscar saria denaren parekoa.
Lanpetuta dago egun hauetan Josune Bereziartu. Rock Legend Award sariak oihartzun handia du. Pixkanaka gainditu ditu eskaladan dauden zailtasun mailak, eta gaur egun munduko eskalatzaile onenetako bat d
-Zer suposatu du zuretzat horrelako sari bat jasotzea?
Hamazazpi urte daramatzat nik eskalatzen, eta ibilbide oso hori saritzea polita da niretzat. Sariak ez du igoera bat saritzen bakarrik; egindako guztiaren errekonozimendua da, eta eskalatzaileak duen izateko era eta dituen baloreak saritzen ditu.
-Zeintzuk dira zure balore horiek?
Apaltasuna eta errespetua, gainontzek guztien gainetik. Gardentasunari garrantzia handia ematen diot nik, zintzotasunari. Natura, animaliak eta umeak gardenak dira, baina zoritxarrez gaur egun munduan ez dago gardentasun asko.
-Nola hasi zinen hormak igotzen?
Txikia nintzenean mendira joaten nintzen. Aitonarekin Beasaingo Erauskin auzora joaten ginen, eta Urbasara ere joaten ginen tortilla jatera. Kirkilak harrapatu, perretxikuak bildu... Mendirako zaletasun horren bitartez hasi nintzen eskalatzen. Orduan ez zegoen rokodromorik, eta naturalagoa zen.
Eta zergatik hasi zinen?
Hiritik ihes egiteko modu bat zen. Bizitzeko modu naturala atsegin nuen, elikadura naturala, bidaiatzea, eta eskalada naturarekin bat egiteko beste modu bat zen. Gaur egun ezberdina da. Rokodromoetan garatu egin da eskalada eta lehiaketa kutsua dauka, baina nik ez dut gehiegi atsegin hori. Ni hasi nintzenean ez zen horrela. Horma batean nagoenean ni ez naiz inoren kontra lehiatzen, nire kontra baizik, guztiok ditugu gure beldurrak.
-Zeren beldur zara?
Porrotaren beldur, une jakin batean arazoak konpontzeko gai ez izatea. Hori onartzea gogorra da. Kolpe fisikoak baino gogorragoak dira psikologikoak.
-Altuerak arriskutsu egiten du eskalada, baina zenbateraino da arriskutsua?
Kirol eskalada segurua da. Horma luzeetan dago erorketa batean kolpe bat hartzeko arriskua, eskalatzailea ondo ekipatu gabe badago. Ondo prestatuta egotea abantaila da.
-Eta beldur eta arrisku hori egonik, zer ematen dizu zuri eskaladak?
Egia esan, horman nagoenean ez dut igoeraz gehiegi gozatzen, baina harrapatu egiten nau. Nik ez dut inor horretara bultzatzeko asmorik, baina arrisku egoera batetik ateratzea erakargarria da. Horretarako, ordea, ondo prestatuta egon behar da, eta oso motibatuta. Hotza, euria, gosea... hori jasateko prest egon behar da.
-Horma batean zintzilik zaudenean zer pentsatzen duzu?
Ez dago pentsatzeko aukera asko. Eskaladak arreta osoa eskatzen du, argi eta bizi aritu behar da. Pozik nagoela pentsatzen dut.
-Zer da garrantzitsuagoa arlo fisikoa edo psikologikoa?
Fisikoki ondo prestatzeak sendotasuna ematen dizu, baina nortasuna beharrezkoa da. Horma batean ez dago zalantzatan aritzeko astirik. Bidea ondo ezagutu behar da. Gainera, bakarrik aritzen ez garenean laguna ondo ezagutzea ere garrantzitsua da. Ardura handia da, rally batean gidariak eta bere albokoak batak bestearekin duen arduraren parekoa.
-Gero egunerokotasunera itzultzea zer moduzkoa da?
Hori ere eskertzen da. Etxean sendotu eta gogobete egiten zara. Beharrezkoa da hori ez erretzeko.
-Ez al zara inoiz nazkatu eskaladarekin?
Hainbeste urteetan normala da une txarrak ere egotea, baina horretarako daude lagunak, senitartekoak eta Rikar (mutilaguna).
-Zailtasun handieneko hormak igo dituzu. Nola mantentzen duzu erronketarako grina?
Iaz arte kirol eskalada egiten nuen batik bat. Aurten izotzean eta alpinismoan hasi naiz. Beste gauza batzuk probatzea ona da.
-Eta nondik ateratzen duzu proiektu guztiak aurrera ateratzeko dirua?
Laguntzak izatea oso zaila da, baina mendiko materiala egiten duten etxeek ondo zaintzen naute, eta Euskaltelek ere sendo egin du nire alde. Eskertuta nago. Orain saria eskuan dudala mendiarekin zerikusirik ez duten beste enpresa batzuengana jo nahi dut. Emakumezkoa naiz, eta enpresa horietan nabaritzen da hori.
-Egindakoa aitortzen zaizula uste al duzu?
Herri mailan komunikabideetan baino gehiago. Maitatua sentitzen naiz herrian. Beti inguratzen zait norbait zoriontzera. Baina informazio orokorreko komunikabideetan garrantzia gehiago ematen zaio Himalayan egiten diren lorpenei besteei baino. Hori, ordea, ez da mendiari buruzko aldizkarietan gertatzen.
-Zer aholkatuko zenioke eskaladan hasi nahi duenari?
Ikastaro bat egiteko. Eskalada kirol segurua da, segurua egiten dugulako, eta hori ikastaroetan ikasten da. Gaur egun, edonork eskala dezake. Neska, mutila, lodia edo argala izan, rokodromoan edonorentzako bideak daude prestatuta. Baina ahal dela harkaitzean ikastea aholkatuko nuke nik, rokodromoan teknika ezberdina delako.
-Eta hasi nahi duen horren gurasoei?
Segurua izateaz gain, kirol osoa dela, gorputz guztia lantzen dela. Indarraz gain elastikotasuna lantzen da, eta arlo fisikoaz gain, arlo psikologikoa.
-Ez al dago eskalada masifikatzeko arriskua?
Harkaitzean bai, eta ari da dagoeneko gertatzen, esate baterako, Zarautzen. Jende asko joaten da, eta bizilagunak hasi dira kexatzen auto asko pilatzen direlako-eta. Hori errespetuarekin eta ingurumena zainduz konpontzen da.
Argazkiak: Josune Bereziartu artxiboa