Taldeetako ordezkariak
Zenbat jokalarik bukatzen dute bere ibilbidea bere garaian hasi zuten toki berdinean, tartean inolako etenik egin gabe? Galderak erantzun oso bestelakoa izan dezake bi aldagaien arabera: batetik, kirolak berak duen publikoaren erantzuna eta gizarte onarpen maila; alegia, bere inguruan eratzen den merkatua. Eta bestetik, kirolariaren beraren errelebantzia bere inguruan. Gorenean mantentzeko gaitasuna eta bere borondatea: taldea eta kirolaria. Bikote batetan gertatzen den bezala, bietako batek erlazioa hautsi nahi izatea nahikoa da dena ezerezean gera dadin. Oreka 15 urte inguruan (kirol bidearen luzeraren estimazioa) mantentzea ez da erraza.
Futbolaren eremua aztertuta, egun akaso are eta futbolari gutxiagok osatzen dute bere bidea kurrikulumean lerro bakarra daukatela. Joera azken urteetan are gehiago egonkortu da, izan ere, kanpora joateko ekimena gizarte mailan askoz ere normalizatuagoa dago, eta esaterako, atzerrian bizitzeak ez du, beste garai baten bezala, etxearekiko haustura eragiten.
Halere, euskal taldeak beti izan dira nolabaiteko salbuespen eremu hontan. Lehen mailako bi taldeak adibide gisa hartuta, Athletic eta Real, asko izan dira azken hamarkadetan fideltasunaren zeinu izan diren jokalariak. Donostia inguruan, 2012an erretiroa hartu zuen Mikel Aranburu kapitainaren karrera ez da salbuespena. Athletic-en kasua hartuta, bere garaian entzutetsu egin zen Julen Guerrerok kanpotik zetozen eskaintzei ezetz behin eta berriz esan izana. Eta urrutira joan gabe, Josu Urrutia talde bilbotarreko egungo presidenteak ere elastiko zurigorria baino ez zuen jantzi.
Hain zuzen ere, klub bizkaitarrak talde bat baino ezagutu ez duen jokalari sorta murritz horri omenaldi egin nahi izan dio, eta hala One-Club Player saria plazaratu du. Ingelesez jarri zaio izena, ez kasualitatez, izan ere, munduan barrena kasuak aztertuko dira talde baten baloreak haragitzen bukatu duten jokalari horiei omenaldia burutzeko. Lehen saritua Matt Le Tissier Ingalaterrako jokalaria izan da, Southampton taldean eginiko ibilbide arrakastatsua oinarri hartuta.
Egungo talde bilbotarrean bi One-Club Player egongo lirateke, ibilbidearen azken urratsetan direnak, eta sekula zurigorria ez den kolorea jantzi ez dutenak. Carlos Gurpegi eta Andoni Iraola dira, eta patuaren gutiziak, Athletic-ek bere saria plazaratu eta denbora gutxira, Andoni Iraolak bere agurra iragarri du, behin denborada bukatuta. Dirudienaren arabera Estatu Batuetako liga izango da bere azken urteetako eszenatokia.
San Mameseko zalegoari arraro egingo zaio, ziur asko, hurrengo urtean eskuin hegal hortan usurbildarra ez ikustea (nahiz eta azken garaietan bere partaidetza beste denborada batzuetan bezain finkoa ez izan), bere talentu eta umiltasun hori etengabe erakutsiz. Baina New York-en, Orlandon edo Kansas-en egonda ere, ondo badaki bazkide bilbotarrak Iraolak arima zurigorria hedatuko duela munduan barrena, eta bere kurrikulumean jartzen duena jartzen duela, One-Club Player izango dela bere ibilbidea bukatzeaz bat.