Trenen abiadura
Final batetan ondorioak ateratzea sobera erraza da. Are gehiago, final batetik txapelaren jabe berriaren nortasunaz haratago begiratu ezin bada seinale txarra da. Eta topiko zaharraren haritik tiraka, final baten irabazlearen distira eta galtzailearen malkoen arteko aldea kirolean egon daitekeen handiena da ezbairik gabe.
Binakako finalaren ataritan bikoteen aukerak aztertzen ziren: Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria alde batetik, txapelketan behetik gora aritu den bikotea, kasu hontan Bengoetxeak bere atzelarian aldaketa ugari izan ditu, lesioak tarteko izan direla, eta azkenik errioxar gaztearekin egokitzera behartua egon da. Nork esan behar zion leitzarrari Untoria horren ondo moldatuko zenik. Edonola, presioa nafarraren sorbalda gainean erortzen zen, izan ere, 30 urterekin bere ibilbideko bidegurutzean dago. Gazteria atzean utzita, etorkizun handiko pilotaria izango zela iragarri zen bere garaian. Buruz buruko txapelketa 2008an irabazi izana gailur gisa dago bere ibilbidean, baina disziplinako bigarren lerro hortan mantendu da, pilotako olinpoan zeudenen gertu ezarri gabe. Binakako final hau bere izena pilotaren munduan handitu daitekeela erakusteko aukera zen, odol bero eta joko biziko pilotariak heldutasun garai oparoa izan dezakeenaren zeinua litzateke txapela.
Bestaldean, gorriz jantzita, Pablo Berasaluze eta Aitor Zubieta. Begirada guztiak Berrizko aurrelariarengan zeuden. Bi urte pasa izanagatik, Bilbon bertan jokaturiko finala ez du ahaztuko pilotaren munduak. Pabloren min oihu zirraragarriak lurrean etzanda, finala hasi berritan, bere ibilbidearen bukaera izan zitekeenaren lesioa soinean zuela. Esan bezala, bi urteren ondoren, eta 37 urterekin, beste final bat, titulua irabazteko beste aukeraren ataria. Bizitzak gutxitan ematen ditu bi aukera, are gutxiago bidearen bukaera horren gertu somatzen dugunean.
Bi bikoteek beraz irabazteko asko zeukaten, eta aldi berean, bizitzako trenen abiadura dela medio, galtzeko puska ederra baita ere. Finalaren kolorea hastapenetik urdindu zen, eta hala, Bengoetxea eta Untoriak lehen tantuetako berdintasuna irudikapena izan zela erakutsi zuten. Aurpegia haientzat, beraz, gurutzea Berasaluze eta Zubietarentzat. Txapel bakoitzak eztia eta errautsa banatzen duela jakina da. Finaletan, eta kasu hontan ere ez da salbuespen, argi geratzen da nori zer dagokion.