Markos Untzeta - Kantaria
Iruditzen zait euskal musikan pasa ginela 60. hamarkadatik 80.era urte gutxitan
- Rock amerikarra gustuko duen euskal musikaria
- Hainbat disko plazaratu ditu, zenbat euri azkena
- Musika eta hizkuntzen arteko harremanak kezkatua
- Bere burua out-sider gisa dauka
Eibartarra da bera. Bere disko berria "Zenbat euri" deitzen da. Rock amerikarra oso gustoko du eta tradizio horri helduta abesti ederrak burutu ditu. Springsteen, Tom Petty edota Dylan gustoko dituenak hemen dauka, euskaraz, bilatzen ari zen kantaria.
Zenbat euri?
Bidea lokatzez garbitzeko behar den beste. Kontua da halako tankerako seinaleei aditu egin behar zaiela agertzen diren neurrian, eta berandu egin baino lehenago, mugitu. Azalez mudatzeko garaia ez da denboran luzatzen.
Euriaren zain egon ahal zara luzaroan?
Ez dakit. Ez dut uste gure eskura dagoenik hori jakitea. Halako uneak horrelakoak dira: agertu egiten dira, eta kitto.
Eta bustitzeko beldurrik ez?
Bai, jakina. Hori gertatzen zaio aldaketa garaietan adi ez dagoenari. Urak lokaztu egiten dira eta zailago, beraz, zikinak gainetik kentzea.
Baten entzun nizun esaten New Orleans-eko musika Euskal Herrira ekarri nahi zenuela.
Ez dakit noiz esan nuen hori. Zihurren country-blues asko entzuten nuen garai batetan edo... Gure kontzertuetan "Not fade away", "Summertime blues" eta "Thunder road" bezelako moldaketak egin izan ditugu euskeraz. Kontuan hartuta kantu hoiek erro bereak dituztela, behar bada horregatik esan nuen hori, ze egia da esparru hortan kokatzen dudala neure musika; tradizio hortan, alegia.
Ulertuko ahal zen guzti hori gurean?
Itxuraz, lanak emango ditu. Edonola, paradojikoa da, zeren betidanik entzun izan den musika da hau, entzuna eta onartua...hori bai, ingelesez. Gure artean barrera linguistikoak ezartzen ari garenik ez dut sinisten, heavya euskeraz egin izan da, bluesa baita ere, punka...zergatik ez rock amerikarra?
Ba ahal dauka zure moduko kantari batek beretzako tokia euskal musikan?
Pentsatzen dut baietz. Toki estua da eta iraupen kontua dirudi honek. Entzulego bat eraiki baharko dugu, gutxika.
Nabaria da Tom Petty, Springsteen, Neil Young... gustoko dituzula
Bai. Eta ez dut uste eragin hoiek ezkutatzen ibiltzea mesedegarria denik. Naturaltasun osoz onartzen ditut, eta kasu batzuetan, erabili inspirazio iturri bezela ere.
Bizkaian, erdal munduan edota ingelesez egin izan da rock amerikarra.
Aipatzen dituzun bizkaitar hoietatik lau nire taldeko musikariak dira, eta, batek ere ez daki euskeraz! Galde egiozu estilo hontako kantu egile bati ea bere musikariak euskeraz dakiten... Iruditzen zait euskal musikan pasa ginela 60. hamarkadatik 80.era urte gutxitan. Guitarra espainola eta lanazko jertse zaharkituetatik, punkaren guitarra elektriko eta txintxetetara une oso laburrean. Tarteko musika guztia irentsita jauzi batean. Eta badirudi jendearen gustoak ez direla asko aldatu ordundik.
Zein da zure abestiei buruz esan dizuten kunplidurik ederrena?
Musikari bezela jasotzen den saririk onena entzuten zaituenaren arretan igarri ahal den zerbait da, alegia, gustura dagoela zure kanta hori entzuten, eta, beste nonbaitera joateko aukera izanda ere, geratu egingo litzatekeela zeuri entzuten. Ez didate sekula esan, baina gustatuko litzaidake.
Outsider -tokiz kanpo- baten moduan ahal daukazu zure burua?
Bai. Baina ez naiz kejatzen. Beti gustatu izan zait berba hori, outsider, eta, egia esan horrela ikusi izan dut neure burua. Ez da zama bat. Tokiz kanpo dagoenak ikuspegi ezberdina du beti, eta hori ona da ofizio hontan.
Kantari batek esaten zidan gaur egun Euskal Herrian musikari izatea dezepzioz beteriko bide bat dela.
Bidea badago behintzat. Eta dagoen bitartean ibiliko gara. Bai, disgusto handiak hartzen dira, baina tira, niri zuzeneko on batek disgusto guztiak uxatzen dizkit.
Adibidez, Ruper Ordorikak urte askoko lanari esker lortu duena inork gutxi lortu du, eta hor mantentzea ez da lan erraza.
Ruper erreferentzia bat da, zentzu guztietan. Denboraren igaroak ez du irentsi, eta hor dago. Nik pentsatzen dut kantuak asko maite dituelako dela.
Ingalaterra ere joan zinen lanera.
25 urte bete eta zer egin ez nekiela, Londresetik ordubetera dagoen St Albansera jo nuen, asmo finkorik gabe. Ea zer egiteko gai nintzen frogatzera edo... Bertan lehen aldiz igo nintzen taula gainera, Van Morrisonen "Brown eyed girl" kantatzen nuen Small World deitzen zen talde batekin. Garai hartan sukaldari bezela egiten nuen lan, eta sukaldeetan kristalik egon ezin denez, erlojuen orratzak babesgabeak ziren. Hamaikak laurden gutxiagotan hatzaparrekin aurrera egiten nion orratzari ordu laurden eta horrela pubera Guinness pinta bat eskatzeko garaiz heltzen nintzen. "Brown eyed girl" kantatu eta gaua mundiala bilakatzen zen!
Gero Bahametan ere ibili zinen.
Bertako esperientzi musikal aberasgarriena gospela entzutea izan zen, bertako mezetan. Lau aldiz edo gonbitea jaso nuen mezetara joateko eta baietz esan nuen. Harrigarria nola pasatzen ziren bizipozaren festatik bekatuen damura, gero redenzioaren eskutik, festa berriro!
Zure kantaeran, etorrian, abestiak egiteko eran igartzen da rock klasikoko tradizioa maite duzula.
Eta kantu zaharrak baita ere. Bitxia da ikustea nola Amerikako, Irlandako, Eskoziako edo Ingalaterrako kantu tradizionalak eta, gureak adibidez, ez diren betere urruti elkarrengandik. Moldea aldatzen da, baina, funtsean, bizipen berak kontatzen dituzte.
Diskoan azaltzen den looser -galtzailearen- sentimendu hori benetakoa ahal da?
Beno... niri beti gustatu izan zaizkit Johon Hustonen pelikulak, badakizu, pertsonai hoiek, hil edo bizi helburu baten atzetik azkenean kale egiteko... azkenean pertsonai horiei duintasuna, jarraitu duten bideak eman die, ez helburua lortzeak, horrek ez du garrantzirik...
Zure burua ikusten ahal duzu historio horietan?
Sarritan.
BERE KUTTUNENAK
Bruce Springsteen.
Born to run. 1975. Columbia rds. Gozatu hutsa. Hasieratik amaierara kantuetako pertsonaien eskutik zoaz euren bizipozak, tragediak, desirak, ametsak eta porrotak dastatuz. Urgentzia, emozioa, dinamismoa... hiriaren alderdi eskutuetatik barrena; heroi txikiak sari nagusiaren atzetik, ametsaren bukaeraren aurrean gizaki arruntak direla konturatzeko...
Bob Dylan.
Blonde on blonde. 1966. Columbia rds. Mugaz bestaldeko istorioak, poesia bisuala, irudien pilaketa, misterioa.. eta ahots bat hotz, perfekzio betean hitz bakoitza ebazten, soinu bakoitza ahozkatzen, tempoaren kontrol osoaz. Soinua, azkenik, kobrearen zaporekoa, lurrina bezela astuna eta arina aldi berean.
Mississippi John.
Hurt . The complete recordings. 2000. Vanguard rds. Hiru ordu inguru irauten duen bilduma honek zerbait bitxia dauka: kantu guztiak kantu bera direla ematen duen arren ez du sekula nekatzen, freskoa irauten du eta ez dakit zergatik. Finger-picking estiloaren arintasunagatik izango da?, afinazio irekien armonia originalengatik?, kantariaren ahotsaren gozotasunarengatik?. Interpretazio bakoitzean musikaren alderdi ludikoa nabari da; gitarjole zahar bat erreka bazterrean arduragabe kanta bat abesten denbora pasan.