"(H)aritz zaharraren enborra"
Futbola defentsaren sendotasunetik aurrera eraikitzen dela diote. Gol gutxi jasotzeak partidak irabazteko aukerak gutxitu egiten ditu ezbairik gabe, eta atzealdea behar bezalakoa izanez gero, erasoa martxan jartzeko abiapuntua ere bada, jokaldiaren bidea hasi dezakeen urratsaren gunea. Halere, futbolaren esentzia aurrealdean dago. Golean. Eta horrela, aurrelarien jardunak ematen dio kirol honi bere magiaren xarma, gatza eta zirrara. Aurrean jokatzen duten horien jardunak partidaren norabidea bideratzen du. Golak sartzea zaila dela esatea ez da sekretua, eta horregatik, berezko natura daukaten aurrelariak ez dira ugariak. Eta ugariak ez izanagatik, hain zuzen ere, dira horren preziatuak taldeen barnean.
Aritz Adurizen kasua berezia da futbolean. Aurrelari azkar eta fina, teknikoki dohaiak badituena, baina grina eta kemena baztertu gabe jokatzen duena. Buruz eta eskuin hankaz ederto moldatzen dena, eta batez ere, jokoa irakurtzen badakien horietakoa. Donostiarrak bere bizitzan izan duen taldea Bilboko Athletic da ezbairik gabe, nahiz eta bizkaitarrekin hartu emana ez den, inola ere, ohikoa izan. Are gehiago, ez da jokalari asko egongo Euskal Herriko goi mailako taldeetan hiru aldiz talde batengatik fitxatu dutenak. Baina halakoa izan da Adurizen ibilbidea. Aurrera Vitoriako jokalari gazte eta itxaropentsu bezala Lezamara bereganatu zuen talde bilbotarrak 2000. urtean. Bigarren mailan, Valladoliden, zoragarri aritu ondoren krisian zegoen taldea suspertzeko ekarri zuten berriro ere, 2006an. Eta Mallorcan eta Valentzian bere maila erakutsi ondoren, berriro ere bueltatu zen sendi zurigorrira, eta bertan mantendu da, Valverderen taldearen erreferentzia eztabaidaezin gisa, azken hiru denboradetan.
Bilbotik eginiko joan etorri horietan talde asko ezagutu ditu, eta horrek akaso lagundu dio berdegunean daukan izatasuna landu eta kimatzen. Futbolean rara avisa bilakatu da: gazteriaren su eta txinparta horren ondo doakion postu batetan, ia 34 urteko beterano mundu ibiltaria. Baina egia esan, urtetik urtera zenbaki hobeak lortu ditu, eta horrela, aurten 13 gol daramatza txapelketa guztiak aintzat hartuta. Ez hori bakarrik, erdi purdiko denborada baten, taldea bizkar gainean zintzilik daramala ematen du zenbaitetan, bere inspirazio eta punteriaren funtzioan bizi izan baita Athletic hainbat jardunalditan.
“Haritz zaharraren enborrak loratu dau orbel barria” adierazten du Athletic-en ereserkiak. Ezer ez da betiko, eta Bilbon Aritz zaharraren bolada ona pozez hartzen bada ere, orbel barriaren zain jarraitzen du San Mameseko harmailak. Aurrelari sena urria den garaiak gogorrak direla ezaguna da, eta errelebo naturala azaltzen ez den bitartean, enborrak utzi dezakeen hutsunea geroz eta gertuago somatzen da Bilbon.