Xabier Paya - Bertsolaria

Kontaizu

ber36_0.jpg

"Ikastola izan da nire euskal ama"

  • Algortako bertso eskolako maisu eta ikaslea.
  • Bizkaiko bertsolaritza inoiz baino osasuntsuago ikusten du.
  • Bertsolaritza hedatzeko jokoak asmatzen dihardu.
  • Amari eskainitako gaztelaniazko bertsoak jende asko hunkitu zuen.

Algortakoa da. Euskal Herri osotik ari den arren. Itzultzaile eta interprete lanetan dihardu burubelarri. Blogaria eta bertsolaria. Bizkaiko bertsolari txapelketan txapela irabazi eta pozarren dabilela aitortu digu, asteroko afari aurretik.

ber36_2.jpg

 

Zure izena entzundakoan zer sentitu zenuen? Ez da azaltzen erraza izango ezta?

Ez. Batez be, bi momentu nagusi egon ziren: batetik buruz burukorako deitu nindutenean, eta gero; ez neukan buruan, ezin nuen imajinatu Zuriñe Iarrituk nire izena esango zuenik. Momentu hori ezin nuen buruan irudikatu, gertatu zitekela bai, baina ezin nuen pentsatu ere egin. Berbaz ezin da ordukoa adierazi, eta orduan ere saltoka, eta ujuka eta korrika hasi nintzen.

Egia esan, gainontzekoak be ederto baten ibili ziren.

Lar ondo be, norberak ikusita. Zortziko nagusian, denen saioak entzun nituen, eta pentsatu: "Ostras, holan jarraitu ezkero, aspaldiko txapelketa onena egingo dugu!" eta egia esan gure erronka handiena ere hori zen, kolektibo lez, sobran bete dugu txapelketa hau. Denok ikusi dugu txapela hor, eta oso ale onak sortu ziren horregatik. Momentu batean, deskonektatu egin nuen. Kontua ondo zihoala ikusita, ez nuen gehiago urduritu nahi besteen bertsoei begira. Neurean kontzentratu nintzen handik aurrera.

Zure buru estutu, eta horregatik beharbada bota zenituen hain bertso ale onak?

Batez ere, Onintzak eta Ibonek ez zeukaten nik lehen aldian izan nuen blokeoa; Fredi betiko Fredi moduan ikusten nuen, bere betiko genialidadeekin; Igorrek bertsoak zuzen eta korrektoak egiten zituen; Iratxe oso oso ondo ikusten nuen; Etxahun eta Arkaitz berriz, entrenamenduetan bezain gustura. Zer da hau? esan nuen. Kontzentratu eta neurea egin behar dut. Pausuz pausu egin behar nuen nire lana. Bertsoaldi osoa barik, bertsoz bertso egiten joan nintzen. Bertso bat, hamarreko txiki bat, ideia bat, eta helburu lorgarriak jarriaz neure buruari.

 

Zu zeu, aspaldian ari zara bertsotan, baina beharbada hau izango da unerik zoriontsuena ezta?

Halako zorionik ez dut sekula eduki. Une zoriontsu asko izan ditut, nahiz eta bertsoak sufrimendutik ere apur bat baduen; une zoriontsurik egon ez balitz, ez nuke bertsotan jarraituko. Baina hau ez dut sekula ahaztuko. Kostako zait burutik guzti hau kentzea.

Eta holako momentu batean, zer pentsatzen du norberak? Egunontan zer dabil Xabi Payaren buruan?

Ezebez eta dana. Zelanbait esateko esango nuke, 15 urteko nerabe maitemindu berria ematen dudala. Bizitza zoragarria iruditzen zait, barre egiten diot guztiari, irrifarrea ahotik kendu barik. Holako poz batek hartzen nau etengabe. Jendearen eskerrona jaso eta jaso ari naiz, eta inoiz ez nuke pentsatuko hainbeste mezu, hainbeste berba, hainbeste kontu. Bai nik, bai familiak, bai amak... Alde horretatik, hain da abstraktoa sentitzen dudan poza, azaltzeko zaila egiten zaidala.

Eta Fredi anaiak zer diotsu?

Anaiak batez ere bere poza adierazi dit. Han bertan be hori bera esan zidan: "Merezi izan duzu". Eta nik hori behar dut anaiarengatik, bere oniritzia. Bai txapela janzteko edo egiten dudana egiteko ere. Egia izateaz gain, bera ere partaide zen, bertsotan aritu baitzen nire ondoan. Puntu baten barruan zenbat geratu ziren horrek, nabarmentzen du bere jarduna. Final ona egin zuenik ez dio inork ukatuko.

Anai zaharra da oraindik?

Bai, eta beti izango da. Niretzat beti erreferentea izan da. Urtebeteko aldea baino ez daukagu gure artean, urteterdi. Eta berak egin duen bidea, niretzat oso aberasgarria izan da beti. Badakidalako zer egin duen, egindakotik zer gustatu zaidan, eta bide hori eskaintzen dit. Zapaldu dezakedana gogoz zapalduko dut bide horretan. ber36_3.jpg

 

Amari eskainitako agur horretan, ikastola be aipatu zenuen. Zer garrantzia izan du ikastolak zure bertsogintzan edo bizitzan?

Handia, izan be ikastola izan da nire euskal ama. Amak eman ezin izan didana eman dit ikastolak. Horretan, irakasle batzuk oso kuttun ditut, bai San Nikolas ikastolan (Algorta) eta baita Ander Deuna ikastolan (Sopela) be. Oso gertu sentitu izan ditut beti. Ikastolak eman didan hori, amak ezin emona zen, baina eraberean amak eraman gintuen ikastolara. Horregatik amari eskerrak emon, eta berak eroan gintuela gogoratu nahi dut. Bere eskutik joan ginela ikastolara, bere eskutik.

Eta gaur egun zelan bizi duzu bertsolaritza bera?

Bertsolaritza gauza asko dira gaur egun. Lana da alde batetik, eta nik adibidez bertsolaritza bultzatzeko materiala sortzen lan egiten dut; itzultzaile lez bestetik, bertsolaritza aztertzeko gai interesgarria iruditzen zait; nik azterketa batzuk egin ditut. Bertsolari bezala ere pozik nago, zenbat plaza ditudan, jendeak ezagutzen nauelako deitzen didate, eta hori poztekoa da, duda barik. Eta bertsolaritzak gauza on asko eman dizkit: lagunak direla, bizitako uneak, Larrabetzuko eguazten gauak afaltzen, barrezka, txapelketa prestatzen eta konturatu barik goizeko ordu txikiak.

Eta Bizkaiko bertsolaritza zelan ikusten duzu?

Beharbada harroa izango da, baina inoizko indartsuen. Inoizko indartsuen orohar, baina gure eskualdean oso oso indartsu ikusten dut. Guk bertso eskolan hainbat talde ditugu. Nik esaterako, 10-13 urteko umeen taldea daukat, bertsotan egiten duena. Fredik 14-18 urteko beste talde bat dauka. Gero nagusiak ere ari gara, gure inguruan bertso eskolak badaude, hezkuntza arautuan bertsoa presente dago, bertsolariak daude, inguruko lagun eta pertsonak. Bertsolaritza estimatua da eta hori oso oso garrantzitsua da. Erreferentziak daude tokian tokian. Saioak ere badaude, ugari eta onak.

Unai Iturriagak eta Igor Elortzak, hurrengo Bizkaiko txapelketan berriz agertzeko gogoa adierazi dute.

Eta hori sano aberasgarria izango da. Orain aukera bat eskaini digute beste kontestu bat sortzeko, beste final bat erakutsi ahal izan dugu, eta ikusi egin dugu. Bertsolaritzan teknifikazioak gora egin behar du. Ez delako posible urteak gora egin ahala bertsolariak desagertzen joatea, hori tenisfikazioa litzateke, Egañak dioen modura. Juanjo Respaldiza adibidez erretiratu egin da, baina txapelketatik, ezin da bertsoetatik erretiratu. Bertsolaritza gizartearen isla izango bada, bertsolaritzak gizarteko estamentu denak bete behar ditu, ahots denak eta pertsona guztiak. 30 urtetik gorako guztiak presente egon beharko dira. Bertsolaritzak ezin du epe laburreko jardun bat izan.

Patxi Gaztelumendi

ber36_1.jpg

Argazkiak: bertsozale.com (Niko Moreno)

Kontaizu

2007, Urtarrila 01
Arloa: Berba Bi