Iraia Iturregi - Futbolaria

Jon Ordoñez

ber37_1.jpg

Estatu Batuetan futbola emakumezkoen kirola dela diote

  • Bilbon jaio zen, 1984. urtean
  • Sondika taldean hasi zen futbolean, eta gero Leioan eta Athleticen jokatu zuen
  • Heziketa Fisikoa hasi zen ikasten Gasteizen, eta futbol beka bati esker orain Tallahassee hirian jarraitzen du horretan (Florida, AEB)
  • Webgune pertsonala www.iraiaiturregi.com

Azken urteetan Euskal Herrian emakumezkoen futbolak izan duen gorakadaren protagonista da Iraia Iturregi. Hiru Espainiako Superliga irabazi zituen Athleticekin, eta iaz Amerikako Estatu Batuetara (AEB) joatea erabaki zuen.

 

-Zer alde dago Amerikako Estatu Batuetako eta Europako futbolaren artean?

 

AEB-etako futbola askoz ere fisikoagoa da. Taktika eta teknika bigarren mailan gelditzen dira. Joko zuzena erabiltzen dute eta jokalarien artean kontaktu fisiko gehiago dago. Psikologikoki ere oso gogorrak dira.

 

-Emakumezkoen futbolak indar gehiago du AEBetan, hemen baino. Zer da hemen falta zaiguna maila horretara eramateko? Zer daukagu ikasteko?

Hemen, soccer-a (guk futbola deritzoguna), emakumezkoen kirola dela diote. Gizon gehienek AEBetako futbola jokatzen dute, baita saskibaloiean edo beisbolean. Beraz, futbola gizonezkoen laugarren kirola dela esan dezakegu. Emakumezkoena, aldiz, lehen kirola da, saskibaloiarekin parekatuta. Jendeak asko errespetatzen du emakumezkoen futbola, eta komunikabideak gehiago inplikatzen dira.

 

-Beka bat jaso zenuen haruntza joateko. Zer esan nahi du horrek? Zer egiten duzu futbolean jokatzen ez duzunean?

AEBetako Unibertsitate batean ikastea oso garestia da. Nik daukadan beka 27.000 euro ingurukoa da (urtero). Horrekin ikasketak, liburuak, apartamentuko errenta eta janaria ordaintzen dut. Hegazkin txartelak nik ordaintzen ditut, beraz, imaginatu zein garestia den unibertsitateko matrikula. Orain ia egunero entrenatzen dugu, batzuetan goiz eta arratsaldez; ikasketak eta futbolak eguneko ordu gehienak betetzen dizkigu. Denbora gutxi daukagu kanpora irtetzeko.

 

-AEBetako ikasleen bizitza hemengoen antzekoa al da?

Unibertsitatea filmeetan bezalakoa da. 40.000 ikasleko kanpus ikaragarria: giza-arraza ezberdinak, janzkera estilo nabariak, kotxeetako lehiatilak behean musikaren soinua ozenki daramaten beltzaranak... Ikasle gehienak ez dira bertakoak, eta erresidentzia edota apartamentuetan bizi dira (gurasoen etxetik kanpo). Asteburuetan, ikasle askoren denbora pasa etxean mozkortu eta diskoteka batera joatea da. Hemen oso zurrunak dira alkoholarekin (21 urte izan behar dituzu edozer edateko eta lege hori betetzeko diskoteka eta pubetan polizia dago), eta etxeetan jai pribatuak ospatzen dira. Ikasle-kirolariek, aldiz, beste bizitza bat daramagu. Asteburua liburuetatik urruntzeko erabiltzen dugu, eta baita apur bat lasaitzeko, baina beti futbola buruan dugula. Hori Euskadin ere gertatzen da.

 

-Film batzuetan oso polita ikusten dira AEBak. Albistegietan, ordea, errealitatea beste bat da. Nolakoa da zure inguruan?

 

AEB-ak bere gauza onak ditu, baina baita txarrak ere. Amerikarrek uste dute herrialde boteretsua izateagatik munduko onenak direla, beti arrazoia izan behar dutela, eta hori nabaritzen dudan bakoitzean amorratu egiten naiz. Leku batzuetan ez didate pasaportea onartzen (dokumentu ofiziala izan arren), eta momentu horretan papelik gabeko etorkin bat bezala sentitzen naiz. Munduko zilborra direlakoan daude, haientzat beste herrialdeak ez dira existitzen. Hasieran gogorra da, baina pixkanaka pixkanaka gizarte horretara ohitu eta hobeto eramaten dituzu gauzak.

 

-Zer da faltan gehien botatzen duzuna?

 

Familia, lagunak, janaria eta kotxea. Beno, eta Euskal Herrian bizitzea, noski! Kanpora irtetzen zarenean ohartzen zara zein ondo bizi garen hor...

 

-Eta zer daukaten han, hemen ez daukaguna?

Kirol instalazio ikaragarriak. Gure kasuan, esaterako, futbol zelai ederra daukagu (guretzako bakarrik eta oso zaindua), aldagela paregabea (28 takilla, 3 narruzko sofa, 2 ordenadore, musika aparailua, Telebista, DVDa, telefonoa, oinetakoentzatko lehorgailua...), jakuzzia, gimnasioa... Emakumezkoen futbolan ez dut inoiz horrelako gauzarik ikusi. Eta beste kiroletarako ere instalazio paregabeak dituzte. Atleta guztientzako eraikin bat dago, eta hor behar dugun edozer daukagu: tutorea, ordenagailua, fotokopiagailua... Bidaiak ere hegazkinez egiten ditugu eta maila handiko hoteletara eramaten gaiztuzte. Material piloa jasotzen dugu (Nike-i esker), taldeko arropa guztia garbitzen digute... Pribilejiatuak gara.

 

 

-Webgune bat ere badaukazu. Zergatik?

AEBetara etorri baino lehen sortu genuen, Gurenet enpresak diseinatua. Programa bati esker, hemendik zuzenean idatzi dezaket, baita argazkiak ipini ere. Gehienbat, AEBetan emakumezkoen futbola nola bizitzen den jakinarazteko sortu zen. Gazte asko ez dira pausu hau ematera ausartzen, hemen zer aurkituko duten beldur. Nire esperientzia irakurrita ideia bat egin dezakete, eta ez soilik emakumezkoen futbolaren inguruan, baita beste kirol arloetan ere.

 

-Zergatik hasi zinen zu futbolean jokatzen?

Nire etxean txiki-txikitatik ikusi dut futbol asko. Zuzeneko partidak, telebistakoak, nire lehengusua eta bere lagunak gure etxe aurreko zelaietan... Nahiago nituen baloiak panpinak baino. Eta azkenean, futbolari egin nintzen.

 

-Gizonezkoen futbolak duen oihartzunak inbidiarik ematen dizu?

Ba bai, oihartzun pixka bat gehiago emango baligute... zein pozik ibiliko ginateke! Edozer gauza emango nuke Athleticeko gizonezko jokalariek duten bizitza izateko. Baina errealista izanda, ez dut uste horrelako gauzarik ikusiko dugunik (nik behintzat jokalari bezala ez). Hala ere, espero dut gure egoerak pixkanaka hobera egitea, baina hain zaila da... Asko borrokatu behar da zeozer gutxi irabazteko.

ber37_3.jpg

 

 

-Gizonezkoen futbolaren inguruan mugitzen den dirua eta interesak nola ikusten dira zuen ikuspegitik?

Uste dut gizonezkoen futbolak muga gainditu duela. Jokalariak merkantzia bezala tratatzen dituzte, dirua egiteko produktu bat bezala. Askotan interes pertsonalak klubaren gainetik jartzen dira, eta horrek kalte asko egiten dio kirolari.

 

-Athleticekin 100 partida jokatu dituen lehen emakumezkoa zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Gaztea izan arren entrenatzaileak niregan konfiantza duela. Eta zortea izan dudala lesioekin, urtean gehienez 3-4 partida soilik galdu ditudalako.

 

Hala ere oso gaztea zara oraindik. Hiru Superliga irabazi ondoren eta AEBetan jokatu ondoren, anbiziorik ba al duzu?

Jakina! Ezin naiz kexatu, 21 urtekin esperientzia asko izan eta gauzak ondo irten zaizkidalako, baina nik izan nahi dudan jokalaria izateko asko hobetu behar dut oraindik. Zentzu horretan oso ondo datorkit AEBetan bizitzen ari naizen esperientzia. Egunero ikasten da zerbait. Athleticekin Kopa irabaztea da nire hurrengo erronka. Epe luzean, Olinpiar Joko batzuetan parte hartzea gustatuko litzaidake.

 

-Lehen baziren Euskal Herrian Añorga, Leioa eta Eibartarrak-en moduko emakumezkoen taldeak, baina gizonezkoen taldearen izenak sartu direnean hasi da ospea hartzen euskal emakumezkoen futbola. Zer du horrek alde eta zer kontra?

Alde, komunikabideak gehiago interesatzen direla, klub profesionalek baliabide onak dituztela eta baita jende asko mugitzen dutela. Kontra, beti gizonezkoen gerizpean gaudela eta klub batzuk ez diotela emakumezkoen futbolari inolako garrantziarik ematen.

 

-Topiko asko al daude emakumezkoen futbolaren inguruan?

Betidanik topiko tipikoena izan da futbolariak marimutilak garela, baina zorionez pixkanaka-pixkanaka hori ere aldatzen ari da. AEBetan adibidez ez da inoiz horrelakorik entzuten. Munduko gauzarik normalena da haientzat emakume bat futbolean aritzen ikustea.

 

-Jokatuko al zenuke gizonezkoen talde batean?

Lagunekin denbora pasan bai, baina inoiz ez txapelketa batean. Ezin gara gizonezkoekin parekatu, fisikoki askoz ere indartsuagoak baitira. Akats handia izango litzateke neska bat hori egiten saiatzea. Emakumezkoen futbolari, eta edozein kirolari, min handia egiten dizkiote konparaketak.

 

-Quiero ser como Beckham filmean gurasoek ez diote protagonistari futbolari izaten uzten, emakumezkoa izateagatik. Zure kasuan horrelakorik gertatu zaizu etxean edo etxetik kanpo?

Etxean beti animatu naute futbolean jokatzera. Etxetik kanpo zailagoak izan dira gauzak, emakumea izateagatik zeozer lortzeko gehiago borrokatu behar duzulako. Baina zaila da egun batetik bestera gizartea aldatzea eta traba asko gainditu beharko ditugu oraindik ere.

 

-Maiatzean Athleticera itzuliko zara Espainiako Kopa jokatzeko. Titulu hori falta duzue zuri-gorriek. Iritsiko al da?

Aurten oso motibatuta ikusten dut berriro jendea, indarberrituta. Ezin dizut ezer ziurtatu, kirolean gauza asko hartu behar baitira kontutan (are gehiago maila horretan), baina nik behintzat inoiz baino ilusio handiagoarekin hartuko dut txapelketa hau.

 

-Eta gero zer asmo duzu?

Beste urtebeterako beka daukat AEBetan, baina oraindik ez dut erabaki zer egingo dudan. Hurrengo hilabeteetan gauzak nola doazen ikusi eta gero hartuko dut erabakia.

Iraiaiturregi.comber37_4.jpg

Jon Ordoñez

2007, Otsaila 01
Arloa: Berba Bi