Haizea bezain azkarrak
Azkar ibili ahal izateko hegan egin behar omen da. Korrika goazenean bi oinak airean geratzen dira une batez, horrela lortzen dira munduan diren marka guztiak. Patxi Peula edo Joseba Fernandez kirolariek, ordea, hegan bezain azkar joateko ez daukate oinak lurretik altxa beharrik. Bere gurpildun zapatilen gainean inor baino azkarrago mugi daitezke. Are gehiago, ez dago munduan haiek baino azkarrago doanik, Rosarion jokatu berri den munduko txapelketan urrezko domina irabazi baitute, baita batek eta bai besteak, 10.000 eta 500 metroko lehiaketan, hurrenez hurren.
Inork gutxik ezagutuko du ziur asko patinajearen kirolak mundu mailan duen oihartzuna, are gutxiago Euskal Herrian daukan eragina. Peula eta Fernandez dira dudarik gabe euskal ordezkaritzaren izen esanguratsuenak, nahiz eta apenas daukaten errelebantziarik kirol panoraman.
Atzerrian, ordea, Patxi Peularen izenak, esaterako, badauka bere eragina. Irabazi berri duen dominak, inor gutxi harritu du eremu patinzale hortan, izan ere, Europako txapeldun hainbatetan izan da Peula, eta munduko tontorra hartzen duen lehen aldia bada ere, faborito nabarmenetarikoa zen proba hasi aurretik. Ondoren, haizea baino azkarrago jardun ondoren, Alex Cujavente kolonbiarra eta Ewen Fernandez frantziarra gainditzea lortu zuen. Ez da munduko txapelketa hontako momentu gozo bakarra izan arabarrarentzat, izan ere, zilarrezko domina batekin ere bueltatuko da Euskal Herrira, 20.000 metrotako distantzian, eta baita brontzezko beste bat ere, zirkuito kanpoko 10.000 metroetan. Joseba Fernandez ere izen boteretsua da munduko patinajean, eta lehen postu batekin batera, zilarra ere ekarri du 200 metroko erlojuaren aurkako probatik. Oso uzta oparoa, beraz, euskal patinajearentzat, orotara bost metal lortu baitituzte Peula eta Fernandezen artean.
Joseba Fernandezek ezagutzen zuen sentsazioa zen (2012an ere urrezko dominarekin itzuli zen Italiako munduko txapelketatik), eta Peula arabarrarari, horrenbeste urtetan maila ezinhobea eman ondoren, iritsi zaio patinajearen gailurra ukitzeko aukera.
Pause botoia sakatu dezagun une batez, eta ondoren atzera abiada bizian egiten duen botoia. Joan gaitezen 19 urte atzera, Patxi Peulak 7 urte bete zituen momentura. Egun hartan jaso zituen, urtebetetze opari gisa, bere lehen patinak. Momentu hartararte futbola zen bere pasio eta grina, eta txiki izanagatik ere, gurpilak beharrean hanketan baloia eramateko dohainak bazituen. Halere, patinak jazteaz bat, futbola uzteko erabakia hartu zuen gasteiztarrak. Berriro ere buelta gaitezen gaur egungo garai hontara, eta galde diezaiogun Patxi Peulari, primerako kirolaria dela erakutsi ondoren, nahiagoko lukeen futbolaren izar izan, kirol minoritario batetako ordezkari beharrean. Argi dio du berak ez dakiela nora irits zitekeen futbolaren munduan, baina patinekin bizi izan duena beste ezerengatik ez lukeela aldatuko.