Efren Vazquez - Motoziklista
Arriskuan pentsatuko banu, erori egingo nintzateke
- Bilbon jaioa, 1986. urtean. 20 urte ditu orain.
- 4 urterekin igo zen moto batera lehen aldiz.
- Munduko txapelketan aritzea amesten du.
- Herri Torrontegi du maisu eta eredu, inoiz izan den euskal motoziklistarik onena.
Efren Vazquez kirolari bilbotarra 125 cc.-etako Aprilia motoarekin aritzen da Espainiako Txapelketan, eta ekainaren 17an du hurrengo karrera, Xerezen (Espainia). Herri Torrontegiren oinordekoa izatea gustatuko litzaioke.
Zer da motoziklismoa zuretzat?
Kirol moduan hasi nintzen, eta gaur egun nire bizimodua da. Denbora osoa horri eskaintzen diot.
Noiz igo zinen moto batera lehen aldiz?
4 urterekin. Aitak minimoto bat oparitu zidan, eta 7 urterekin hasi nintzen lehiatzen, Bizkaiko eta Euskadiko txapelketetan. Orduan minimotoak modan zeuden eta haur asko aritzen ziren. Ondo aritzen nintzela ikusteak aurrera jarraitzera bultzatu ninduen.
Zer behar da motoziklista ona izateko?
Batez ere amore ez ematea, burugogorra izan behar da. Kirol honetan momentu onak eta txarrak daude, eta egin nahi duzunari eustea erronka da askotan. Beste guztia baldin baduzu ere, etsi egiten baduzu, ez duzu ezer.
Zer iritzi dute gurasoek motoziklismoaz eta abiaduraz?
Gurasoak motozaleak badira, ulertzen dute zuri ere motoak gustatzea. Behe-behetik hasi nintzen motoetan, eta pixkanaka egin dut gora. Ez naiz bat-batean hasi abiadura hanietan.
Zer gustatzen zaizu gehien?
Abiadura, arriskua, lehiakortasuna… Irteera hartu aurretik dena ematea besterik ez dut pentsatzen.
Eta zirkuituetatik kanpo ere gustatzen al zaizu abiadura?
Bai, baina karrera baten ondoren leher eginda egoten naiz, eta ez da abiadura gehien gustatzen zaidana.
Autorik edo motorik baduzu?
Ez, lehen ziklo-motoa nuen, baina orain ez, erori eta minik ez hartzeko. Errepidea arriskutsua da.
Eta zirkuituak ez al dira arriskutsuak?
Ez dut horretan pentsatzen, asko pentsatuz gero azkenean erori egiten zarelako. Azkarrena izatea soilik pentsatzen dut.
Nola entrenatzen da mozoziklista bat?
Motoan gutxi aritzen gara. Kartingeko zirkuitutan aritzen naiz batzuetan supermotard estiloan, merkeagoa delako. Baina, gainerakoan txirrinduan eta gimnasioan aritzen naiz. Fisikoki ondo egotea da irabazteko gakoetako bat.
Eta besteak?
Zorte ona izatea, babesa…
Bi urtez motoziklismoa utzi zenuen. Zer pentsatzen zenuen orduan?
Aurrekontua garestiegia zen, eta uztea erabaki nuen. Areto-futbolean jokatu nuen, eta, egia esan, ez nuen pentsatzen berriro moto batera igoko nintzenik. Ondoren, ordea, Movistar Junior Cup antolatu zuten, eta 5.000 gidarien artean seigarren geratu nintzen. Hor iritsi zitzaidan beste aukera bat.
Hainbat taldetan egon zara, baina aurten Meteoni Racing taldean Herri Torrontegi duzu zuzendari. Zer moduz berarekin?
Oso ondo, ezin hobe. Asko laguntzen nau, bere garaian berak izan ez zuen laguntza, hain zuzen ere. Jendearen, hedabideen eta iritzi publikoaren babesa daukat, eta horrek azkarrago gidatzen laguntzen nau.
Bilboko Udalaren laguntza ere baduzu, eta Bilbao izena daramazu motoan. Nor edo zer ordezkatzen duzu?
Bilbo ordezkatzen dudala esango nuke. Udalak eta BBK-k asko laguntzen naute, eta ni, gainera, bilbotarra naiz, Errekalde auzokoa. Normalean kanpoko taldeetan aritu izan naiz korritzen, baina orain Bilbon nago.
Torrontegik ikurrinarekin ospatu zuen Munduko Txapelketako karrera baten garaipena. Pentsatu al duzu zuk horretara iritsiko bazina nola egin?
Ez dut horretan pentsatzen. Gainera, hori momentuan bertan erabakitzen den gauza bat dela iruditzen zait. Baina, une honetan, Bilboko bandera aterako nuke ospakizunetan. Hemengoa naiz, eta hemen jaso dut babesa. Originala izango litzateke, gainera.
Zure helburua Munduko Txapelketan aritzea al da?
Bai, lehenbailehen iritsi nahi nuke, baina ez dut horretan pentsatu nahi. Hirugarrena naiz orain Espainiako 125 cc.-etako Txapelketan, eta denboraldi amaieran goiko postuetan banago, badakit Munduko Txapelketara egingo dudala jauzia. Oraingoz, lana egin nahi dut, gora iristen ez banaiz, ez dadila nigatik izan.
Aukera hori benetakoa da?
Bai, bene-benetakoa.
Batzuk gazteago egiten dute jauzi hori.
Bai, baina Espainiako Txapelketatik eginez gero, arazorik ez dago nire adinean egiteko ere. Izan ere, Espainiako Txapelketa da Mundukokoaren antza gehien duena.
Torrontegiren oinordeko sentitzen al zara?
Gustatuko litzaidake bere oinordekoa izatea, eta berak irabazi duena irabaztea. Oraintxe adostuko nuke, nire eskuetan balego. Zorte txarra izan zuelako ez zen munduko txapeldun izan. Baina harrezkero ez da egon bera bezalakorik.
Merezi al du bizitza motoziklismoari ematea, zure adinean beste gauza batzuk baztertuz?
Bai, motoziklismoa gustatzen zaidalako. Nik, gainera, denetarako aurkitzen dut denbora: lagunentzako, bikotearentzako… Hau da nire lanbidea, eta urte askoan izatea nahi dut. Jendeak ulertzen du; egoista ere banaiz neurri batean.
Egoista izan behar da?
Egoista ez, baina norberak bere buruari begiratu behar dio, besteek ere horrela egiten dutelako. Gainera, zortea izan dut Herrik (Torrentegik) ere nigan pentsatu duelako.
Jon Ordoñez