Urrezko banku mugikorra
Arraunak ikuskizuna eta emozioa proportzio berdintsuetan eskaintzen du aurtengoan. Hondarribia eta Orioren arteko borroka lidertza jokoan dela, Urdaibairen erakustaldiak edo Kaikuren nohizbehinkako garaipen aipagarriek aspaldiko urteetan izan den ACT liga berdindu eta grinatsuena ekarri digute.
Baina lerrootako xedea ez da Kantauri inguruko arraunaz mintzatzea, ez eta traineruaren mundu aberats hori jorratzea. Euskal Herritik urruti, bi euskal arraunlarik urrezko domina lepoan dutela arrakasta lortu dute munduko txapelketan, banku mobilaren arloan. Ander Zabala eta Imanol Garmendia, biak Orioko kirolariak garaile suertatu dira lemazain gabeko laukoan, Varesen, Italian jokatu berri den 23 urte azpiko lehiaketan. Bi euskaldun, andaluziar bat (Alvaro Romero) eta galiziar bat (Jaime de Haz). Txiste herdoildu horietako baten hastapena ematen duen horrek lan bikaina burutu du Vareseko lakuan, eta bere faborito etiketa horrek eragin ohi duen presioa albo batera utzita, bazterrean utzi dituzte Italia eta Britainia Handia, urrea eskuratzeko beste hautagai zirenak.
Orioko arraun taldeko bi ordezkarientzat arantza ateratzea da garaipen hauxe, izan ere, biek domina gertu izan zuten iaz Linzen, Garmendia laugarren sailkatu baitzen kategoria hontan bertan, podiumetik hamarren batzuetara soilik, eta Zabala seigarren skull bikoitzean. Beraz, Austriatik zapore garratzez Euskal Herrira buelta gauzatu bazuten iazko uda hartan, oraingo hontan irrifartsu gauzatu dute etxerako itzulia.
Urrezko dominaren balioaz gainera, biek bere adierazpenetan banku mugikorraren inguruan bere garaian eginiko apustua azpimarratzen dute. Akaso Euskal Herrian, Orio bezalako herri arraunzale batean zer esanik ez, traineruak eta banku fijoak daukaten tradizioa kontutan izanda, untzian mugitu egiten den eserlekuaren disziplina, teknikoki horren desberdina, ez da apenas ezagutzen, eta bi arraunlari hauen jarduna, eta beste hainbatena, itzalean geratzen dela ematen du. Edozelan, ohiko apustua egin gabe arriskatu izanaren balioa onartzea ezinbestekoa da, eta bistan den bezala, emaitzek egindako lanaren eta erabateko dedikazioaren etekina adierazten dute.