Igor - Bateriajolea
Euskal Herria zabalagoa da orain musika kontuetan
- Delorean Euskal Herriko talde arrakastatsuenetakoa da gure mugetatik kanpo
- Zarauztarrak izan arren, Bartzelona bildu eta jotzen dute
- Hainbat disko eta EP gehiago kaleratu dituzte, beti kanpoko zigiluekin
- Euskaldunak izan arren, ingelesez kantatzea normala iruditzen zaie
Into the plateau diskoarekin goia jo dute. Diskoteketan entzuten da, tabernetan entzuten da, irratietan entzuten da, Interneten entzuten da.
Badira zenbait urte Delorean sortu zenutela, zein izan da zuon ibilbidea?
Orain dela zazpi urte sortu genuen taldea, hasi ginenean pop talde bezala hasi ginen. Hasieran gainera, instrumentuaren dominiorik ere ez genuen, baina piskanaka piskanaka ikasten zoaz, garapen bat dago musikan, eboluzio bat. Eta momentuz hona heldu gara.
Tartean hainbat disko ezta?
Bai, orain arte hiru disko luze eta EP batzuk argitaratu ditugu, bai.
Zarauztarrak zarete taldekide guztiak, nondik dator zuetako bakoitza?
Unaik eta biok duela 12 urte ekin genion batera jotzeari. Ekhi eta Tomasek ere izan dituzte beraien taldeak. Denok kuadrila berekoak gara, Zarautzeko musika lokaletan giroa egoten da, eta horrela sortu ginen gu ere.
Zarauztarrak zarete, baina Bartzelona aldetik zabiltzate gehienak, ezta?
Bizitzen gaude han, ikasten, neskalagunak bertan ditugu, ez dira arrazoi musikalak. Ez dezala pentsa jendeak musikagatik jo dugula Bartzelonara. Tartean dira ikasketak, bizitza bera.
Musikaren erritmo berrienak uztartzen dituzue kitar doinuekin, punk esentzia eta ukitu modernoa dituzte zuen kantuek... zelan konposatzen dituzue?
Ez da aurretik erabakitako zerbait, atara egiten zaigu. Badakigu zer egin nahi dugun, musika konposatu, inprobisatu eta lokalean ateratzen dena egiten dugu. Errepika eta errepika... kantuak ataraz.
Hainbat disko plazaratu dituzue azken urteotan, azkena "Into the plateau" dantzagarriena, elektronikoena atera zaizuela ematen du... hori izango da zuen bidea aurrerantzean?
Egia esan ez dakit. Azken diskoetan ikusten da bilakaera hori, eta disko hau aurreko EParen jarraipen naturala izan da. Ez dut uste nik, derrigorrez musika elektronikora makurtuko garenik. Beste zerbait ezberdinagoa aterako zaigu beharbada.
Arrakastatsua suertatu da ezta?
Salmenta aldetik beharbada ez, baina oihartzun aldetik ez dago dudarik. Gehiago jotzen dugu orain, gehiago entzuten da gure musika. Elkarrizketak eta ugari eman ditugu. Agian, aurreko diskoa gehiago salduko zen, baina oraingoan izan dugun oihartzunak ez du parekorik.
Eta entzun? zer entzuten duzue furgonetan, edo etxean, edo gauez zabiltzatenean?
Furgonetan ekipo oso kutrea daukagunez, ia ez dugu ezer entzuten, txarto baino txarrago entzuten delako. Taldeko laurok zeharo ezberdinak garenez, bakoitzak bere kontuak entzuten ditu. Nik adibidez, normalean musika elektronikoa baino ez dut entzuten, techno musika ugari. Ekhik hip-hop asko entzun ohi du, bluesa ere bai, kitar doinuak... -berak baxua jo arren, bereziki kitarrista da-. Nik ez dut ezberdintasunik egiten musika estiloen artean, dena musika denez, ez ditut bereizten gaua, eta goiza, eta horrelakoak...
Rockarekin hasi zineneten, baina denetarik ikusten ahal da zuen diskoetan...
Lehenengo diskoak adibidez, 90. hamarkadako ikutu asko zeuzkan. Egia da ere, lehen diskoan adibidez, norberak ez daukala nahi duena egiteko gaitasuna edo kualidadea... baina ukitu hoiek hor daude. Baina denborarekin nahi duzuna, ahal duzuna egiten duzu. Garapen logikoa izan da gurea, lehenengo diskotik gaurdaino ez dago horrenbesteko aldaketarik. 90. hamarkadako erreferentziak izanik, musika elektronikoa eta... teknora jauzi egitea normala ere bada. Linkatuta bezela daude egiten dugun musika eta bizi dugun garaia.
Zuzenean ere gogotsu ari zarete, Euskal Herrian ere inoiz baino gehiago beharbada?
Bai, Sagarrondotik, Euskal Herria Zuzenean kontzertuetan gaude. Egia da, eta ematen du piskanaka Euskal Herrian gauzak aldatzen ari direla. Asko asko ere ez, baina lehenagoko egoerarekin alderatuta badago ezberdintasuna. Espero dugu aurrerantzean ere horrela izatea. Jendea ari da prejuizioak gainditzen. Gure herria oso itxia izan da musika kontuetan, eta orain zabalagoa da, dudarik gabe. Gauzak piskanaka aldatzen ari dira, eta ea horrela jarraitzen duen.
Eta kanpoan zer moduz? Nondik ibili ohi zarete? Non jotzen duzue gustoren?
Kanpoan, adibidez Espainian ondo. Alemaniara bost aldiz joanak gara, Norvegian ere izanga behin, Mexikora joateko aukera izan genuen eta Frantziara asko joaten gara. Kanpora goazenean, beti ezustekoak hartzen dituzu. Alemanian adibidez ez da gauza bera lehenengoz joan edo orain. Hasieran jende gutxi dago ikusten, baina bostgarrenean beste gauza bat da. 100 lagun egongo dira zu ikusten, eta pozik zaude horrekin. Han talde ezezaguna zarenez, bideak jorratu beharra dago. Gainera kanpoan, denetarik gertatzen zaizu. Kontzertuen inguruen gertatutakoak dira bitxienak horrelakoak, Mexikon adibidez lapurtu egin ziguten. Guk geuk ere, egin ditugu gureak hor kanpoan.
Sarritan galdetuko dizuete hizkuntzarena... euskaldunak zaretela, ingelesez ondo kantatzen duzuela...
Bai noski. Guk ez dugu euskal musikarik entzuten. Euskaraz baino ingelesez entzun dugu beti musika. Hori da guretzat normalena. Ez genuen pentsatu ere egin euskaraz kantatzerik, berez atera zitzaigun ingelesez kantatzea.
Udan jotzen ibiliko zarete ziurrenik, eta uda osterako ze asmo?
Azken bi urteotan asko jo dugu. Baina hala ere bananduta gaude. Ni Japonen bizi izan naiz duela gutxirarte, Ekhi Parisen dago ikasten. Gutxi ikusten gara, ez bada kontzertuetarako. Hemendik aurrera berri batzen hasi, lanean ekin, eta piskanaka piskanaka ea disko on bat egiten dugun; edo maxi on bat gutxienez. Ahal duguna egingo dugu.
Batez ere kontzertuetarako batuko zarete orduan.
Bai, ia astebururo ari gara kontzertuak ematen. Eta kontzertua non, inguruan batzen gara. Katalunia aldeko kontzertuetarako Bartzelonan batzen gara, han daukagu gure lokala eta han batzen gara. Kontzertuen aurretik beti entseguak egin ohi ditugu. Euskal Herrian jo izan ezkero, Zarautzen lagunei eskatzen diegu jotzeko uzteko. Eta Zarautzen batzen gara. Udan gainera asko joko dugu.
Argazkiak: Delorean