Aritz sound system - Disko jartzailea

Kontaizu

ber43_1.jpg

Nire bizitzaren %85a musika da

  • Hernaniko musikazalea, reggae doinuak eta musika beltza maite ditu orohar
  • Musika kritikoa eta kazetaria, Gaztezulo, Entzun, Info7 eta Molotoff irratietan ari da
  • Disko jartzaile (dj) bezala ezaguna da Euskal Herri osoan
  • Selektah kolektiboko sortzailea izan zen, Hip Hop tailerrak antolatzen ditu orain

Hernaniko musikazale honek egiten duen guztiarekin gozatzen du eta horregatik pribilegiatua sentitzen da.

ber43_2.jpg

 

Zeintzuk izan dira zure bizitzako hiru diskorik garrantzitsuenak?

Garai bakoitzak bere musika izaten du. Niretzako, oso garrantzitsua izan zen Bob Marleyren Kaya diskoa esate baterako, berarekin murgildu nintzen reaggaearen munduan. Bestetik, Michael Frantiren Stay human diskoa ere oso gomendagarria iruditzen zait. Hirugarren disko gisa, Selektah Kolektiboaren lehenengoa aipatuko nuke, musikalki baino esperientzia pertsonalagatik.

Musika jartzen ibiltzen zara handik hona; zer da beharrezkoa DJ sesio on bat egiteko?

Batez ere, gustatzen zaizun musika jendeari erakusteko gogoa izatea. Era berean, jendea beharrezkoa da ere, baino ez kopururen aldetik, gogoaren aldetik baizik. Ondo pasatzeko gogoa izan behar dute eta musika estilo ezberdinetara irekia.

Txosnak, tabernak, klubak, frontoiak… non da lekurik egokiena zure sesio bat entzuteko?

Frontoiak ez, ez dute batere akustika onik. Lekua inportantea da, baina jendearen esku dago dena. Nik jorratzen dudan musikarentzat, leku itxiak dira egokienak, txikiak goxoak eta ilunak, dantzarako parada ematen dutenak.

Musika denda batean lanean aritu ostean, Euskal Herrian 80. hamarkadako ghettoan jarraitzen dugu musikalki?

Euskal Herrian musika asko egiten da eta oso zabaldua dago gainera. Musika zuhaitz bat baldin bada, nagusiki adar batzuk nabarmentzen dira soilik, besteak loratzeke daude oraindik. Denborarekin adar horien koloreak ikusiko ditugu, eta horrek aberastasuna ekarriko du. Musika beltza edo elektronikoa baliteke ghetto antzeko batean egotea.

 

Alex Ubago, David Bisbal edo horrelako zerbait eskatzen dizutenean, zer pasatzen da zure burutik?

Lan asko daukagula egiteko oraindik. Ziur nago, horrelako disko bat entzun nahi duenari informazioa eta aukera gehiago emanez gero, beste zer edo zer hartuko lukeela. Askotan bezeroak ikusten duena eskatzen du, eta publizitate kanpainek garrantzi handia dute zentzu horretan.

Musika inguruan bizi zarela esan daiteke: musika denda daukazu, diskoak jartzen dituzu, zenbait aldizkarietan kazetari moduan zabiltza… Zuretzat, noiz da pause botoia sakatzeko unea?

Zergatik pause? Hori baldin bada gustuko duzuna, aurrera beti. Egiten dudan guztiarekin gozatu egiten dut. Azken batean pribilegiatu bat naizela badakit, ekonomikoki latza baldin bada ere, nahi dudana egiten bizi naizelako. Nire bizitzan ehuneko laurogeita bosta musikaren inguruan dabil. Batzutan nabaritzen duzu saturazio bat, deskantsatzeko beharra, baina hori ere musikaren inguruan egiten dut.

Musikazale bezala, zer diozu CDen prezioen inguruan?

Desoreka handia dago CDak balio duena eta azken salneurriaren artean. Ezin da ukatu. Bitartekari asko gaude bidean eta horrela igotzen dira prezioak. Ez dago benetako orekarik. Egongo balitz, prezioak apalduko lirateke eta denen onurarako izango litzateke.

Pirateriak, musika taldeak eta dendak hiltzera kondenatzen ditu. Ados esaldi horrekin?

Musikari kalte gehiago egiten dio CDen salneurriak, pirateriak baino. Ziur nago prezio merkeagoekin, pirateria gutxiago egongo litzatekeela. Azken batean, denok nahiago dugu CD originala eskuan izatea, kopia bat baino. Diru kontua da azkenean. Hor atzean eztabaida handia dago, eta askotan hitz egitera eseri beharrean, ekidin egiten dugu arazoa. Gehiago eztabaidatu beharko genuke honelako gaien aurrean. ber43_3.jpg

 

Argazkiak: Gaztesarea

Kontaizu

2007, Abuztua 01
Arloa: Berba Bi