“Lorpen propioek baino, ilusio gehiago egingo lidake Euskal Herrian puntako 15 pilotu egongo balira”

  •  Igor Urienek (Abadiño, 1994) auto gidaritza zainetan darama. Txikitan kart batetara igo zenetik argi ikusi zuen bere bidea autoetatik gertu egongo zela. Ingenieritza ikasle, etorkizun distiratsua iragartzen diote motor munduko adituek.
  •  Mailaz maila igotzen joan da, eta azken denboradan F3an lehiatu da, 1 Formula entzutetsutik bi maila eskasetara. Bere lorpenen artean FIA Radical Masters-ean lorturiko hirugarren postu esanguratsua.
  •  Denborada honi begira lasterketetan aritzeko patrozinatzailerik ez du lortu. Gauzak horrela, epe motzera ez du txapelketarik aurreikusten. Garaien estuasunek kaltetzen duten kirolari zerrendan azkena da Igor Urien.

- 19 urte dituzu, eta munduan diren hainbat zirkuito garrantzitsutan arrakastak erdietsi izan dituzu. Gustora momentuz lorturikoarekin.

- Bai, oso gustora, urte guzti hauetan lorpen anitz izan ditut, etxean egindako lan askoren ondorio direnak. Pozgarria da irabazitakoa behatzea.

- Pentsa daiteke, kanpotik ikusita, 19 urterekin motorraren mundu hontara iritsi berri zarela, baina kontrara, urte ugari daramazu...

- Egia esan 6-7 urte nituen kart-etan hasi nintzenean, eta ordutik ez naiz mundu hontatik aldendu, eta kategoria desberdinak ezagutu ditut. Ez naiz sekula geldirik geratu!

- Kart-en hastapen hortatik hainbat urrats, azkenik Formula 3 hortara iritsi zaren arte. Desberdintasunak handiak dira ibilgailu desberdinen artean, edo gidaritzaren komuneko aspektua inposatzen da azken finean?

- Oinarria berdina da. Auto bakoitzak bere gauzak ditu eta eskua hartu behar diezu, baina funtsean ibilgailu desberdinek eskatzen dutena oso bateratuta dago. Kart batetik kotxe batera aldea badago, baina behin prototipoa ezagututa, oso antzeko gidatzen dira.

- Zure burua definitu beharko bazenu, zein da asfaltoaren gainean duzun ezaugarri berezkoena? Zein eratako pilotoa zara?

- Beti esan izan dut egoeraren araberako pilotoa naizela. Galtzeko asko daukadan uneetan arrisku gehiegi ez hartzen saiatzen naiz, baina normalean, txapelketa hastapenetan batez ere, nahiko agresiboa izaten naiz.

- Hautatu duzun disziplina hauxe arriskutsua dela ezin ukatu...beldur puntu hori desagertzen da?

- Nik uste beldurrik ezin zaiola izan. Halere, erabateko errespetua diogu gerta daitekeenari, zure buruari gerta dakiokeena oso kontutan hartu, baina egia da bestalde, gaur egun erabiltzen den segurtasuna inoiz baino garatuagoa dagoela. Horrek lasaitasun handia ematen du.

- Sustoren bat izango zenuen noizbait...

- Bai, gure kirolaren parte ezinbestekoa da, baina zorionez anekdota bezala geratu izan dira. Autoa probatzen dugunean, esaterako, mutur muturrera eramaten saiatzen gara, eta halakoetan pista irteerak oso ohikoak izaten dira.

- Beldurra izan behar ez dela esan diguzu lehen...etxekoek, maite zaituztenek, horren erraz ez dakit barneratuko duten.

- Nik beti lasaitasuna trasmititu izan diet istripu posibleen aurrean. Azken finean, etxean denok bizi dugu kirol hauxe, are gehiago, etxetik jaso dut nik jarduera honekiko maitasuna.

- Esan genezake euskal testuinguruan motorrarekiko, edo gutxienik eserleku bakarrekoekiko tradizio handia ez dagoela...

- Ez...tamalez hala da. Kataluniarekin alderatuko bagenu, esaterako, han motorrekiko bizimodua askoz ere handiagoa da, eta horregatik motorrekin dabilenari gehiago laguntzen zaio. Horrela ateratzen da horrenbeste piloto on. Laguntza eman ezean datorren kirolaria ezin daiteke urruti heldu. Norberaren esfortzuak mugak ditu, eta laguntza ezinbestekoa da jarraitu ahal izateko. Katalunian, burua estutu gabe bozpasei zirkuito esan ahalko nizkizuke Formula autoetan ibiltzeko egokiak. Hemen frontoiak ditugun bezalaxe han zirkuitoak dituzte. Askoz ere errazagoa da beraz horrela puntako jendea ateratzea.

- Dena den, zu euskaldun izanik urruti iritsi zara. Hemendik urte batzuetara Igor Urien izan daiteke akaso jarduera hontan aritu nahi duten gidarien ispilua?

- Ez dakit, ezin dizut esan... baina bai diotsut niri askoz ere ilusio gehiago egingo lidakeela Euskal Herrian 15 gidari egongo balira, parez pare lehian, nik arrakasta handiak lortzea baino. Hemen dagoen afizioa kontutan hartuta (zeren afizioa oso handia da) zirkuitoak eta azpiegitura onak egiteak sekulako poza emango lidake. Zentzu hontan esan beharra dago azken urteetan zabaldu den Nafarroako zirkuitoak laguntza handia ematen digula hontan gabiltzanoi. Hau gabe Katalunia aldera joan beharko genuke entrenamenduak burutzera.

- Gaztea zara, baina halere, etorkizuna dexente baldintzatuta daukazu, izan ere, koiuntura ekonomikoak bete betean harrapatu zaitu.

- Bai. Gure jarduerarako ezinbestekoa da bultzada ekonomikoa, eta patrozinatzaileek ahalbidetzen dute urrutira iristea. Hau gabe, niretzat ez da posible.

- Kanpotik ikusita ez dirudi zure emaitzak dituen norbait babesteko hautagaiak faltan egon beharko liratekeenik...

- Ba egia esan diru nahikotxo da, baina zerekin konparatzen duzun kontutan hartuta, akaso ez da horrenbeste. Berriro ere Kataluniako adibidera bueltatuta, nire kategorian dabilen piloto gehiago badaude, eta laguntza lortzeko arazorik ez daukate. Nola gustatuko litzaidakeen niri ere halako bat iritsiko balitzait! Badakit momentua ez dela erraza, baina laguntza heldu bitartean gogor entrenatzen ari naiz, unea heltzen denean %100 egoteko.

- Epe laburrerako erronkak beraz zeintzuk dira?

- Oraintxe entrenamendu gogorra baino ez zait planteatzen, testen bat egingo dut eta hauetan topera ibiltzen ahaleginduko naiz. Lasterketen eremuan momentuz ez daukat ezer itxita, baina ez naiz inolaz ere geldi egongo.

- Zeren zure ametsa zein da? Epe luzera, nora iritsi nahiko zenuke?

Momentuz nire ilusioa korritzen jarraitzea da, eta posible balitz azken urteetan ibili naizen bezala nazio arteko txapelketetan lehiakor aritzea.

- 1 Formularekin amets egitea zilegi da?

Oso zaila da... bultzada ekonomiko gabe 1 Formula hortara edo Le Mans batera iristeko laguntza heldu beharko litzateke. Horixe gabe argi dago ez dela posible.

- Eta hori agertuko balitz?

Ba orduan beste panorama bat litzateke. Argi dago babesa duzunean beste lasaitasun batekin lehiatzen zarela, eta gauzak berez ateratzen zaizkizula. Ez dakit, denborada borobilak egiten asmatuz gero, batek daki.

 

Iker Zabala

2014, Uztaila 06
Arloa: Berba Bi