Maider Likona - Informatikan Ingeniaria

Gorka Julio

ber45_1.jpg

 

  • Donostian Ingeniaritza Informatikako ikasketak amaitu berri ditu.
  • Software librearen inguruko ekimenetan parte hartu du Interneteko komunitatearen barnean.
  • Software librearen erabilpena teknikoak ez diren esparruetara eramatea da bere ametsa.
  • Bere helburuak lortu ahal izateko orain beste zenbaitekin batera GISA (Gipuzkoako Software Askea Elkartea) sortu du.

Software librea gero eta alternatiba zabal eta egonkorrago batean bilakatzen ari da, Maider hori gehiago zabaldu eta esparru guztietara hedatzeko gogoak ditu. Horretarako sortu berri duten GISA elkartearen bidez

ber45_2.jpg

 

Zure ikasketak eta orain arte profesionalki egindakoa pixka bat?

Bueno, pasadan urtean Informatikako ikasketak bukatu nituen Donostian, eta pare bat urtez Windows konpontzen ibili nintzen. Honek garbi utzi zidan ez nuela mundu horretan lan egin nahi, frustrazio handia eragiten zidan gauza bat konpondu eta hurrengo egunean ez ibiltzea, magia balitz bezala. Konturatu nintzen inork ez dakiela Windows konpontzen, eta nire ustez horrela ezin da lan egin, denbora guztian ilunean, ez dakizula ongi zer gertatzen ari den. Ni Linux erabiltzen hasi nintzen orain dela bost urte, bere ideologia interesgarria iruditu zitzaidalako. Hasieran nahiko zaila egin bazitzaidan ere, gaur egun gauzak asko erraztu dira. Gaur egun software libreari buruzko ikastaroak, instalazioak etab. egiten ditut.

Software librearen inguruan egin duzun ekimen interesgarriren bat?

Ekimen ezberdinetan hartu dugu parte. Adibidez, Martxoan Donostian antolatu zen Openaldian Linuxa instalatzen ibili ginen, eta orain beste ekitaldi bat antolatzen ari gara, Software librearen feria bat. Horrez gain Artelekun eta Donostiako Musika Eskolarekin lanean gabiltza bertan software libreko programak erabil ditzaten eguneroko lanean.

GISA (Gipuzkoako Software Askea Elkartea)elkartea sortu zenuten, azalduko zenizkiguke proiektu horren nondik norakoak eta zure papera bertan?

Orain dela bi urte lagun linuxero batzuk elkartu ginen eta software librea bultzatzeko elkarte bat muntatzea pentsatu genuen. Ideia hau buruan edukita, nola instalatzen eta erabiltzen irakatsi behar genuela ikusi genuen, eta horretan jarri ginen. Handik urtebetera ikastaroak ematen hasi ginen, eta lokal bat hartu genuen Oreretan. Niri asko gustatzen zait erabiltzaileekin egotea eta bere arazoak konpontzea, horregatik migrazio ikastaroak ematen ditut gehienbat. Teknikoagoa den ikastaroren bat ematea planteatuta daukat baita ere, azarorako.

 

Proiektu honen barnean zein ekimen eraman dituzue aurrera eta zein beste ekimen dituzue buruan?

Gu Debian GNU/Linux banaketa erabiltzen dugu, eta instalatzea errazten duen sistema bat sortu dugu, GISALive. Sistema honen bidez programa pilo bat instalatzen dira sistema eragilearekin batera, ordu erdi batean. Gehienbat multimediarekin lan egiteko pentsatuta badago ere, edonork erabiltzeko modukoa da. Instalazio lehenetsiarekin sistema eragilea eta programa pilo bat euskaraz agertzen dira. Artelekun jendeak erabiltzeko Linux batzuk instalatu ditugu eta harrera ona izan dute. Jendeak linuxetara joaten da nahiz eta Windows edo Mac sistemak libre egon, eta horrek irribarretxo bat ateratzen dit beti. Hortaz aparte ikastaro ezberdinak egin ditugu, migraziokoak, irudigintza edo audio digitala ... Datorren urterako ikastaro berriak prestatzen gabiltza, eta gustatuko litzaiguke herri ezberdinetan migrazio ikastaroak egitea, jendeak GNU/Linuxari beldurra gal dezan. Horretaz aparte software librearen inguruan lan egiten duten eragile ezberdinekin batera software librearen bilgunea muntatzen gabiltza. Ideia da ordenagailuarekin etengabe ez dabilen jendeak software librea ezagutzea, eta erabil dezaketen tresnak aurkeztea. Publiko ezberdinetarako nodo (edo jarduera) ezberdinak egongo dira: multimediarako, etxerako, enpresetarako...

Software librearen inguruan mugitzen zarela ikusirik, nola ikusten duzu Euskal Herrian software librearen inguruko mugimendua?

Gero eta mugimendu gehiago ikusten da. Badaude talde ezberdinak urteak daramatzatela lan egiten, eta talde berriak sortzen ari dira, gu bezala. Dena den, oraindik lan asko geratzen da.

Batzuetan esan ohi da "Euskarazko softwarea librea izango da edo ez da izango". Honen inguruan zein iritzi duzu administrazio publikoak software pribatiboari ematen dion laguntzari buruz?

Nire ustez software pribatiboak gehiegikeri hutsa diren klausulak ezartzen ditu. Banatzeko edo erabiltzeko egoten diren mugak absurduak dira, adibidez moldatzearena. Horrez gain, funtzionamendua ezkutuko gauza izanik, oso arriskutsua da informazio guztia modu honetan gordetzea, arazoren bat egonez gero guztia galduko litzatekeelako. Okerrago oraindik: behin itzultzen den programa ezin da beste programa baterako aprobetxatu; lan guztia berriro zerotik egin behar da. Pentsa kotxe bat egiteko gurpilak asmatzen ibili beharko ginela lehenengo... Nire ustez euskara informatikan tokia baldin badu, software librean da, non taldeek egindako lana guztion onurarako da. Beraz, argi dago zer uste dudan administrazio publikoaren laguntza horiei buruz: Dirua zulo beltz batera botatzea bezala da. Horren ordez diru hori askoz hobeto aprobetxatuko zen hemengo taldeei emanda, software libreko programa edo edukiak itzultzeko. Horretaz gain, laguntza horien erdia baino gehiago kanpoko enpresa batera doa, programaren itzulpena egiteko baimena lortzeko. Benetan itzulpenerako erabiltzen den dirua erdia baino gutxiago da. Software libreko programa edo manualak itzultzeko baimen hori ez da beharrezkoa. ber45_3.jpg

 

Software librearen mugimenduak beste hainbat antzeko ekimenak beste esparruetan ere mugitzen ari dela dirudi (kultura, sorkuntza, etab.), zein iritzi duzu hauen inguruan?

Software librea programak badira ere, bere atzean duen ideologia beste esparru askotara zabaltzen ari da, gehienbat edukien sorkuntzan oinarritutakoak. Informazioa (kontakizun bat, programa bat) berez ez du materiarik, eta gaur egun Internet bidez, modu errazean banatu, kopiatu eta eraldatu daiteke. Normala iruditzen zait beste mugimenduek ere informazio askearen abantailak baloratzea. Copyleft mugimendua honen adierazpide da.

Software pribatiboa eta Windows (edo beste sistema eragile pribatibo bat) erabiltzen duten horiei software librera igarotzeko zein pausu eman beharko lituzkeela uste duzu? Zein programa eta sistema eragile gomendatuko zenituzke lehenengo fase honetarako?

Ordenagailuarekin ibiltzea gustatzen zaien horiei nik gomendatzen diet zuzenean edozein Linux banaketa instalatzea, hoberena noski, Debian GNU/Linux ;) Gaur egun instalatzea erraza da, sistema pribatiboen antzekoa, eta Interneten informazio pilo bat dago: Foroak galderak egiteko, manualak... Besteentzat, software librea diren aplikazio asko sistema eragile pribatiboetan funtzionatzen dute: Firefox, openoffice, vlc ... lehen hurbilketa egiteko balio dutenak.

Demagun galdutako gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenuke bertan?

Irteera mesedez! ber45_4.jpg

Gorka Julio

2007, Azaroa 01
Arloa: Berba Bi