Halabeharraren gutiziak
Txanpona airean dago. Biraka ari den bitartean gurutzea eskatu izanaren damua adierazten dugu, une batez gure eskuetan ez dagoen zerbait dela ahaztuta, gure patua instant bakarrean ezarria egoteak bizkarrean izerdi hotz eta deserosoa irristatzen digun bitartean. Une hortan honaino ekarri gaituen bidea aztertzen dugu.
Bilboko Athletic-en nesken taldeak ibilbide atipikoa izan du azken urteetan. Urruti geratzen dira jadanik bere garaietan lorturiko erronka haiek, 5 urteetan irabaztiako 4 superligak eta Bizkaiko eta Euskal Herriko kirolari futbola gizon kontua baino zertxobait gehiago badela erakutsi izana. Garaikur haiek oroitzapen bilakatu dira, 2007koa baita azken txapelketa hura. Ordutik, nesken futbolean ere diruaren boterea sartu da, eta batez ere Bartzelonak eginiko esfortzuek azken hiru ligak irabaztera eraman dituzte. Bienbitartean, Athletic-ek bere sua itzaltzen joan dela somatu du, eta noizbait berriro ere gailurrera iristeko puntuan egon badira ere, azken orduko gertakariek ostrazismo mingots hortara eraman dituzte zurigorriak. Aurtengo liga azken garaietako txapelketen adierazle. Bizkaitarrek txapelketa ona burutu badute ere, bigarren tokian sailkatu dira, blaugranetatik 10 puntutara.
Baina aurtengo denboradak beste erronka bat ere bazekarren. Bilbotarrek kanporaketa onak burutu dituzte Erreginaren kopan, eta Levanteren etxean final aurrekoan lorturiko garaipen distiratsuak Ceutan jokatuko zen finalera sailkatu zituen. Aurrean, azken garaietako dominatzaile argia, zurigorriek horrenbestetan men egin behar izatearen erruduna: Bartzelona. Eta hortaz gainera beste arantza bat kentzeko aukera ere bazen Kopako finala, izan ere, inoiz irabazi ez den titulua da Athletic-entzat. Bere urrezko urteetan ere, ezbeharren batek titulurik gabe utzi izan ditu euskaldunak.
Partidaren joera nabarmenena berdintasuna izan zen. Hastapenetik bi taldeek elkarrenganako zuten begirunea azaldu zuten eta aukerak urriak izan ziren, nekeak bere eragina somatzen utzi zuen arte. Bigarren zatian, hala, abaguneak iristen hasi ziren, baina hastapeneko berdinketa ez zen hautsi markagailuan. Luzapen garaian heldu zen mailukada. Alexiak kataluniarrak aurretik jarri zituen, eta halakoetan ohikoa izaten den bezala, aurkako taldea erabat hondoratu zitekeen, aurkariaren abantaila berriro ere ezereztea gauzaezina dela ulertu. Ez zen hau Athletic-en kasua izan. Zurigorriek, berriztutako izpirituz, berdinketa lortzeko xede irmoa markatu zuten, eta 4 minutu beranduago soilik Nekenek berriro ere parekotasuna ezarri zuen balantzan. 120 minutu agorturik eta bi aurkariak zutik. Penaltyak epaile. Txanpona airean. Keinu tekniko basikoa eskatzen duen jaurtiketa, tentsio eta hanketako bikien pisu eta nekea kudeatzea askoz ere garrantzitsuagoa futbolean trebe izatea baino. Denak barrura joan ziren, Irene Muruaren jaurtiketa kenduta. Bartzelona garaile, eta zurigorriei malkoen zapore garratza dagokie beste behin. Halere, lana ondo egin izanaren sentimendua ezin daiteke ezabatu zalego bilbotarrean. Urrezko garaiak bueltatzea posible dela erakutsi dute jokalari euskaldunek, eta hurrengo denboradari kemenez ekingo diotenaren zalantza gutxi adierazi dute.