JOSEBA IRAZOKI - MUSIKARIA

Gotzon Uribe

ber46_1.jpg

Musika librearen alde lan egiten dut

  • Berako musikaria sasoi onean dago.
  • Egunotan bere lan berria aurkeztu du -Pobre gara- (Hirusta 2007).
  • Hainbat proiektutan buru belarri ibili da orain arte.
  • Euskal Herriko kitarjole onenetakoa da gaur egun.

Berako musikaria da Joseba Irazoki. Orain dela urte batzuk Onddo bere talderekin disko bat plazaratu zuen, geroztik hainbat euskal talde eta musikarirekin kitarrajole moduan aritu izan da, musikari profesionalaren lana betetzen.

ber46_2.jpg

 

Noiz eta nola hasi zinen musika munduan. Zeintzuk dira eta nolakoak zure lehen oroitzapenak?

Musika ikasten 9 urtekin hasi nintzen herriko musika eskolan, gehienak akordeoia ikasten zuten eta nik kitarra ikasi nahi nuela argi nuen. 15-16 urte arte klasikoa ikasten ibili nintzen, orduan Fernan Irazokik herrian musika denda jarri zuen eta Batiz –Tapi eta Leturia, Fito & Fitipaldis, Gatibu…- ekarri zuen gitarra elektrikako klaseak ematera. Pixkat ikasi eta segituan sortu nuen nere lehenbiziko taldea, Zup izenekoa. Gerora dedikazio gehiagorekin lanbide bihurtu zen.

Zure musika ulertzeko era tradizioari lotua ahal dago edo gaur egungo musikan bilatzen dituzu iturriak?

Bietatik edaten duela uste dut, elkarrizketa hau egiten ari garela Etxahun aditzen ari naiz eta joan den ostiralean Björk ikusten egon nintzen, adibide bat jartzeagatik. Aintzineko musikariak zer egiten zuten aditzea ona dela uste dut, urteetan zehar ahoz aho mantendutako musika batzuek izugarrizko indarra dutela iduritzen zait. Gaur egungo musika asko maite dut baita ere, ditugun baliabideekin eta aukerekin musika soberan ona egiten dela huste dut.

Zure kantagintza euskal kulturari egiten diozun ekarpen bat bezela ikusten duzula esaten duzu. Zein neurritan?

Euskalduna naiz eta euskaraz abesten dut, beraz euskal kulturaren parte bezala ikusten dut nere burua eta nere kantak aportazio ttiki batzuk bezala; Ruperrek zioen bezala "kantuok jartzen ditut" . Sortzen ari garen "artista" euskaldun guztiek euskal kultura zabal bat egon dadin gure ekarpentxoa egiten dugula uste dut.

Euskal kulturak zureak bezalako kantuak behar dituela uste ahal duzu?

Sobera harroa izango zen hori pentsatzea, ez dut huste behar dituenik, behar behar gutxi daude, inor ez da ezinbertzeko.

 

Ba ahal duzu pertsona moduan musikarekiko edo berau inguratzen duenarekiko konplexurik?

Musikarekiko konplexurik ez dudala uste dut, nahi dudana egiten dut. Gauzak errespetuz egiten saiatzen naiz, gauzak probatzea eta etengabe gauzak bilatzen ibiltzea gustatzen zait . Musika inguratzen duenarekiko berriz… entzulearen eta musikaren tartean dauden gauzak ez zaizkit gehiegi gustatzen. Beharrezkoak iruditzen zaizkit baina musikarekin gutxi ikusteko dutela iruditzen zait, zerikusia dute gehienbat musika edo musikaria merkatu batean egotearekin.

Desengainurik izan ahal duzu musikarekin?

Musikarekin ez, tartean dauden beste gauzekin noizbait. Pertsonekin ere deseingainuak hartzen dituzu baina horiek bizitzako beste esparruetan gertatzen zaizikizunak bezalakoak dira. Bestalde ez dakit deseingainua den baina batzutan amorrua ematen dit jendearen postura musikarekiko eta musikariekiko. Oso pasiboak dira eta bonbardeatzen dietena bakarrik hartzen dute. Jendea kontzertu erraldoietara masan joatea eta kontzertu txikietara ez joateak ere amorratu ematen dit.

Beran, zuen herrian, orain urte batzuk musikarien artean tirabirak eduki zenituzten, batzuk musika eszenatik alderatu zirelarik. Zer gertatu zen?

Barkatuko didazu baina hori pribatua da. Hala ere ez dut uste inor eszenatik alderatu zenik, bakoitzak bere denbora behar izan du egoera berri batera egokitzeko… urte asko izan dira elkarrekin jotzen eman ditugunak…

Zure kasuan Onddo taldea ere desegin egin zen, tirabira horien ondorioa?

Bai, momentu batean konexio pertsonala galtzen bada zaila da gero musika ongi egitea.

Gaur egun musikari profesional bezela jarraitzen ahal duzu?

Ba orain dela gutxi Entzun aldizkarian atera den elkarrizketa batean lan hori utzi nuela aipatzen nuen, batez ere zuzeneko lan hori. Baina oraintxe bertan pentsatzen dut ez niokela ezetz esango horrelako lan bateri. Boladak dira, batzutan besteentzat lan egitea gustoko duzu eta beste batzuetan soilik norberarentzako.

Musika egiterako orduan norbaiti zuzenki zuzenduta dauden abestiak egiten ahal dituzu?

Baten bat badago pertsona batengan pentsatzen egin dudala, hala ere abiapuntua normalean gustoko melodia edo harmonia bat dutenean izaten dut, gero hasten naiz gaian pentsatzen.

Bestetik, nondik dator musika experimentalarekiko zure zaletasuna?

Kitarra ikasten hasi nintzenetik beti jotzen nuen zailtasun haundiena zuen musikara edo ezagutzen ez nuen zerbaitera. Neretzako musika experimentalak duen erakargarritasun haundiena ezagutzen ez dudan zerbaitera ailetuko naizen sensazioa da, misterio puntu hori, prozesu hori zoragarria iduritu zait beti eta emaitzek ere guztiz betetzen naute.

Zure musika minoritarioa da, Euskal Herrian ba ahal du lekurik?

Proiektu instrumentalak minoritarioak izaten dira, baina abestuz egiten ditudan diskoak ez dut uste minoritario direnik edo zaila direnik publiko orokorrarentzat.

Aurkitu ahal duzu bilatzen ari zaren diskurtsoa?

Diskurtsoa hitz politikoa egiten zait, pixkanaka nere ezaugarri edo marka bezala hartu ahal diren soinuak edo formak aurkitzen ari naizelahuste dut, hala ere beti berritzen eta aldatzen joatea espero dut.

Musikan zeren alde egiten duzu?

Musika libre izatearen alde egiten dut, momentuan sentitzen duzuna egiazko izatea da garrantzitsuena.

Hitz egidazu zure azken proiektua den On Benito taldeari buruz.

Rock´n roll proiektua da, basatia eta primitiboa izatea da gure helburua. Bluesmen zaharren kantuak eta 50. hamarkadako rock´n rolla oinarri hartuta gure buelta ematen saiatzen gara. Pertsonalki zerbait gogorra egiteko gogoa nuen eta oso gustora nabil, zuzenekoak energia haundikoak dira eta ederki pasatzen dugu.

 

Gotzon Uribe

2007, Abendua 01
Arloa: Berba Bi