Egurra, gurpilak eta asfaltoa
Badira kirolak automatikoki atzerrira eramaten gaituztenak. Atal hontatik bertatik mintzatu izan gara zenbaitetan beisbolaz, edo taekowndoaz, Euskal Herrian apenas oihartzunik ez duten disziplinetaz. Gaurkoan skateboarding-a ekar dezagun mahai gainera. Aurreko mendeko 40. hamarkadan Californiako surflariek sortua, olatu gabeko egunetan ura asfaltoagatik trukatu ahal izateko, laster hedatu zen mundutik, Australia bezalako herrialdeetan zigilu nabarmena utziz. Europan ere hainbat herrialde badira skate park buelta horietan urrats asko eman dituztenak, baina Euskal Herrian, ostera, errelebantzia gutxi izan duela aitortu behar.
Gogora dezagun skate, edo gurpildun taularen erresuma hiria bera dela. Eraikin arteko malda eta bihurguneak, hiriaren inperfekzioak hain zuzen ere, kirol honen izatasun dira, eta hala, trikimailuak gauzatu ahal izateko abilezia normalean kirolaren etsai den asfaltoa litzateke. Horrela, gurpildun disziplinak markatuki urbanoak dira, eta hala, euskal nortasun tradizional eta herrikoiarekin, skate-a bat ez datorrela ematen du lehen begiratu batean.
Halere, ordezkariak badira, jakina. Bizkaiko kostaldean burutu du bere formakuntza nabarmenena Ianire Elorriaga Bakioko skaterrak. Oso txikitatik hasi zen gurpilen gaineko abilezia erakusten, eta autodidaktikoki (skater gehientsuenak bezalaxe), bira, salto eta sekulako abiadura uztartzen hasi zen disziplinak euskal panoraman eskainiriko sabaia ikutu zuen arte.
Orduan iritsi zen sponsorren babes garaia, herrialdeetan barrena lehiaturiko txapelketak, eta euskal panorama zein nazioartekoaren errekonozimendua, munduko txapelketetan ere erakutsirikoa (teknologiak tankera hontako disziplinak ederki laguntzen ditu, beraz ikusgarria da Elorriagak taula gainean egiten duena sarean dabiltzan bideo ugarietan behatzea).
Zailtasunen aurkako bide garbia da Elorriagak buruturikoa. Bi norabidetan. Lehenik eta behin, skate tradizioa ez duen lurrean, Euskal Herrian, uzta oso oparoa ateratzen jakin izan duelako, eta bestetik testuinguru nabarmenki maskulinoan bere izena skatean letra larriz inprimatzen asmatu duelako.
Hemendik aurrera berak izan ez dituen baliabideak hurrengo belaunaldiek izan ditzaten lan egiteko borondate irmoa azaldu du Elorriagak, skateboading-a eskoletara eramateko egitasmoak azaleraziz. Kirola horren era naturalizatuan planteatzen duen disziplina honen baliagarritasuna gizarteak ikus dezan.