Joxe Rojas - Teknopata
“Egiten dugun guztia munduari erakutsi behar diogu”
- Kazetaria eta Internet zale ezaguna
- Hamaika ikusteko web gunea ezaguna izan da euskararen inguruko berri bitxiekin
- Gaur egun, teknopata.net blogean idatzi ohi du euskaraz eta gaztelaniaz.
- Euskara elkarteen topagunean ari da gaur egun, Hedabideen sailean
Etxebarrikoa da. Kazetaria. Internet eta teknologia berriak oso gustuko izan ditu beti, eta gaur egun ere bere bloga interesgarrienetakoa da euskaraz. Berriki zazpi@2007 lehiaketa modukoa asmatu du, iazko 7 proiektu aipagarrienak zehazteko.
Joxe, zer dela eta teknopata?
Tira, batetik, betidanik gustatu izan zaizkit tramankulutxoak: zenbat eta botoi eta argitxo gehiago, hobeto. Eta bestetik, aspalditik neukan doako ‘hamaika.tk’ kaskarra utzi eta ganorazko domeinu propioa hartzeko asmoa. Aukerak begiratzen hasi eta ustekabe handia hartu nuen hor zehar Jose Rojas bat badela, eta gainera joserojas.org domeinua hartuta zuela jakitean. Kontuak horrela, joxerojas ez zitzaidan egokia iruditu, eta beste izen baten bila etorri zitzaidan. Zuk gainera gogoratuko duzu, iaz esperimentu bitxi bat egin nuela: morroi batek nire traste guztiak eramateko erabiltzen nuen motxilatxoa lapurtu zidan, eta trasteak berriro erosi ahal izateko SOS Teknopata kanpaina-edo antolatu nuen. Kontua oso ondo irten zen eta, tira, teknopatarenak funtziona zezakeela iruditu zitzaidan: izen laburra, deskriptiboa eta erraz gogoratzeko modukoa da, ezta?
Aspaldian zabiltza Interneten inguruan, zelan murgildu zinen honetan?
Saltseatzen… lehenengo Internet konexioa kontratatu nuenean, sarbidearekin batera web orriak ostatzeko tartetxo bat eskaintzen zuten. Esperimentuak egiten hasi, web editoreak probatu eta konturatu orduko, web gune txiki bat banuen martxan.
Eta gaur egun, zelan bizi duzu?
Gaur egun diferentea da kontua: hasieran internetekoa aisialdiko kontua zen soil-soilik. Interneten hasi nintzen garaian, lanean ez genuen ezertarako erabiltzen —are gehiago, interneten ibiltzen nintzela komentatzean arraro begiratzen zidaten—. Orain, beno, oinarrizko lan tresna bihurtu da sarea, eta horrek bi zentzutan eragiten du: lana apur bat gozotu egiten du, hor saltseatzea gustuko duzun neurrian; baina era berean, nekagarri ere bihurtzen du: egun osoa e-mailak jaso eta bidali ibili ostean, etxera iristean askotan gogorik ere ez dago ordenagailuaren parean jartzeko.
Komunikazioaren inguruan aritu zara bizi, Interneten baina lan boluntarioa egin izan duzu nagusiki, ezta?
Bai, kazetaritza ikasketak bukatu ondoko urteetan mundogar.com izeneko atari batean ibili nintzen erredaktore lanetan, oso ondo ordainduta, bide batez. Baina harez geroztik sarean egindako guztia neure borondatez eta afizioz egin izan dut. Finean, web gune propioa izateak zeure hedabide propioa kudeatzeko aukera ematen dizu, eta uste dut horrek ere eragin duela nire zaletasun horretan. Hedabide batean aritzean, era askotako mugak daude zer/nola argitaratu erabakitzeko orduan. Zure gunean, berriz, zeuk agintzen duzu eta ez dago apenas mugarik. Hori ere oso erakargarria da.
Meta_euskararen inguruan oso kezkati agertu zara zenbaitetan
Bai, uste dut oraindik badagoela nolabaiteko inertzia bat, euskaraz ari garenean euskarari edo harekin lotutako kontuei buruz aritzeko. Zorionez, iruditzen zait desagertzen doan joera dela, baina nire ustez ezin da ukatu energia asko (larregi nire gusturako) gastatzen dugula oraindik geure zilborrari begira. Euskarari eta euskaldunoi buruz gutxiago eta munduan dauden hamaika gairi buruz gehiago aritu behar dugula iruditzen zait. Gabonetan hamster bat oparitu didate eta ez dakit oso ondo nola zaindu: zenbat web gune daude euskaraz hamsterren inguruan? Eta uda partean estreinatu behar den Star Treken hurrengo filmaz?
Zure blogetik, 2007ko ekimen interesgarrienak batu dituzu... zelan joan da dena?
Uste baino askoz hobeto, egia esan: askotan entzuten dugu euskal internauten komunitatea oso aktiboa dela, eta, neurri batean, hori hala den ala ez ikustea zen asmoa. Proposamena zabaldu nuen internautek beraiek zerrendatzeko 2007an Interneten euskaraz egon diren ekarpenak, gehienez jota hamabi bat irtengo zirelakoan. Aste pare batean, 31 proposamen zeuden zerrendan. Haietako bi ez ziren 2007koak, eta baztertuta geratu ziren. 29 geratu ziren beraz, haien artean zazpi aukeratzeko. Zerrenda osatzeko zein bozketa egiteko fasetan partaidetza majoa izan da, eta gainera hautagaien artean apur bat denetarik egon da: edukiak sareratzeko plataformak, blog tematikoak, tresnak, hedabideak… lehenengo zazpiak edozein izanda ere, zerrenda horretan pozteko motiboak daudela uste dut.
Gazteak gogotsu datozela ematen du (frikiak, teknikoki jantziak, ausartak...)
Bai, zalantzarik ez. Zu, ni eta beste askorentzat kezkagarria izan daiteke, zahartzen goazen seinale delako, beharbada klitxeak errepikatzen nabil, ez dakit, baina nik argi ikusten dut beste belaunaldi bat ari dela lekua hartzen. Sarea, ‘teknologia berria’ beharrean, eguneroko ogia da haientzat. Haietako asko gainera goi mailako prestakuntza teknikoa dute informatikan eta horrekin lotutako kontuetan. Edukietan ez ezik, edukiak zabaltzeko moduan ere egin ditzakete ekarpenak, eta egin egiten dituzte: hor dauzkagu bildu.net , zabaldu.com , txioka.netInbidia apur bat ere ematen dute, ezta?
Internet asko zabaltzen ari da munduan, euskarak ere bere lekua ondo hartu duela uste duzu?
Lekua hartu du duda barik, eta duela urte batzuk zeuden fobiak ikusita, ez da gutxi. Oso pozgarria da software libreko proiektuetan duen presentzia adibidez, horrek ordenagailuekiko harremanak ere euskaraz izateko bidea ematen duelako, eta software librearen programadoreen artean behintzat gure berri zabaltzen duelako. Hutsunea izango dugu, beharbada, geure berri munduari emateko orduan. Oso ondo dago gure artean guretzako gauzak sortzea, komunitatea sortzea, trinkotzea… baina uste dut aurreiritzi eta konplexuak kendu eta egiten dugun hori guztia munduari ere azaldu behar diogula. Eta horretarako, Opentrad ganoraz ez dabilen bitartean gutxienez, erdaraz ere aritu beharra dago: ingelesez, gazteleraz, frantsesez…
Blogak, sare sozialak, wikipediak... beti dago zerbait ikasteko, ez duzu uste etsigarria dela? (beti ikasten egon beharra...)
Beno, zorionez, berrikuntzak nahiko era gradualean datozela iruditzen zait, orain arte behintzat etorri diren aldaketa guztiak aurrekoaren aldaketa edo hobekuntza txikien bidez etorri dira. Nagia ematen du batzuetan, baina etsigarria denik ez nuke esango.
Euskararen inguruko elkarteetan eta, zer nolako harrera dute teknologia berriek?
Interesa beti egon da neurri batean edo beste batean, eta tokiko hedabideak dituzten elkarteetatik bereziki ahalegin handiak egin izan dira duela urte batzuetatik hona oso proiektu politak aurrera ateratzen. Batzuk oso ondo irten dira: hor daude uztarria.com edo goiena.net komunitate birtualak, gerora askok jarraitu duten bidea zabaldu dutenak. Beste batzuk, haietan lan eskerga egin bada ere, gure ahalmen teknikoa gainditu eta bidean utzi behar izan dira. Hedabideetatik kanpo ere, nire ustez oraintsu hasi da jendea teknologia ‘berrien’ benetako potentziala ikusten eta, nolabait izateko, fedea izaten. Lankidetzarako tresnak, GoogleDocs eta horrelakoek, adibidez, egundoko aukerak ematen dituzte norbere herrian diharduten euskara elkarteen lana errazteko, batez ere koordinazioan eta halako kontuetan, eta oraindik beldur eta inertzia asko apurtu behar badira ere, horien erabilera zabaltzen hasi da. Gero, kalera begira, argi ikusi da ondo kudeatutako komunitate birtualak oso lagungarri suerta daitezkeela ‘benetako’ euskaldun komunitatea trinkotzeko, eta hor ere pausu garrantzitsuak ematen hasi gara, tokian tokiko esperientziekin zein esparru zabalagoekin: hor dago mintzapraktika.org-ren kasua, esate baterako, oraindik findu beharreko kontu asko baditu ere.