Garai berriak
Kirola kantxan gertatzen dena baino askoz gehiago da. Berdegunean, pistan, edo lasterketa kaleetan jazorikoa erdigunea bada ere, inguruan beste hainbat ekimen badira jarduera bera hornitzeaz gainera, aberasgarri bilakatzen dutenak. Adibide praktiko bezala futbola hartuta, zelaian gertatzen denaz gainera, zalegoaren bultzada hedatua, komunikabideek daukaten presentzia nabarmena edo urteetan zehar pilaturiko tradizioa kirolari izatasuna ematen dioten ezugarriak dira. Esku pilotaren inguruan mintzatzen bagara, esaterako, nola banandu apustu hotsen oihartzun bereizgarria pilotak paretaren aurka sortzen duen zaratatik? Hain zuzen ere, frontoietako jarraitzaile ugarik duela urte batzuk bere iraina azaldu zuten, pilotari horren hertsirik zen puruaren kea ezabatu zitzaionean. Kirola bere osotasunean ulertu behar baita bere erabateko izatasunaz jabetzeko. Eta gaurkoan kirolaren inguruan ezartzen diren elementu horietaz mintzatuko gara, izan ere, esku pilotak oraindik ere arakatu gabe zegoen norabidean urratsa eman du, bere izaera hori anizteko borondatez.
“Frontón” aplikazioa aurkeztu berri du Bainet enpresak, mugikorretan erabil daitekeen bideojokoa da, eta frontoietako disziplina ezagunenaren simulazioa eskaintzen du. Are gehiago, panorama pilotazaleko jokalari puntakoenekin jokatzeko aukera da, banan banan pilotarien bertsio digitalak sortu baitira.
Hasiera batetan, arrotza gertatzen denik ezin uka daiteke, bideojokoa, mundu mailan, edo gutxienik era masiboan, jokatzen diren kirolekin uztartzen baitugu, baina egia esan jokoak horren eskura (literalki) dauden garaiotan, denarentzako tokia dago.
Baina posible izateak ez du zertan ona denik esan nahi, are gehiago, ahots kritikoren bat entzun izan da, jarduerak bere gain daukan kutsu tradizionala desitxuratu egiten dela adieraziz. Eztabaida uste baino sakonagoa izan daiteke akaso, izan ere: posible da korronte modernoen olatuak baliatzea, eta aldi berean, herri nortasunari fideltasuna adieraztea? XXI. mendeko honek erakusten digun errealitatea konplexu eta poliedrikoa da, baina akaso goian planteaturiko galdera ez da horren berria: duela 30 urte gure gurasoek berdina galdetuko zioten bere buruari pilota partidak telebistaz ematen hasi zirenean?