HIESaren gorabeherak

Aupa denoi,

Zelan zabiltzate? Urtero legez hedabide guztietan H.I.E.S.A.ri eta G.I.B.ari dagozkien datuak argitaratu dituzte eta berriro ere, denok harrituta? Berriro entzun behar urtero kutsatzen diren emakume-gizonen kopurua mantentzen dela, lasaitu garela prebentzio mailan eta kutsatuen artean %25ek ez dakitela birusa daukatenik ere.

Auziaz gehiago jakiteko aldagai asko aztertu beharko genituzke baina irudia borobilagoa izango genuke:soziologiatik, biologiatik, sexologiatik, medikuntzatik, psikologiatik, hezkuntzatik, … sakonago begiratuz eta elkar lana bultzatuz.

Denon elkar laguntzaz hobetuko genituzke estrategiak aurrean daukaguna  modu eraginkorragoan kudeatzeko. Baina sarritan zientziak, elkarteak eta zelan ez erakundeak esparru desberdinetan mugitzen dira, bakoitza bere aldetik.

Zuokin, gazteekin daukadan esperientziatik ikusten dudana hauxe da:

Gaixotasunaren kronifikazioak lasaitu gaituela. Nahiz eta gaixotasun honek ez eduki inolako txertorik osatzeko edota prebenitzeko, sentsazioa bestelakoa da . Eta oso gutxik dakite benetan zelako ondorioak dakartzaten GIBarekin eta HIESArekin bizitzeak.

Kanpainak ez dira nahiko. Ikastetxeetan ikasle batzuek funtsezko gauzak badakizue, beste batzuk aldiz, urtez urte ahaztuta daukazue. Beraz informazioaz gain zer edo zer gehiago beharrezkoa da.

Gazteek daukazuen ezaugarrietariko bat arriskuaren pertzepzioa da. Gehienetan pertzepzioa erraz jaisten da, eta ez dugu sentitzen horrelakorik norberari gertatuko zaionik. Beraz norberak ipintzen dituen babesak gero eta gutxiago izango dira.

Sarri informazio eza ez da askorentzako kontua, informazioa badaukazuelako. Zaila dena beste kontu bat da. Zelan bideratzen da norberen gogoa? Nahi duzuen neskarekin edo mutilarekin egonez eta gura duzuen plazerak jorratuz. Eta baita ere zelan egin guzti hori dakartzan lotsa eta beldur guztiekin: lagunak ezetz esatea, norberaren jakin eza, kondoia erabiltzea proposatzea,ezin bada edo ez badago bestelako aukerak bideratzea …

Beraz hona hemen proposamen pare bat baino ez:

INFOA

Lantzean behin begiradatxo bat HIESAri eta GIBari buruzko informazioari eman: zer den eta zelan transmititzen den, zer gura dugun egin bideratzeko baina batak besteari ezer kutsatu gabe ( web orrialde honetan adibidez gure txokoan badago horri buruzko informazioa eskegita), zelako egoeratan bizi dira gib-a eta hiesa dutenek (zuon herriko elkarteetan edota elkarte desberdinek dituzten web gunetan sartu: www.gazteaukera.net, www.euskalsida.org ….)

EROTIKA

Ikusita erotikaren eremuan ematen direla kontagio gehien uste dut alor horretan zeregin handia daukagula. Bikotekiderik badaukazu edo ez badaukazu berdin da. Zuk zeuk pentsatu ea zer gura duzun egin, zer zauden prest egiteko, zelan gurako zenuke zure harreman erotikoak izatea, zerk lagunduko zizun zure gogoa garatzen, zelan kitzikatzen zaren eta zerk etentze du prozesu hori, kondoia edo femidoia erabili gura baduzu zelan egingo zenuke, eta kondoirik ez baduzu gura ez zaizulako gustatzen edo koitoa ez duzulako praktikatu nahi imajinatu ea zer bestelako esparrutan jolastu nahiko zenuke.... Pentsau, imajinau, prestatu.... Eta zelan partekatuko zenuke lagunarekin edo egun bateko “istorio” batekin gura duzun guzti hori?

 

Azken finean informazioa eskura badago, gure esku dago gure lagunekin, koadrilan edota bikotekidearekin horren inguruan dauzkagun beldurrak, gurariak eta lotsak konpartitzea. Partekatze prozesu horrek lasaituko gaitu, jakin eza asetu, lotsak baretu, gurariak bideratu, eta gure harremanak modu askeagoan , gozagarriagoan biziko ditugu.

Animo ba, besarkada handi bana,

agurtzane

Agurtzane ORMATZA

2014, Urtarrila 01
Arloa: Jo ta jo