IKASTOLEN ELKARTEA DURANGOKO AZOKAN

Kontaizu

ika47.jpg

Durangoko lehenengo euskal liburu eta disko azoka 1965ean egin zen. Gerediaga Elkartea sortu berriak antolatu zuen lehen ekitaldietako bat izan zen. Helburua, frankismoaren diktadurapeko urte haietan, Euskal Herrian zegoen liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea. Helburu nagusia hori bazen ere, euskalgintzan jardunean zebiltzan sektoreen topalekua izatea ere lortu nahi zuten Gerediaga Elkartekoek. Lehenengo Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka Andra Mariko elizpean egin zen eta abenduan ezik, zemendiaren 1ean, Domu Santu egunez antolatu zen. 19 parte hartzaile izan zituen hasierako Azokak. 1974. urtera arte, Andra Mariko elizpean egin zen urtez urte Azoka. Urtebeteko etenaldiarekin, baina. 1974. urtean merkatu plazara eraman zen Azoka eta 1996. urtera arte han egin zen. Gerediaga Elkartearen lanaren emaitzaren ondorioz merkatu plaza ere ez zen nahikoa izan eta 1996. urtetik Durangoko leku ezberdinetan karpak altxatu eta Azoka karpapean egin ondoren , 2003. urtetik Euskal Liburu eta Disko Azokak orain, behin betiko kokapen duina du Landako Erakustazokan. Gaur egungo azoka, abenduaren 8aren inguruan izaten dena, ez da liburu eta disko azoka bat soilik. Abenduko egun hauek euskaldunen urteroko zita edo topaleku izatera heldu da. Bertan biltzen dira mota guztietako idazleak, abeslariak, irakurleak, pertsona nagusiak, gazteak, gizonak, emakumeak... Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka euskara eta euskal kulturaren erakustoki erraldoi eta gure kulturaren jai nagusi bihurtzen da urtero abenduaren hasieran. Ikastolen Elkarteak urteroko zita honetan ez du hutsik egiten eta bertan euskal kulturan oinarritzen diren produktuak, baliabide didaktikoak, erakusten ditu. 1991-1992 ikasturtean abiatu zen jokogintza egitasmo ausart hau. Proiektu honen helburua gure herri tradizioan oinarritutako baliabide didaktikoak eta ohiko joko didaktikoak euskaraz garatzea da, ikastolei beren Hezkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua garatzen laguntzeko. Lan honen lehenengo fruituak Olentzero pertsonaiari lotutako materialak izan ziren. Gaur egun hezkuntza-joko ugari ditugu katalogoan. Olentzero bilduma eta beste material didaktiko osagarri batzuk osatzen dute gure bilduma. Guzti hauek (Txinpartailua, Bingoa, Matrakan, Euskopoli, Ttantto, Jira eta Bira, Argitxo puzzle erraldoia…) klasikoa den Seaskako egutegiarekin batera egon dira ikusgai Ikastolen Elkarteko Konfederazioko txokoan. Ikastolen Elkarteko katalogoa urtez urte ari gara osatzen, gure helburua katalogo osoa eta aberatsa izatea baita, adin guztietako pertsonentzat, jaioberri eta helduontzat, eta ahalik eta euskarri mota gehien hartuaz, euskaldunok ere jolasteko besteak beste aukera izan dezagun.

Kontaizu

2008, Urtarrila 01