Nagore Vega: Kazetaritza beste modu batera egin daitekeela ziur nago

Gorka Julio

berbi090801

  • Oiartzunen jaio zen 1985eko otsailaren 24ean, Haurtzaro ikastolan lehenengo, Oiartzo ikastolan ondoren eta EHUn ikasi zuen.
  • Kazetaria da, telebista bat, bi egunkari orokor, aldizkari, egunkari eta irrati lokal batean lan egin du jada.
  • Hedabideen eguneroko jardunean topatzen dituzten manipulazioak, akatsak, hanka sartzeak... salatzeko Zentik.info Interneteko gunearen sortzaileetako bat da.
  • Internetek kazetaritzan eta orokorrean komunikazio munduan duen eragina eta ematen dituen aukerengatik interesatua.
     

Kazetaria zara ikasketaz eta lanbidez. Zein izan da orain arteko zure ibilbidea?

Oarsoaldeko Hitzan kolaboratzen hasi nintzen lehenengo. Ondoren, praktikak egin nituen Garan eta ETBko albistegietan. Oarsoaldeko Hitzan lanean egon nintzen gero, eta Berrian. Azkenean, Oarsoaldeko Hitzara itzuli nintzen. Ibilbide guzti horretan etengabe kolaboratu dut Oarsoaldeko Hitzan eta On (OarsoaldeaN) aldizkarian. Oiartzun Irratian ere kolaboratu dut aurten.

Telebista bat, bi egunkari orokor, aldizkari, egunkari eta irrati lokal bat pasa dituzu eta hedabide lokaletan lan egitea erabaki duzu. Zein da honek duen xarma?

Gertutasuna. Iturriekiko, jendearekin harremana izateko, kalean egoteko... Baina, era berean, hori desabantaila ere bada. Jendeak ezagutzen zaitu, zugana jo dezake zuzenean: hau edo bestea idazteko eskatzeko, zure lana "gidatzeko", errieta egiteko... Hori eramaten ikasi behar duzu. Baina, momentu honetan, lan egiteko dudan askatasuna asko eskertzen dut. Hedabide handietan ezberdina da.

Azken aldian Iban Izarekin batera Zentik.info Interneteko gunea abiatu duzue. Zein dira ekimen honen nondik norakoak?

Biak kazetariak gara, eta kazetaritza oso gustuko dugu. Baina, askotan (gehienetan), herritarrak informatzeko baino gehiago, herri iritzia bideratzeko tresnak dira hedabideak, gure ustez. Jendea horretaz ohartzea nahi genuke. Blogaren helburu nagusiena hedabideen eguneroko jardunean topatzen ditugun manipulazioak, akatsak, hanka sartzeak... salatzea da. Beti ere, ikasteko asmoz, gu ere hasiberriak baikara Interneteko mundu honetan.


 

Blog horretan oso kritiko azaltzen zara kazetaritzak izandako bilakaerarekin. Zentsura, propaganda, neutraltasuna salatzen duzu. Zein da zure ikuspegi orokorra honen guztiaren inguruan? Nola dago egoera?

Esan bezala, egun, hedabideak (handiak), herri iritzia bideratzeko tresnak dira, gehienbat.  Beraz, egoera ilun xamarra da. Hedabide handiak dira nagusi, laupabost jabe

Internetek informazioa zabaldu eta jasotzeko ematen dituen aukerak ikusirik, nola izan beharko luke erredakzio bat zuretzat? Egon beharko luke? eta kazetariak nolakoak izan beharko lukete?

dituzte eta guztiek dute antzeko agenda. Alegia, horiek markatzen dituzte egunean "albiste" izango direnak, eta eurek nahi bezala ematen dituzte. Noski, komeni zaienaren arabera. Informazioaren munduan interesak dira nagusi: interes politiko-ekonomikoak. Eta iritzi publikoak ematen diotena irensten du. "Hedabideen jauntxo" horiek nahi duten iritzia hedatzen da gehien, azkenean. Hori horrela izatea salatzen dugu, eta pixka bat azalaraztea eta aldatzea gustatuko litzaiguke.

Bestalde, zentsura, propaganda, manipulazioa... aipatzen ditugu, bai. Baina horiek nahiko agerikoak dira eta jendea horretaz gero eta gehiago ohartzen da, zorionez. Neutraltasuna, bestalde, "arriskutsuagoa" da, isilekoa delako. Neutraltasun itxura eman nahi izaten dute hedabide handiek, baina hori gezurra da. Gure blogeko buruan honako esaldia dugu: Mendebaldeko kazetaritzaren helburua "neutraltasuna" mantentzea da, baina hori iruzurra da (Michel Collon).  Esaldi horrek gaurko errealitatea adierazten du, eta horixe da agerian utzi nahi duguna. Gauza bat da hedabideek ematen duten itxura: objektiboa, neutraltasuna, egiaren garraiolaria... baina gero, Collonek dioen bezala, hori guztia gezurra da. Egun, eta aspalditik, hedabide handiek bereziki interes politiko-ekonomiko jakin batzuei erantzuten diete. Argi utzi nahi dugu gu geu ere ez garela neutralak. Ez dago kazetari neutralik, baina uste dugu kazetariek egiarekiko ahalik eta fidelen izan behar dutela. Ezberdina da.

Eta aldaketa hori ematea garrantzitsua dela uste dugu. Kazetaritza beste modu batera egin daitekeela ziur gaurde. Eta, guk, posibletzat baino gehiago, beharrezkotzat dugu.

Internetek informazioa zabaldu eta jasotzeko ematen dituen aukerak ikusirik, nola izan beharko luke erredakzio bat zuretzat? Egon beharko luke? eta kazetariak nolakoak izan beharko lukete?

berbi090801_2

Galdera zaila da hori. Egun bidegurutze horretan gaude, ez dakigu ziur zer datorkigun. Ez dakigu erredakzioa beharrezkoa izango ote den ere. Azkenaldian irakurri ditudan artikulu batzuen arabera, erredakzioa ez izanda ere, hedabide digital batzuen bisitek gora egin dute. Beraz, nola asmatu?

Dena den, toki berean, hainbat ordenagailu eta kazetari asko ez ditut imaginatzen. Zerbait banatuagoa, askeagoa, edo "desordenatuagoa" ikusten dut. Bakoitzak bere modura lan egitea: kalean gehiago, etxetik edo beste tokiren batetik... Beti ere Internetera konektatuta, noski.

Kazetariei, bestalde, kritika txiki bat egin nahi diet. Gehienak, oso teknofoboak dira, baita gazteak ere. Jardunak nora garamatzan ikusita, teknofobia hori alde batera uzteko esango niekei lankideei. Asko dugu ikasteko, eta Interenetek oso aukera interesgarriak eskainiko dizkigu. Olatua hartzen ez duena mundu honetatik kanpo egongo dela uste dut, benetan.

Idatzizko hedabideen jarrera oso ohikoa da paperean idatzitako hori zuzenean sarera eraman eta hori izatea hedabidearen webgunea. Nola izan beharko luke benetan hedabide idatzi baten Interneterako ekimen batek?

Jakingo banu?! Esan bezala bidegurutze horretan gaude. Asko dira horri buruzko jardunaldiak, artikuluak, hausnarketa prozesuak... Baina argi dago bi gauza ezberdin direla. Paperekoa modu batean landu behar da eta sarekoa beste batera.  Nola? Oraindik ez dugu topatu formula magikoa, kar kar. Baina, zuk esan bezala akatsa da papereko testu bera webgunean jartzea. Prozesua irauli behar dugu. Interneten momentuan, azkar, berriak idatzi, eta datuak osatzen joan. Paperari buelta gehiago eman beharko genizkioke. Biak nola uztartu da kontua.

Papereko hedabideak krisian daudela (egunkariak, bereziki) ez da ezer berria. Baina inork ez dauka formula hortik ateratzeko. Bideak probatu beharko ditugu, eta probatuta ikasi.

Bukatzeko, demagun galdutako gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenuke bertan?

Txikitako inozentzia. Inozentzia galtzearekin batera, naturaltasuna, jendearekiko konfidantza, eta beste hainbat gauza galtzen ditugu. Eta inozentziarekin (baina ez esperientziarik gabe edo "tontoa" izanda, e!), politagoa, erosogoagoa eta atseginagoa litzateke mundua. Ziur.

Gorka Julio

2009, Abuztua 05
Arloa: Berba Bi