Maite Arroitajauregi

Gotzon Uribe

maite_arroitajauregi_2

Mursego (saguzarra portuguesez) izengoitiaren azpian Maite Arroitajauregi musikari eibartarra aurkitzen dugu. Proposamen berritzailea da berea, ohiko musika moldeetatik haratago daramatza bere abestiak. Estreineko diskoa plazaratu du.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Besteak beste Anari, Lisabö, Morau edo Kokein moduko taldeekin ikusi izan zaitugu orain arte. Nondik sortzen da Mursego martxan jartzeko gogoa?

 

 

Martxoan jo nuen lehen aldiz bakarka “Larraskito” kluban, bertan Pariseko bi mutil ezagutu nituen eta euren disketxearen aurkezpen jaian jotzera gonbidatu ninduten. Jendearen harrerak bultzatu ninduen hasitakoarekin jarraitzera. Parisen jendeak diskoa edo myspace helbidea eskatzen zidan, harrituta geratu nitzan.

 

 

Badirudi proiektua goitik behera zeurea dela, bakarrik egin al duzu diskoa? Nola eta non grabatu duzu?

 

 

Ander Barriuso, Eibarko gaztetxean ibili ohi den teknikaria, laguna dut eta han jo ondoren berak esan zidan grabatu egin beharko genuela, merezi zuela. Aste santuko oporrak aprobetxatu genituen eta egun batean grabatu genuen diskoa; toma gehienak lehenengo aldiz eta asko inprobisatuak izan ziren. Behin diskoa grabatuta, lagun batek diseinuarekin lagundu zidan, kaxa aukeratzen, gailetarekin eta portadarekin ... 200 saguzahar marraztu zituen eskuz. Beste 200 kopia egin ditugu eta oraingo honetan saguzaharra zigilu baten bidez egin dugu.

 

 

maite_arroitajauregi_1

 

 


Nola planteatzen dituzu zuzenekoak?

 

 

Zuzenean “Loop Station”a erabiltzen dut, pedal honek kapak grabatu eta anplifikadoretik botatzen ditu, horrela abestiak momentuan eraikitzen ditut .Txeloaz aparte, kasiotonea, marakak, txindatak, autoarpa eta ukelelea ere jotzen ditut. Nire musika zuzenean entzuteko da, horrela ulertzen baita nola osatzen ditudan abestiak. Dena den diskoa grabatu nuenetik zuzenean jotzen ditudan abesti berri batzuk egin ditut.

 

 

Proposamen berritzailea bezain interesgarria ikusten dut zurea. Musika egiterako orduan aurrerapauso bat emateko asmoa izan al duzu?

 

 

Aurrepauso bat baino gehiago, “Mursego” lehenagotik egin izan dudanaren jarraipen bat da: inprobisazioa landu, ahotsa gehitu, musika tresna berriekin esperimentatu…

 

 

Euskara, portugesa, ingelesa, gaztelera… azaltzen dira zure abestietan. Nondik datorkizu hinkuntza ezberdinetan abesteko gogoa?

 

 

Abesti bakoitzaren izaerak hizkuntza bat eskatzen zidan, hizkuntza bakoitzaren sonoritatea interesatzen zitzaidan, beste musika tresna bat balitz moduan, kasu honetan bai esan dezakedala aukera estetiko-musikal bat izan dela hizkuntza desberdinen erabilera.

 

 

 

Nora jo behar dugu, eragin musikalak, artistikoak bilatzeko…Mursegoren lehen lan honetan islatzen dena ulertzeko?

 

Adibidez, diskoa Mikel Laboa edo Josetxo Anituari eskeini diet, euren eragin zuzena jaso baitut. Honez gain, musika garaikidea, inprobisatua, esperimentala, Kaurismakiren zinea, PJ Harvey (bertsio bat egiten dut), Hello Cuca, Markku Peltolaren tangoak…

 

 

Txeloa da berez zure instrumentua. Gaztetatik hasi zinen berau jotzen? Proiektuarekin musika tresna honek klasikotik irtenda dituen beste aukerak erakutsi nahi izan dituzu?

 

 

Bizitza guztia daramat txeloa jotzen, nire instrumentua da. Dena den musika tresna beste ikuspegi batetik jotzen saiatu naiz, alde esperimentalago batetik.

 

 

 

Musika irakaslea ere bazarela irakurri dut. Haurrekin? Konserbatorioan?

 

 

Bai, musika irakaslea naiz, musika eskoletan dihardut; txeloa irakasteaz gain, orkestra eta kamara taldeen ardura daramat. Haur txikiei musika tailerra ematen diet. Musikoterapia ere egiten dut gaitasun desberdinak dituzten haurrekin.

 

 

maite_arroitajauregi_3

 

 

 

Mikel Laboa eta Björken uztarketa bat dela Mursego ere irakurri dut. Erabili al ditugu bi izen hauek erreferentzia bezela?

 

 

Kazetari baten iritzia da hori. Baina bai esan behar dut Mikel Laboa beti egon izan dela eta egongo dela nire bizitzan; berak zuen kantatzeko modua eragin zuzena izan du nigan.

 

 

Musika esperimentalaren eszenan ikusi izan zaitugu azken boladan, gehienbat Le Noise eta Eten taldeko Ibonekin. Nola ulertzen duzu zuk musika esperimentala?

 

 

Inprobisazioarekin lotzen dut, esperimentoaren kontzeptuarekin ere: musikak eman ditzaken aukera guztiak frogatu, prosezua emaitzaren parte bilakatuz.

 

 

Bestetik, iruditzen zait zure abestiek badaukatela zentzu organikoa. Hau da, joera kantua minimizatzearena dela, erritmo eta melodía batekin noski, baina batez ere kantuaren esentzia ikslatzea.

 

Bakarrik jotzerakoan, abestiaren esentzia islatzen saiatzen naiz, loop-ak ematen didan aukera jarraituz, gauza txikiak batuz azkenengo emaitza orokorra lortzeko

 

 

Zenbait zuzeneko eman dituzu? Nolakoa ari da izaten jendearen erantzuna?

 

 

Zortzi bat kontzertu eman ditut eta jendearen harrera oso ona izan da; horrek asko animatzen nau.

 

 

Zein da hurrengo pausoa?

 

 

Ibonekin ildo esperimentaletik jarraitzeko asmoa daukat eta Mursegorekin abestiak egiten jarraituko dut. Egunen batean binilozko disko bat ateratzea gustatuko litzaidake.

 

 

 

Oharra: argazkiak helbide hauetatik aterata daude.

Gotzon Uribe

2009, Iraila 01
Arloa: Berba Bi