hack.in#badakigu
- Joseba Martosek eta Dabid Martinezek sortu zuten hack.in#badakigu elkartea 2006. urtean.
- Biak bermeotarrak eta Ibar Ezkerra Ikastola Politeknikoko ikasleak.
- Lehenengoa sistema administratzailea da eta bigarrena web garatzailea.
- Interes berezia dute, euskararen sustapenean eta teknologiaren sozializazioan. Politika, segurtasun gaiak, pribatutasuna, lankidetza eta elkarlana ere euren interesen artean daude.
Zein dira zuen interesak labur labur (etiketak moduan)
Software librea, segurtasuna, teknikaren sozializazioa, politika, web 2.0, web 3.0, askatasun digitala, pribatutasuna, parte-hartzea, euskara, euskararen sustapena, ikastea, lankidetza, elkarlana, garagardoa.
Zerk bultzatu zintuzten hack.in#badakigu elkartea sortzera?
Beti euskararen alde lan egin dugun bi lagun gara, beti egon gara institutuan, ikastolan, herrian... euskara eta euskaltzaletasuna sustatzen, baina teknikariak egin ginenean gure lan esparrua aldatu zela pentsatu genuen, orain gure lekua sarea da... Beraz software librea gustuko dugunez, software librea eta euskara landu nahi ditugu.
Dabid - Ni pertsona askea kontsideratu naiz beti, nire bizitzako esparru guztietan. Sarea ezin zen gutxiago izan, nire lagunak laguntzea gustuko dut, beraz eurei ere sarean libre bizitzeko behar duten guztia eskaintzea gustatzen zait, edo behintzat ahal dudana.
Joseba - Txikitatik datorkit informatikarekiko zaletasuna (gehienbat software librea eta bere filosofia ezagutu nituenetik), eta elkartearen sorreraren aurreko urteetan aktibista moduan aritu naiz hainbat kolektibotan. Aurreko guztia bilduz eta "Informazioak aske izan nahi du" ideia abiapuntutzat hartuz, aktibismo hura informatikaren esparruan lantzea interesgarria iruditu zitzaidan, honela hainbat ildo lantzeko aukera dut: informazioaren askatasuna (softwarea barne), euskara, justizia soziala, giza eskubideak...
Zein beste ekimen edo proiektu interesgarri dira zuentzako erreferentzia edo garrantzia berezia dutenak?
Dabid - Nire ziber aktibista mundua begiratzeko, begiak ireki zizkidaten proiektuak: metabolik bio hacklab, hackmeetinga... Desobedientzia digitala nola sustatu dezakegun irakatsi zidan jendea. Baita komunikazio proiektuak, indymedia eh, mundurat... Euskararen ildoan, librezale, euskal gnu. Momentu honetan, niretzako garrantzia gehien duen proiektua Euskal Herri mailan lantzen ari gara, Eskola 2.0 eta euskal blogosfera. Estatu mailan, hacktivistas.net, baina azken honetan ezin dut nahi beste lagundu.
Joseba - Hasierako erreferentzia bezala metabolik biohacklab eta hackmeetinga aipatuko nituzke, aktibismoaren munduan eurekin eman bait nituen lehen urratsak. Gaur egun, eta etorkizunari begira, garrantzia handia hartzen duten proiektuak Euskal Herri mailan egunkarialibre.info eta "Eskola 2.0" dira, eta estatu mailan "La lista de Sinde (Hacktivistas kolektiboa)".
Internet pertsonak, ingurunea eta mundua aldatzeko balia daitekeela uste duzue?
Dabid - Bai, bestela ez nintzen hemen izango, kar kar. Ez dut teknika jendarte gabe ulertzen, ez ditut jendeak erabili ezingo dituen proiektuak garatzen. Nire burua beti dago Euskal Herriko gizarteari begira, euskarari. Proiektu bat irekitzean beti egiten diot galdera bera nire buruari: zertan lagundu nezake talde/proiektua hau arlo teknikoan? Asteburu honetan, egunkarialibre.info proiektuarekin, ondo erakutsi dugula uste dut, gurearrantzaleakaskatu.org-rekin, baita partaide izan ginen grebaorokorra.infon ere... Beraz (eta dudarik gabe), bai, balio du.
Joseba - Erabat. Hori da gure eguneroko lana egitera bultzatzen gaituena. Gainera frogatuta dago, azkenaldiko erreferente nagusia "Internet-eko oinarrizko eskubideen aldeko adierazpena" da. Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak copyrightez babestutako materialei buruz egin nahi zuen legea herriaren gehiengoaren iritziaren aurka zegoela argi utzi zuen. Azken asteburuan egunkarialibre.info plataforman aritu garen guztiok egindako lana ere oso adierazgarria da. Horrek batzutan lan handia eskatzen du, baina lanaren fruituak jasotzerakoan sentitutako zirrarak, aurreko egunetan egindako esfortzua guztiz justifikatzen du.
Hacktibismoa aipatu duzue, zer da hacktibismoa?
Dabid - Niretzako hacktibismoa pertsonak laguntzeko erabiltzen dudan erreminta da. Hitz ez oso erraza gure esparruan mugitzen ez diren pertsonentzat, baina ziber aktibista moduan ere uler daiteke, beraz, sarea bere medio moduan hartzen duen aktibista bat da hacktibista. Teknikoki gauzak egiten dakiena, bluetooth sistemei etekina atera, web garapena, aplikazioak itzuli copylefta...
Joseba - Hacktibismoa, hackinga eta aktibismoa batzearen emaitza da. Hacking teknikak helburu politikoekin erabiltzea da, helburu politiko hauek orokorrean aurrerakoiak izaten dira: ekologismoa, justizia soziala, adierazpen askatasuna, etab. Hacking teknika ugari erabiltzen dira: legezkotasunaren mugan egon daitezkeenetatik, duda izpirik gabe legezkoak eta guztiz eraikitzaileak direnetaraino. Orokorrean hacktivistek tresna erabilerraz ugari garatzen dituzte herritarrentzat, hauek, aktibismo mota honetan modu errazean eta aktiboki parte hartzeko aukera izan dezaten.
Honekin loturik zein ekimen eraman dituzue aurrera?
2007. urtean, Espainiako Estatu mailan, Hackmeetinga Gernikako gaztetxean egitea proposatu genuen, eta baita lortu ere. Ekintza teknikoz osatutako asteburu hacktibista, manifestazioa, hitzaldiak... Hortik irrati libre bat ere sortu zen, Busti irratia, gaur egun emititzen jarraitzen duena. Hacklab baten jaiotza koordinatzen lagundu genuen, Hackelarre Mediahacklab, eta oraindik nahiko aktibo ikusten ditugu. Gaztetxe batzuetan ziber kafeak ere muntatu ditugu, sareak, ordenagailu gelak... Azkenaldian gurearrantzaleakaskatu.org eta egunkarialibre.info dira gure ekimen esanguratsuenak.
Zein dira elkarteak etorkizunari begira dituen helburuak eta proiektuak?
Urte hau izan da aktiboena elkartearentzako eta orain urteko balorazioa egin beharra daukagu, balorazio honekin batera datorren urteko plangintza egingo baitugu, beraz ezin ezer aurreratu zehatz-mehatz. Nahikoa proiektu ditugu martxan, eta milaka ideia buruan: Euskal Herriko ziber aktibista guztien artean aktibismo mota honi buruzko dokumental edo bideo/muntai bat egitea, Joomla! 1.6 euskaratzea, eta abar. Guztia txukun eta prest dugunean izango duzue gure berri.
Euskal blogosferari ere buelta pare bat eman behar izango dizkiogu, oraindik berdeegi dago eta komunikatiboki oso proiektu interesgarria dela uste dugu, baina horretarako lagun batzuekin berba egin behar dugu, laguntza behar izango baitugu.
Bukatzeko, demagun galdutako gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoaztela bertan agertzen zaretela, zer topatu nahiko zenukete bertan?
Hack.in#badakigu - Elkartean erabili ahal dugun lokal bat. Bermeon, guk gestionatua, guk mantendua... Berdin zaigu non, kontua zaila da, material asko erabiltzen dugunez lokala beste batzuekin konpartitzea ere zaila delako.
Dabid - Askatasun pertsonala eta kolektiboa, baita independentzia teknologikoa ere.
Joseba – Jakin mina, adimen egonezina, askatasuna, konpromisoa eta kontzientzia soziala.