Maite Goñi

Gorka Julio

maite100228

• Ordiziarra, bere lehen urratsak ikusi zituen Ordiziako Jakintza ikastolako irakaslea.
• Ingeles filologia ikasi bazuen ere, euskara, ekonomia bezalako gaiak jorratzen ditu.
• Beti ere, beren lanetan IKTak, ikasleak motibatzeko erabiltzen saiatzen da.
IKTeroen sortzaileetako bat izan zen eta euskaljakintza blog ezagunaren sortzailea ere bada.
• Bere interesen artean: hezkuntza, teknologia berriak, web 2.0, web 3.0, sare sozialak, software askea, datuak askatu, gauzen internet, cloud computing-a, eLearning-a eta orokorrean interneten oraina eta etorkizuna.

Nola sortu ziren IKTeroak eta zein pauso eman zenituzten zuen eskolan aldaketak bultzatzeko?

Jokin Lacallek, Jakintza Ikastolako dinamizatzaile lanak hartu zituenean, garbi ikusi zuen ez zuela bere lana ikastolako azpiegitura informatikoa txukun izatera mugatu nahi, ikastolak beste zerbait behar zuela IKT arloan, hau da, IKTek irakaskuntzari eskain ziezaizkiokeen onuraz jabetu eta irakaskuntzan txertatzeko ahalegina egin behar genuela. Hori aurrera eramateko, etapa ezberdinetako irakasleekin lan-talde bat sortzea proposatu zuen. Zuzendaritzak begi onez ikusi zuen proposamena, eta horrela sortu zen IKTeroak taldea. Pixkanaka etapa ezberdinetara haize berriak zabaltzen joan ginen. Alde batetik, jasotzen genuen informazioa, ezagutzen genituen tresna berriak eta gelan esperimentatzen genuena IKTeroak blogean idazten hasi ginen, gure hausnarketak besteentzat ere baliagarriak izan zitezen eta besteengandik guk ere jasotzeko itxaropenaz. Bestalde, etapa ezbedinetan ere gauza bera egiten saiatu ginen: lanerako filosofia berria zabaldu, guk ezagutzen genuena partekatu, irakasleen kezkak uxatu, animatu...

Zerk bultzatu zintuen euskaljakintza sortzera?

Jakintza Ikastolako IKT taldean, arestian aipatu bezala, duela urte batzuk hasi ginen ohartzen IKTek irakaskuntzari ekar diezazkioketen onurez eta hausnarketa sakon baten ondorengo emaitza dira gaur egun abian ditugun hainbat proiektu. Garbi ikusi genuen web 2.0 delakoak orokorrean asko eskaintzen zuela, eta irakaskuntza arloan bereziki emankorra izan zitekeela. Alde batetik, dohaineko eta erabilerrazak diren tresna mordo bat (blogak, wikiak, webquestak, jario-irakurleak, marka-gune sozialak...) jartzen dira gure eskura; eta, bestetik, hori bezain garrantzitsua den filosofia berri bat (partekatzea, ezagutza denon artean eraikitzea, autonomiaz jokatzea, irakaslearen rola aldatzea...). Gauzak horrela, ez genuen nahi teknologia berrien inplementazioa informatikako klaseetara edo ordenagailu gehiago erostera mugatzea. Esparru eta gai guztietara heltzea nahi genuenez, metodologian eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan eragitea ezinbestekotzat jo genuen. Testuinguru horretan ulertu behar da gure lehenengo blogen sorrera: IKTeroak, Jakinstein, Ordizia, Jakinmin eta euskaljakintza.


 

Euskaljakintzaren kasuan, aurreko guztiari DBHO2ko ikasleen motibazio eza euskara gaiarekiko gehitu behar zaio. Ez nuen nik ikasleen jakin-mina piztea lortzen inondik ere. Aurreko ikasturtearen helburua EGA ateratzea izanik, behin bide hori sakonki landuta, eta kontuan izanda Hautaprobetan ez direla eduki zehatzak eskatzen (idatzizkoaren ulermena, hiztegia eta idatzizko ekoizpena eskatzen dira), izugarri kostatzen zitzaidan euren interesa neureganatzea. Zertarako ikasi behar dugu hau ez bada Hautaprobetan sartzen? Hauxe izaten zen, egitasmoarekin hasi aurretik, gehien entzuten nuen galdera. Beraz, zerbait gaizki egiten ari nintzen. Gure jomuga Hautaprobetarako prestakuntzara mugatzea ez zela azalduta ere, ez nuen beraien jarrera aldatzea lortzen. Arazo hau abiapuntu eta IKT taldekoen artean hamaika aldiz hitz egindakoari eutsiz, nire gaiaren planteamendua iraultzea erabaki nuen: Euskara eta teknologia berriak uztartzeko asmoz, euskaljakintza bloga sortu nuen. Hasiera-hasieratik garbi nuen bloga ez zela tresna gehigarri bat izango, gaiaren ardatz nagusia baizik. Euskara irakasgaiaren asteko hiru orduetan ordenagailu gela erabiltzen hasi ginen. Honela, ikasleek gustuko ez zuten testu liburua alde batera utzi, eta gu geu hasi ginen edukiak sortzen eta eduki horiek guztiekin partekatzen.

Zure ustez, zein da IKTek eskolan izan behar duten papera?

maite100228-2
Badirudi, egun, IKTak helburu bat direla. Nire ustez, ez dira helburu bat, bitarteko bat baizik; beraz, IKTen papera eskolan nik naturala den zerbait bezala ikusten dut, naturalki txertatu beharreko zerbait. Lehen aipatu dudan bezala, IKTek onura asko eskaintzen dizkigute eta horiek baliatu behar ditugu gure ikaskuntza-irakaskuntza prozesua hobetzeko. Beste edozein esparrutan, oro har, teknologia inongo erreparorik gabe txertatua dugu (etxean, lantegietan, kalean, jatetxeetan, zinema aretoetan...), eta teknologiak eskaintzen dizkigun aukera apartez baliatzen gara horiek zalantzan ipini gabe. Ez dut ulertzen zergatik jartzen zaizkion trabak teknologiaren ezarpenari irakaskuntzan. Halere, iruditzen zait hemendik urte batzuetara kontu hauei ez diegula garrantzi handirik emango. Honek ez dauka atzera bueltarik: zenbat eta beranduago igo berrikuntzen trenera, orduan eta okerrago. Teknologia berriak hor daude, eta geratzeko etorri dira. Hainbeste aldarrikatzen den aldaketa metodologikoan zeresan handia dute eta horri etekina atera behar zaio, bai ala bai. Ez dago besterik, kasu honetan ezin dugu beste alde batera begiratu, eta arrazoia oso sinplea da: irakasleok, gure esku artean, izan daitekeen "langai" garrantzitsuena dugu: pertsonak. Eta pertsona horiek prestatu behar ditugu, eskolatik ateratzen direnean, mundu errealean murgiltzeko. Mundu errealean denatarako teknologia erabiltzen da; beraz, oso anakronikoa litzateke gure ikasleak ez ateratzea alderdi horretatik ondo prestatuta. Are gehiago, eskola mundu erreala bihurtu beharko genuke, eta une honetan hori ez da horrela.

Zein iritzi duzu Ikasys bezalako programei buruz? Honen inguruan sortu den wifiaren inguruko kezka?

Irakaskuntzan aurrera egingo badugu, horrelako proiektuak abian jartzea ezinbestekoa iruditzen zait. Alde batetik, pentsatzen dut esperimentatu egin behar dela, esperimentazio horietatik ondorioak atera eta berrikuntzak txertatzeko. Eta bestetik, gertutik ikusi dut zer lan zama eta ilusioa dagoen horrelako proiektu baten atzean, eta hori ere garrantzitsua iruditzen zait. Ikasys proiektuaren eduki eta helburuei dagokielarik, batik bat nork bere bidea egiteko eta bere ibilbidea modu pertsonalizatuan jarraitzeko ideia hori azpimarratuko nuke. Ikaskuntzaren maila eta erritmoa ikasleak berak, era autonomoan eta indibidualean, dituen ahalmenen baitan, bere buruari ezartzeko eta jarduerak egiteko eskaintzen duen prozesu horri oso aberasgarria deritzot.
Wifiaren inguruan dagoen kezka, alde batetik, normala iruditzen zait; izan ere, ezjakintasunak, informazio ezak edo, besterik gabe, berrikuntzek askotan beldurrak eta kezkak sortzen dizkigute. Dena den, administrazioak berak bultzatzen badu wifiaren ezarpena eskoletan, sinetsi nahi dut dela ez dagoelako informe edo ikerketarik non frogatzen den wifiak ondorio lazgarriak ekar ditzakeela. Hori horrela ez den bitartean, nik wifiari alde onak ikusten dizkiot: ordenagailuak erabiltzen ditugun eskolak antolatzeko modu alternatiboak, mugikortasuna, erosotasuna... Dena den, gertutik eta zuhurtziaz jarraitu beharreko gaia iruditzen zait. Frogatzen bada arriskutsua dela hein batean, neurriak hartu beharko dira arrisku horiek minimizatzeko, beste edozein esparrutan bezala. Beraz, alarmarik ez; gertuko jarraipena, bai.

Zure ikasleengandik oso gertu zaude, zein da zurekiko eta beraien artean Interneten duten jarrera?

Ikastolan irakasle eta ikasle guztiok, besteak beste, Google Apps for Education erabiltzen dugu (Google-ek hezkuntzarako prestatutako aplikazio multzoa). Hau da, denok denon korreoak ditugu (jakintza.net) eta hortik abiatzen gara, mezuak bidaltzeaz gain, edozein dokumentu, aurkezpen, sites edo gune, egutegi eta abar abian jarri eta kudeatzeko. Honek esan nahi du etengabe harremanetan egon gaitezkeela eta gaudela internet bidez. Etengabeko harreman honetan errespetua eta gertutasuna da nik nabari dudana. Ikasleek hor zaudela ikusten dute, eta nik uste dut hori eskertzen dutela. Koloreen kodearekin funtzionatzen dugu, eta ondo bereizten dute/dugu libre edo lanpetuta gaudenean. Haien arteko harremanari dagokionez, iruditzen zait hemen ere badakitela bereizten tonua eta erregistroa. Nik dakidan edo ikusi dudan heinean, adibidez Euskaljakintzan eta Tuentin ibiltzen direnean edota iruzkinak uzten dituztenean, errespetu osoz aritzen dira. Normala den bezala, batan erregistro formalagoan eta, bestean, lagunartekoagoan, baina beti errespetu osoz. Hori da, behinik behin, nik gure ikasleen artean ikusi dudana.

Hainbeste aipatzen diren Interneteko sare sozialen erabilerari buruz, zein da zure iritzia?

Nik uste dut ikasleak bizitzarako prestatu behar ditugula eta Internet eta sare sozialak bizitzaren esparru bat dira, alderdi on eta arriskuekin; beraz, horien erabilera zuhurra egin dezaten guztion ardura da, gurasoena, eskolarena eta gizartearena.

Nik beti gauza bera esaten dut. Ume bati txiki-txikitatik arauak jartzen zaizkio, erakusten zaio nondik joan daitekeen eta nondik ez, bidea nondik gurutzatu, norekin izan harremanak, zein ordutan irits daitekeen etxera... arduratsu eta independentea izatera irits dadin. Edo hori horrela izan dadin saiatzen gara, behinik behin. Beraz, Interneten berdin-berdin, hezi egin beharko ditugu erabilera arduratsua egin dezaten. Arazoa neurri batean gure belaunaldikoengan dagoela iruditzen zait, ezjakintasunagatik edo. Sare sozialen gaiarekin gehiegizko alarma dagoela iruditzen zait. Telebistan hauei buruz hitz egiten denean, ez da inoiz izaten ezer positiboa aipatzeko: atzerrian bizi diren lagunekin edo oporretan ezagutu dituztenekin harremana mantentzeko erabili dutela, etxerako lanak elkarrekin egiteko, afariren bat antolatzeko... Beti dago tartean zoritxarren bat, eta, logikoa den bezala, horrek hainbatetan sare sozialen aurkako jarrera hartzera bultzatzen du. Nik sare sozialak ikusten ditut, oro har, euren bizitzaren luzapen gisa: nola kaleko jarrera, hala sare sozialekoa.

Bukatzeko, demagun galdu dituzun gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenuke bertan?

Denbora eta patxada. Denbora, orain arte egindakoaz hausnartzeko eta amets eginarazten didaten nahiz buruan ditudan proiektu guztiak aurrera eramateko; patxada, horiek guztiak lasaitasunez eta ondo pentsatuta egiteko.

Gorka Julio

2010, Martxoa 04
Arloa: Berba Bi