Bizardunak

Gotzon Uribe

 

Langileak garenez, gure martxa eta parranda eguna kontzertuaren eguna da

bizardunak

Iruñeatik dator festa giroa. Bizarrak, irlandar doinuak, dantza, musika eta parrandarako gogoa. Bizardunak talde berriak Euskal Herriko plaza eta areto guztiak hankaz gora jarri ditu. Martxoan Bilboko Kafe Antzokian izan ditugu San Patrizio eguna ospatzen.

Bizardunak taldea martxan jarri duzuenetik pasatu da denboratxo bat. Ze balantze egiten duzue? Jendeak ulertu al du zuen proposamena?

Jende asko zale amorratuak bihurtu dira, beste batzuengan deserotasuna nabaritu dugu. Denetarik egon da, baita ere gaizki ulertutako zenbait ideia ere...egon ez dena adibidez indiferentzia izan da. Gu ezagutuz gero zaila da indeferentzia egotea.

Laister Belfast-era joango zarete zenbait kontzertu ematera. Nola sortu da aukera hori?

Belfasteko zenbait euskaldun gure zaleak direnez erraz uler daiteke jotzeko lekurik aproposena dela guretzako. Eskaera jaso ondoren ez genuen birritan pentsatu.

Nabarmena da Irlandar musika tradizionalaren eraginpean hasi zaretela. Ze beharrizanek bultzatuta sortu duzue Bizardunak?

Euskal folkak ez dauka irlandar "rebel" musikaren indarra, ez hitzetan, ez musikan...oso kantu politak egon daitezke baina estilo bezala aurrerago, haratago eraman nahi izan dugu gure proposamena; hau da, hitz gogorrak eta musika indartsua batuz, folk musikan murgildu rock and roll talde baten jarrerakin.

Bazen garaia zuena moduko proposamen ludiko bat sortzeko euskal musikan. Dibertitzeko, libertitzeko eta dantzatzeko musika egitea.

Jende askok eskertzen du bai, baina ez da gure helburu bakarra... zenbait ideia politiko gizarteratu nahi izan ditugu ere; zuzeneko ekitaldi ezberdinak egiten eta musiko profesionalen ego nazkagarria deuseztaratzeko. Aldarrikatu nahi duguna da guk ere entzule moduan arazoak ditugula, fabriketan lan egiten dugula eta kontzertuak gehien bat ondo pasatzeko egiten ditugula, eta ez beste askok egiten duten moduan, musikari bakoitzaren trebezia eta ahalmena zein den neurtzeko.

"Folk Radical Vasco" egiten duzuela diozue.

Etiketa guk geuk jarri genuen beste inork jarri ez zezan...gure lehenengo diskoa ezinhobeto deskribatzen duen etiketa da.

 


Zuen abestietan doinu tradizionalak jo arren berebiziko garrantzia daukate letrek, izan kexatzeko, bazilatzeko, dantzatzeko...Bizardunak ez da soilik musika, baizik eta uste dut zuen letrek badaukatela hausnarketa bat.

Hasieratik erabaki genuen letren kontua garrantzitsua izan behar zela. Asko txisteekin bakarrik gelditzen dira, beste batzuek aldarrikapen politikoekin, gutxiengoak abestiek daukaten irudi poetikoarekin...Baina entzuleek nabarmentzen dute letreekin ahalegin serio bat dagoela.

 

Ezinbestekoa al da bizarra izatea zuen taldean jotzeko?

Bizarren kontua konpromisoaren metafora bat zen taldearen hasieretan...etorkizunean anekdota bat bakarrik izanen da.

Noiz sortu zen estilo honetako talde bat martxan jartzeko ideia?

Betidanik gure festa ospetsuak "Dirty old town'' edo holako irlandar kantu izugarriekin bukatzen genituen. Azkenean erabaki egin genuen guk geuk grabatzea kanta horiek gure hitzekin.

Zuen kontzertuak ospakizun bat direla diote, bizipozari zuzenduriko ospakizun bat. Horrela al da?

Langileak garenez, gure martxa eta parranda eguna kontzertuaren eguna da. Horrek esan nahi du mozkortuko garela, parranda egingo dugula. Oholtza gainean gaudenez, ikusleari transmititzen diogu gure dibertitzeko gogoa.

Musikari dagokionez zein egoeratan aurkitzen zarete Iruñean?

Instituzionalki Iruñean ez gara existitzen...gu bezalako talde batekiko udalak ez dauka inolako begirunerik; independentistak gara, nafar independentistak eta horrek prezio bat dauka, gustora ordaintzen duguna gainera.

Etorkizunera begira noiz prestatu behar duzue bigarren lan luzea?

''Euskalherriko oreoak'' deitzen da gure single berria, autoeditatua. Disko honekin bertsioekin bukatuko dugu momentuz. Orain bigarren disko luzea prestatzen ari gara. Kantu guztiak guk egindakoak izango dira eta irlandarrak ez garenez, irlandar kutsua murriztuko da.

Gotzon Uribe

2010, Martxoa 16
Arloa: Berba Bi