Zirriak
Aupa denoi! Zelan gabiltza? Jadanik inauteriak prestatzen? Aholkularitza saio baten neska batek galdetu zidan ea koitorik aparte zer zegoen egiteko eta honek eman dit aitzakia bion artean hausnartu genuen erantzuna zuei luzatzeko. Egun inoiz baino denbora, diru eta energia gehiago gastatzen dugu gure gorputzari begira. Oso garrantzitsu diren eredu estetiko eta osasungarriak ezarrita daudelako. Denok edo gehienok daukagu argi gure gorputza zaintzea inportantea dela eta bakoitzak bere neurrian zerbait egiten du gorputza osasuntsu, garbi eta lirain mantentzeko: kirolaren bat praktikatu, garbitu, medikuarengana joan zer edo zer baldin badaukagu, bitaminak eta mineralak hartu indartsu egoteko, jaten duguna zaindu... Argi daukagu gorputza jagotea ezinbestekoa dela. Argi daukagu askotan ahalegindu egin behar dugula gero pozik egoteko eta egoerei etekinak ateratzeko: igeri egitera bagoaz eta aldi batean egiteari utziz gero, kosta egingo zaigu berriro lehengo erritmora heltzea, eta haserretu arren badakigu ekinaren ekinez lortuko dugula; familiako batzuekin geratzean hasieran gogo handirik gabe egon gaitezke baina behin arratsaldea eurekin egon eta gero gustura gaudela ohartzen gara eta ahaleginak merezi izan duela. Erotika alorrean gauza bera gertatzen da, denbora behar dugula gustura egoteko, gure gorputzari etekinak ateratzeko, hainbat modu topatzeko, besteari esateko zer dugun gustuko eta zer ez, gure azalean sakontzeko... Denbora, epea eta gogoa dira ardatza kontu hauetan. Bai, badakit askotan ikasleek denbora arineketan bizitzen duzuela eta ematen duela bihar amaituko dela mundua. Baina asko eta asko daborduko konturatuko zineten moduan plazerraren kontuetan arintasunak eta betebeharrak ez dutela inor leku gustagarrietara eramaten. Gure gorputza, askotan esan dudan moduan, azalez dago jantzita eta azal hori errezeptorez josita dago, horiek plazerra hartzeko gaitasuna dute eta burmuinera informazio hura bidaltzen dute gure hezur-muinaren bidez eta hantxe ematen da plazerra. Honek esan gura du gorputz guztia dela gai plazerra jasotzeko eta emateko, ez bakarrik gure genitalek. Imajina ezazue zuon gorputza jatetxe bat dela. Bakoitzak bere egitura dauka, bere estiloa, bere formak, bere gustuak, gauzak egiteko bere moduak... jatetxe bakoitza diferentea da eta bera bezalakorik ez dago beste inon ere. Jatetxe bakoitzeko arduradunak inportantzia gehiago ematen die gauza batzuei beste batzuei baino, eta askotan horretan datza bakoitzaren originaltasuna. Jatetxe bakoitzeko arduraduna detaile askotaz jabetzen da eta horiei denbora eman behar zaie jatetxearen edertasuna eta bere benetako nortasuna agerian jartzeko, bere lekua egiteko beste jatetxeen artean. Ez da izango besteak baino hobea edo txarragoa, desberdina baino ez. Pentsa zenbat denbora ematen duzuen zuon jatetxea zaintzen, garbitzen, apaintzen, maitatzen, zein gauzetan eta zein detailetan agerian jartzen den zuon nortasuna, zelan azaltzen zarete eta zer gordetzen duzuen inork ez ikusteko... Benetan ez da lan makala. Imajina zelako gutiziak dauden gorpuztu den jatetxe horretan (lepo zuria, bular samurra, izter sendoak, ipurdi galanta...) Imajina zeintzuk gura ditugun elkar banatu (musuak lepotik, laztanak ipurdian...) Imajina zeintzuk oraindik guretzat baino ez diren(ferekak titietan, igurtziak barrabiletan...) Imajina zeintzuk diren gure kuttunenak eta zeintzuk benetan janezinak. Imajina zeintzuk diren errazenak eta zeintzuk konplexuenak. Behin jakinda zer daukagun eta zer gura dugun banatu, errazagoa izango da besteari esatea gorputzen edota berben bidez zer daukagun gustura elkarrekin jateko. Zirrien jatetxea, luxuzko jatetxea izaten da, askotan bidez kanpora geratzen den jantokia bada ere. Sarritan neska zein mutil askok arineketan gura dute koitora heldu, hainbatetan esan dutelako hori dela platerik gozagarriena... eta bidean hainbat zapore, laztan, usain, gustu... galtzen dute. Ez dago jatordu bat bestea baino hobea. Batzuei arroza gustatzen zaie indabak baino gehiago eta horrek ez du esan nahi arroza berez denik hobea, diferentea baino ez. Nahiz eta batzuei oso zaila iruditzen zaien indabak inori ez gustatzea. Gure gorputz bazterrekin gauza bera gertatzen da, eta norberak jakingo du zer gura duen prestatu, jan, konpartitu... Bera baita jatetxearen arduraduna. Eta ez ahaztu sukaldariak legez inork ere ez dituela jatorduak prestatzen beraz besteari irakatsi egin beharko diozue zelan prestatzen diren zuon gutiziak. ON EGIN!