Hilekoa, emakumeok izurtzen dugun odol jarioa
Aupa denoi!!! Berriro ere elkarrekin, eta orain batez ere neskei, dagokien kontu batekin, baina mutilentzat ere badauka interesa. Eta zein da kontua? Ba hilekoa horrenbeste galdera, zalantza eta egonezin sortzen duen gaia. Hilekoa gaixotasuntzat hartu dute menderik mende. Ezjakintasunak erraztu zuen bidea mina eta odola gaixotasunarekin lotzeko; tribuen edota erlijio sistemen moralak ere euren ekarpena egin zuen iritzi horretan, azkenean askotan emakumea ukitu ezina bihurtu arte. Beraz, ez da bat ere harrigarria gaur egun ere hainbat mitok irautea. Baina azalpen magikoez at badaude azalpen zientifikoak emakumeok gure hilekoa hobeto ulertzeko eta baita gizonek ere. Hilekoa hasten denean hasten da gure zikloa. Zikloak desberdinak dira emakume batetik bestera aldagai hauen arabera: zikloaren iraupena (22-35 egun bitartekoa), hilekoaren iraupena, (3-10 egun bitartekoa), hilekoaren kantitatea (asko ematen badu ere gutxienez bi koilarakada eta kikara erdi tarteko kantitatea hileko osoan) eta zikloaren bizipenak (tristezia, euforia, minak, suminkortasuna...). Neskak jaiotzen garenerako obulutegietan ditugu bizitza guztian garatuko ditugun obuluak. Neskatila nerabezaroan sartzen denean burmuinak agindua ematen du obulutegian, estrogenoak eta progesterona isurtzeko obuluarekin batera. Hormona hauek oso garrantzitsuak izango dira gure heldutasun fisikoan, gure emozioetan eta gure hazkuntzan oro har. Lehenengo hilekoak eta azkenekoak oso aldakorrak dira. Hasieran zikloa erregulatzea eta iraunkortzea eta amaieran zikloa behin betiko desagertzea, askotan urte bitik gorako prozesua izaten da. Neska batetik bestera alde handia egoten da, beraz ez larregi arduratu eta bat ere ez jausi konparazio maltzurretan. Hilekoa hilero emakumeok isurtzen dugun odol jarioa da. Odol hau, hein handi baten, umetokiaren barneko ehuna da. Odola umetokitik umetokiko samaren zulo batera doa eta handik baginatik kanpora. Gure zikloaren lehenengo zatian estrogenoen mailak gora egiten du eta horrek eragiten du umetokiaren endometrioa (barneko ehuna) loditzea eta zabaltzea. Beste hormona (FSH) baten ondorioz obulu bat heltzen hasten da obulutegian. Zikloaren erdian, gutxi gorabehera, beste hormona (LH) baten eraginez obulua obulutegitik irtengo da. Honi obulazioa deitzen zaio. Obulatzen gauden jakiteko modu erraz bat gure kuleroak begiratzea izaten da. Honezkero asko konturatuta egongo zarete likido bat agertzen dela bertan. Umetokiaren saman dagoen muki zerbikala da berau, berez umetokiaren babesle lana egiten duena, baina obulatzean findu egiten da eta isuri egiten da. Ondo begiratuz gero konturatuko gara egun batzuetan isuri zuriagoa eta lodiagoa daukagula besteetan baino; horrek esango digu gutxi gorabehera zein egunetan obulatzen dugun. Hauek dira haurdun geratzeko egun errazenak. Baina askotan gertatzen den moduan, nahi ez duzunean edozein egun ona dela ematen du. Zikloaren bigarren zatian, obulua Falopioren Tronpetatik umetokira doa. Progesteronaren nibela igotzen da eta honek laguntzen du umetokia prestatzen haurdunaldirako. Hormonen nibelak horren aldakorrak direnez, neska asko hilekoarekin daudenean oso triste edo oso sentibera daude. Orduan inportantea izango da gai batzuekin ez gehiegi arduratzea eta hilekoaren ostean beste begirada batekin kasu egitea. Dena den, eta hau batez ere mutilentzako doa, ez pentsa neska bat sentibera edota haserretuta badago hilekoarekin dagoelako, edo bakarrik horregatik. Aspaldion kontu dezente entzuten ari naiz honi buruz eta... Hazizkiren batek obulua ernalduz gero zelula hori umetokiaren horman itsatsiko da. Ez bada ernalkuntzarik gertatzen progesterona eta estrogenoaren nibelak berehala jaitsiko dira, obulua disolbatu egingo da eta umetokian gertatzen den hormen estaldura askatu egingo da hilekoarekin. Beraz isurtzen dugun odola ez da ustela ezta zikina ere! Pentsa ezazue ernalkuntza gertatuz gero hortxe geratuko zela zelula. Gure odol emankorra kanporatzen dugu naturak ipinitako zikloa berriro ere gerta dadin. Datorren hilean tanpoien gaia eta hilekoak eragiten dituen minak azalduko ditut, jakin baitakit askorentzako horiek direla kezka handiak. Besarkada handi bana, Agurtzane
Argazkiak: Lea Multimedia