Kama-Sutra
Aupa guztioi: Atzera ere ikastolara Aste Santuko oporrak pasatu ostean, hemen gaituzue geu ere bueltan gure sexualitateari buruzko zalantzak argitu nahian. Oraingoan Kama-Sutra izango da aztergai. Kama-Sutra askotan entzun dugun izena da. Gehienetan ekialdean idatzitako liburu bat dela badakigu. Idatzitakoaz gutxi jakin arren bertan agertzen diren irudiez antza denez askoz ere gehiago jakiten dugu. Gehienentzako “posturen liburu bat” da, edo bestela “ekialdetik datozen sexualitateari buruzko ohiturak”. Askotan ikastetxeetan aho beroz eskatzen digute liburu hau eramatea ikusteko zelakoa den eta benetan eskura edukitzeko hainbat irudi, jakin-mina eta irudimena asetzeko. Hemen tarte zabal bat eskaini gura diot liburu honi, alde batetik liburuaren muina mahai gainean jartzeko eta bestetik liburu honen idatziak oso egunekoak direlako, liburuak berak 2.000 urte baino gehiago eduki arren. Kama-Sutraren autorea Mallinaga Vatsyayana da, eta bere azkeneko obra honetan plazeraren printzipioak hausnartu zituen beti ere Hinduismoaren Idatzi Sakratuak oinarritzat hartuta. Hinduismoan sexualitatea eta erotika ia sakratua ziren, funtsezkoak bizitzarako eta horregatik estudiatzeko gai duina. Vatsyayanak esaten ei zuen plazerak elikagaiak bezain garrantzitsuak zirela gorputzerako. Kama-Sutraren mezu inportanteenetariko bat da sexualitatearen bizipenari dagokionean bekatuak eta errutasunak ez daukatela tokirik. Hinduismoan pertsona batek dharma, artha eta kama praktikatu behar ditu bere bizitzako sasoi desberdinetan. Dharma Idatzi Sakratuei obeditzea da eta jakiteko zelan obeditu Shutri edo Liburu Sakratutik ikasi behar da. Artha lurra, ganadua, aberastasunak, arteak, ondasunak eta lagunak eskuratzea, kontserbatzea eta handitzea da. Hau funtzionario Errealengandik eta komertziante trebeengandik ikasten da. Kama bost zentzuen bidez eskuratutako gauzez gozatzea da, beti ere adimenaren eta arimaren ezinbesteko laguntzarekin. Hau andreengandik eta gizonengandik ikasten da eta baita Kama-Sutratik ere. Sutra, aforismo bat da, hau da printzipio eta balore baten formulazio bat. Kama-Sutra aurrekoari buruz egindako aforismoak batzen dituena da, maitasunari buruzko aforismoa alegia. Hinduismoaren arabera edozeinek bere pasioen gatibu bihurtu barik hiru printzipio hauek jarraitu ezkero edozein helburu lortuko du. 1842an Richard Burton armadarekin Bombayra joan zen eta berehala bere kideekin ibili beharrean bertoko jendearen konpanian ibiltzea aukeratu zuen, horrela hasi zen bertako kultura, erlijioak, ohiturak eta hizkuntzak ikasten. Komandantea bere dohainaz jabetu zenean, bertako emagalduen etxeei buruzko txostena agindu zion, sifilisa (genitalen bidez transmititzen den gaixotasuna) jadanik arazoa bihurtzen hasi zelako armadan. Burtonek, lan horretan hasi zenean, mediku batekin egin zuen topo eta biek benetan txosten sakon eta zehatza bete zuten. Indian zazpi urte eman ondoren armadak etxera itzularazi zuen, jadanik Burtonek gehiegi zekien armadaren atzealdeko erotikari buruz. Sir Richard Burtonek, Orientalismoan aditua, Indiatik Kama-Sutra berreskuratu zuen eta Kama Shastra elkarteko kidekin batera 1883an argitaratu zuen. Baina liburu hau ia 50 urtetan aditu batzuentzako baino ez zegoen eskura. 1960 hamarkada arte itxaron beharko genuen mundu zabalean agertzeko. Baina beste obra klasikoei gertatu zaien moduan ez zen asko irakurtzen, “manual sexual”-tzat edota pornografiatzat hartu zutenetik liburuaren benetako esanahia alde batera utzi baitzuten. Vatsyayanak Kama-Sutra idatzi zuenean sasoi hartako (400 urte k. a., Indian) negozio-gizon heterosexuala zeukan gogoan. Hala ere Vatsyayanak, beste asko kontra eduki arren emakumearen paper inportantea aldarrikatu zuen eta emakumearen erotikari dagozkion desioak eta beharrak jorratu zituen. Honen adibidea liburuan agertzen diren emakumearen estimulazioaren inguruko hausnarketak. Vatsayayanak berak sailkatu zituen andreak eta gizonak baginaren eta zakilaren tamainen arabera eta aipatzen zuen, elkartu ezkero zer egin behar zuten gozamena handiagoa izateko. Desioaz ere idatzi zuen, eta deigarria da orain dela 2.000 urte baino gehiago emakumearen desioa eta pasioa ontzat hartzen zuen eta gizonen parean ipintzen zuen. Hinduen tradizioan gorputza norberaren espiritualtasuna transmititzeko modua zen eta ez zeukan zer ikusirik bekatuarekin. Beraz gorputza adeitasunez tratatu behar zuten. Sexualitatea eta erotika sakratutzat hartzen zituzten eta hainbat pinturetan eta estatuetan arreta jarri ezkero agerian dago eurek egindako aurrerapena. Gu orain harritu arren, sasoi hartan, gainera, gizon hinduei asko gustatzen zitzaien euren andreekin edozein sexu jokabide praktikatzen zeudenean margolariren batek horrela zeudelarik erretratatzea, sexualitatearen bizipena lotsatzekoa baino harrotzekoa zen eta. Irudi horiek dira gaur egun jakin-min handiena piztu dutenak. Kama-Sutran andreek eta gizonek bete beharreko hainbat modu, jokaera eta arte agertzen dira. Adibidez zelan erabili perfumeak, musika eta elikagaiak zentzuen gozamena garatzeko, beti ere arima eta adimena eskutik datozela. Kama-Sutran agertzen da zelan maitatu gorputza: Gizonek zein andreek egunero, jaikitzerakoan garbitasun eta apaintze betebeharrak zeuzkaten: gorputza garbitu, apaindu eta lurrinak eman atal guztietan. Gorputzaren garbitasunarekin jarraituta, beste atal baten ere agertzen da zein garrantzitsua izan litekeen maitaleek batak bestea garbitzea eta apaintzea. Hau ez da ezinbesteko errito bat baina batzuetan laguntzen du desioa areagotzeko, konfiantza, kariñoa eta samurtasun sentimenduak estimulatzeko. Vatsayayanak dioenez garrantzizkoa da erritoak eta jokoak non egiten diren, lekuak eragina baitzuen bere iritzian bikotekideen gozamenaren eremuan. Berak gela loraz apaintzea eta lurrina erabiltzea proposatzen zuen harremana ondo eta gozo joan zedin. Kama-Sutrak, gorputzaren eta maitaleen harremanari emandako inportantzia alde batera utzita, harritzekoa da zelan ia denetariko jokaerak sailkatzen dituen: besarkadak, musuak, haginkadak, koitoak, kolpeak, soinuak, txitxemarkak, ahoa eta genitalen arteko jokoak, ipurdian emandako txalotxoak eta era guztietako maitasun jolasak. Bere ustez jokaera hauek maitaleek euren sentimenduak eta emozioak batak besteari espresatzeko moduak eta exzitazioaren gozamena sakontzeko erak ziren. Hala ere Vatsayayanek berak dio gai hauek ezin direla arau zehatz batekin zenbatu, ezta definitu edo sailkatu ere, behin harremana hasita pasioak bakarrik erregulatuko dituelako protagonisten jokaerak. Ikusten duzuenez liburu honek asko dauka eskaintzeko irudiaz aparte. Inoiz zuon eskuetan baldin badaukazue, behin irudiak aztertuta, irakurri zer dioen. Oso interesgarria irudituko zaizue! Besarkada handi bana, Agurtzane