KONDOIAREKIN BUELTAKA
Aupa danoi! Uda honetan aspaldiko oparitxo bati kasu egin diot, liburu bati hain zuzen ere, Juan Karlos Merinoren Kondoi Urrunak lanari. Benetan interesgarria sexualitatearen bizipenari lotuta dauden hainbat egoera oso modu hurbilean azaltzen dituelako eta gozagarria benetan irakurri ahala bere berben bidez edozelako ametsen munduan galtzera bideratzen gaituelako. Liburuaren izenburua aitzaki ederra iruditu zait kondoiei buelta bat edo beste emateko egun lasaigarri hauetan. Beharbada irakurrita edukiko duzue liburua. Batez ere Batxilergo kurtsoren baten eta DBH 4. mailan, badakit ikastola batzuetan irakasleak aginduta ikasleek irakurri dutela gero klasean liburuaren hainbat gai aztergai izateko, norberaren inplikazioa eta kritika ardatz direla. Seguruenik behin baino gehiagotan aipatu duzue klasean, etxean edota lagunen artean kondoiaren gaia. Askotan kondoiaz berba egiten denean prebentzio mailako baliabide bati buruz baino ez da mintzatzen. Kondoia, koitoa edo felazioa praktikatzerakoan erabiltzeko metodoa da. Kondoiak ziurtatzen du haurdun ez geratzea edota genitalen bidez inolako gaixotasunik ez transmititzea... Horrela, gehienetan gure arteko jokoetan gertatzen dena nahiko higienikoa edota mekanikoa izaten da, eta batez ere koitoan zentratua. Hau dela eta, denetariko sentsazioak sortzen dira nire baitan. Gure sexualitateari dagokiona askoz ere zabalagoa delako. Kondoi Urrunak irakurtzerakoan kondoiak eragindako hainbat egoera etorri zait gogora, niri gertatutakoak zein ikastetxeetan entzundakoak, lagunen artean edota kontsultan kontatutakoak eta benetan denon sexualitatearen adierazgarriak denak ere. Irakurri edo entzun izan ditudan historiengatik, askotan kondoiak lagunen arteko jolasari lagundu beharrean kontrakoa egin du. Kondoia mamu bihurtzen da, hainbat uste faltsuri bidea emanez: “kondoia erabiltzen badugu gozamen gutxiago edukiko dugu” “mutilak gutxiago sentituko du” “gure arteko exzitazioa moztuko du” Denerik entzuteko jaio gara, eta batez ere alor honetan. Kondoia baliabide bat baino ez da, guk nahi ditugun sexu jokaerarekin gozatzeko, ez da besterik. Beraz kondoia gure “jostailu-laguntzat” hartu beharko genuke, haren funtzio bakarra gu laguntzea baino ez delako. Lagungarria izan beharko luke eta ez gure arteko jolasa mozteko aitzakia. Baina askotan azken hau gertatzen zaigu. Beharbada, kondoiak erabili nahi baldin baditugu, lehenengo gure bizitzan sartu beharko ditugu. Kondoiak normalizatu. Hau da, erosi eta ikusi zelakoak diren, usaindu, ukitu, jolastu... norberaganatzea inportantea da. Bestela, gero oso zail egiten da egoera intimoetan kondoia aipatzea edo ateratzea. Kondoiak eragiten dituen galderei erantzunak bila lagun artean, profesionalen artean, irakasleen artean edota etxean bertan. Askotan erantzun bat baino gehiago egongo dira, eta denon artean topatuko dugu bidea. Gainera kondoiez berba egiteak edo zertan datzan azaltzeak ez du esan nahi jokaera baten edo bestean jardungo dugunik. Baina gure jakin-mina asetuko dugu, ondo pasatuko dugu eta beharbada gure beldurretatik eta lotsetatik aldenduko gara apur bat. Eta beldurretatik urruntzen garenean gozamenera hurbiltzen gara. Kondoien mundu horretan sartuz gero ikusiko duzue zenbat kondoi mota dauden guk ondo pasatzeko, bakarka edo lagunen batekin: koloredunak (beltzak, gorriak, urdinak, horiak...), zaporedunak (marrubizkoak, platanozkoak, mentazkoak...), ilunetan fosforito ikusgarriak (Star Warseko ezpata ez zen ezer horrekin konparatuta), musikadunak, marrak edo motatxoak dauzkatanak ere badaude; eta salgai daude baita hainbat lodiera, zabalera eta luzeratakoak ere. Hainbat eta hainbat kondoi gure jolasa gozagarria izan dadin. Ez gure jolasa mozteko! Beraz aprobetxa ditzagun dauzkagun aukerak eta ondo pasatu!
Argazkiak: Lea Multimedia