Agus Barandiaran
Urte asko daramatza Agus Barandiaranek musikaren munduan. Trikitixarekin hasi zen lehenengo, ondoren Urgabe taldea sortu zuen eta, egun, Korrontzi folk taldeko burua izateaz gain, musika-zerbitzu integrala eskaintzen duen Baga-Biga diskoetxearen gidaria ere bada. Lanik ez zaio falta Mungialdekoari baina tartetxu bat egin du Kontaizuri aurten Bermeon maiatzaren 30ean ospatuko dan Ibilaldiaren kantaren berri emateko, berak konposatu baitu.
Nondik nora jaso du Korrontzik aurtengo Ibilaldiaren abestia egiteko enkargua?
Bermeoko jendeak argi zeukan zer-nolako kantua nahi zuen beraien Ibilaldiaren ispilu izateko: kantu alaia, herrikoia, abesteko erraza eta dantzarako aproposa. Korrontziren musikak ongi betetzen zituen betebehar guztiak, beraz, gure berri bazutenez -argitaratu genuen azken diskotik-, eta guk pozik hartu genuenez beraien gonbitea, momentuan jarri ginen lanean.
Zer suposatzen dio lan horrek taldeari?
Gure ibilbidean beste pausu bat da, hasi ginenetik hona hainbat izan dira aurrean izan ditugun erronkak, eta hau ere horrela hartu genuen. Guretzat errekonozimendu itzela izan da eta beti da ona gurea bezalako talde batentzat.
Zeintzuk izan dira, kanta sortzerako orduan, kontuan izan dituzuen oinarrizko irizpideak?
Letra ikastolako Josu Murua irakasleak egin zuen, berak galdetu zidan ea nolako estruktura emango zion letrari, eta di-da batean egin zuen. Letra niri eman eta musika konposatzen hasi nintzen. Gure betiko estiloari uko egin gabe, baina ahalik eta jende gehien batuko zuen kantua egin behar... Hori izan zan nire erronka. Eta, irizpideak? Bada, lehen esandakoak: alaia, dantzagarria... Azkenean, hemen daukagu emaitza eta jendea gustora dago!
Aurreko urteetako Ibilaldi askoren kantak gogoratu ere ez dira egiten. Beste batzuk, ostera, gogoangarriak dira. Aurtengoak gatz eta piper nahiko dauka?
Ez dakit ba... 'Greatest heat' barruan sartu edo horrelako zerbaitetan bihurtuko dan, batek daki! Nik dakidana da, gustora defendatzen dugula gure kantua jotzen dugun bakoitzean, eta pozik gaudela emaitzarekin; beraz, horrekin guretzat nahikoa da.
Tartean, kolaborazio ugari izan dituzue, inguruko zenbait abeslarirenak. Nolakoa izan da elkarlanean grabatzeko esperientzia?
Guretzat lagunak direnez, beti da esperientzia ona. Mikel Urdangarinekin aspalditik dugu erlazioa, eta gure azken diskoan ere abestu zuenez, gure gonbitea gustora hartu zuen, elkarlana primerakoa izan zen. Alex Sarduirekin? Bada, zer esango dizut... Nirekin hamaika saltsatan egon da sartuta azken urteotan, beraz, beragaz ere esperientzia polita, betiko moduan. Oso jatorrak dira biak eta azkenean lagunez inguratzeak hori dauka... primeran egiten duzula lan.
Zein estilo legez definituko zenuke kantea?
Nire ustez, folk musika da, Ibilaldirako eginiko kanta ez balitz izango, gure errepertorioan sartzeko modukoa; beraz, Korrontziren estiloarekin bat datorren kantua da.
Doinuez Korrontzi arduratu da baina letrak ikastolako Jose Muruaga irakasleak egin dituela aipatu duzu. Zeren ingurukoak dira?
Hasieratik argi geneukan guk ezin genuela hartu letra egiteko ardura. Ibilaldiko kantuaren letrak hiru minutuan gauza asko esan behar ditu, eta herri baten adierazgarri bihurtu behar da, beraz, letra hori egiteko, herriaren parte-hartzea ezinbestekoa zen. Josuk ongi betetzen zituen letra egiteko betebeharrak: Bermeokoa izatea eta ikastola ongi ezagutzea. Bera zen aproposena. Nire ustez, lan bikaina egin du, Bermeoko hainbat berba eta hitz-joku kantuan izanda, adierazgarritasuna eman dio kantuari, Bermeoko jendearen nortasuna bertan islatuz.
Bideoklipa ere grabatu duzue, Jabi Elortegiren gidaritzapean. Korrontzik ideiaren bat eskaini du lan hori egiteko?
Ez, arlo horretan guk ez genuen ezer esan eta, ganera, nahiago dugu horrela, askotan, proiektu batean gehiegi sartuz gero, objetibitate puntu hori galtzen duzulako, eta beharrezkoa den freskotasuna ere bai. Beraz, hobe zen bera bezalako pertsona batek kantua hartu eta bere ideiak klipean islatzea. Nire ustez, kantua entzun zuen momentutik argi zeukan zer egin behar zuen emaitza bikaina izateko, eta erabat lortu du helburua, ikastolako hainbat jende anonimoren aurpegiak plazaratu eta Ibilaldiaren benetako protagonista bihurtuz.
Kanta, honez gero, zabal dabil kalean eta ikastola inguruetan. Jendearen erantzunik izan duzue euren iritziekin?
Orain arte kritika guztiak oso positiboak izan dira. Hasieran denok beldur izan arren, kantuaren harrera bikaina izan da eta, frogarik onena, herriak Ibilaldiaren kantua aintzat hartu izana da.