Atorrak

Agurtzane Ormatza Imatz

jo37.jpg

Aupa denoi!! Ia denok prest egongo zarete aste batzuk barru gure herrian beste hainbatetan moduan mozorroak datozelako. Aratusteak, Inauteriak... hortxe, hortxe daude eta asko urteko sasoi honek ematen duen askatasuna aldean bizitzeko gogoekin zain.Oso deigarria da zelan hainbat neska-mutil, andrea-gizon egoten diren jai hauen zain. Batzuentzako egoera ederrenetarikoa mozorroa jartzeko eta beste edozeinen azalean jartzeko, besteentzako benetako izaera erakusteko aukera, askorentzako mozorroak ematen duen askatasunaz gozatzeko garaia, hainbatentzako haragiak agintzen duena betetzeko sasoia.... Bakoitzak bere bizipena du. Interesgarria izango litzateke, denontzako baita ere, egun horietan askatzen duguna, azpimarratzen duguna, gozatzen duguna... ez ahaztea. Are gehiago inauterietan piztutako sugarra gure barnean gordetzea eta lantzean behin ateratzea gure lagunen artean.
Garai honetan oso egun eder bat dago Bizkaiko kostaldeko biztaleentzako.Mundaka aldean ospatzen da eta Atorra eguna deitzen zaio, behintzat horrela dago zabaldurik kalean. Mundakako aratuste jaien jatorria argi ez egon arren eta Atorren kontua ere ez, ematen du 1700. urtearen ingurutik datozela. Aintzinako Aratustetatik bakarrik geratzen dira Atorrak. Mundakako mutilak joaten dira herritik zehar aspaldiko abestiak eta herrian eman diren berriei buruzkoak, eurek asmatutako kantak, abesten. Eguerdian, goitik behera zuriz jantziak benetan ikusgarria den desfilea egiten dute. Beste aldean Laminak dagoz. Bertoko neskek orain dela 25 urte gizonezkoei erantzuna eman gurean sortu ziren. Kontua da hori baino lehenago bakarrik gizonezko asuntoa izaten zela. Laminak, beltzez jantzita, arrasti partean irteten dira euren oihu deigarriekin eta alaiekin kalea hartzera. Gaur egun jai honen ezaugarririk ezagunenak dira: alde batetik atorraken eta laminen desfileak eta kantuak eta beste alde batetik zirrien kontua. Hau da, zelan atorrak eta laminak euren artean edota han batzen diren guztiei ipurdian zirriak egiteko aukera daukatela. Hau dela eta hainbat eta hainbat gazte, eta ez hain gazte, jaia ospatzeaz aparte zirrien kontua dela eta haraino heltzen dira. Antza denez antzina zirri bat egitea bestearen aurrean apur bat makurtzea eta keinu bat egitea baino ez zen. Denbora joan ala ohiturak aldatuz joan dira eta atorra nagusi askorentzako zirria nesken ipurdian laztan txiki bat edota kili- kili samur bat egitea da. Beste atorra batzuentzako ipurdiaren ematen den laztana sakonagoa egiten da.Laminek euren aldetik kontu bera gizonezkoekin.Beti ere lamina edo atorra izan ezkero. Eta kanpotik datorren hainbat jendeentzako ipurdia laztantzeko aukera paregabea bihurtzen da. Edonork ukitzeko edonori. Ez zara zertan lamina edo atorra izan behar. Bat-batean jaia gai korapilatsua bihurtu leike. Argi dago urteak joan ala ohiturak galtzen direla, tradizioak aldatuz joaten direla eta gizarteak eraikitzen dituela bestelako jaiak denbora berrietara egokituz, tradizioan sustraiturik egon arren. Nik ez dakit zein den zirrien tradizioen zergatia, ez naizelako horretan aditua eta gaitza egin zaidalako tradizio honi buruz gauza askorik topatzea. Baina imajinatzen dut aintzinako sasoietan ohitura hori zela modu bat neska eta mutilen arteko harremanei bide bat emateko, kode bat zegoen eta biek jakinaren gainean erabiliko zituen askatasun osorik. Ohitura hau ez zen ematen beste sasoi baten aratustetan baino, oso garai esanguratsua. Segur aski horrelakoak egiteko parada zegoen garai bakarra. Uste dut oraindik ere zirri horrek horrelako kutsu bat daukala. Hainbat herritako ( Markinatik, Busturialde osotik eta Uribe kostatik ere) neska eta mutil joaten dira jai honetara. Aste batzuk lehenago inguruko ikastetxeetan jai honen berri badaukate eta denak jadanik dantzan dabiltza.Askok euren jakak gerriraino lotuta ipurdia agerian, hotza egon arren. Joaten diren, garen, gehienok badakigu zer gertatzen den jai horretan. Batez ere gau aldean. Batez ere gure herriko garagardoak edota bestelakoak gure ahoetan dantzan dabiltzanean. Atorraren batek edota laminaren batek norberaren ipurdia laztantzeko aukera baldin badauka eta gura izan ezkero egingo duela. Herritik kanpo datozen hainbat neskek eta mutilek aprobetxatzen dute edonoren ipurdia ukitzeko baita ere, tradizioan horrelakorik ez egon arren. Are gehiago sarritan kanpotarren artean girotzen da ipurdiaren kontua gehiago bertokoen artean baino. Hau dela eta hainbat galdera sortzen zaizkit. Zenbaterainoko grina daukagu bestearen azala ukitzeko? Zelako gogoa daukagu gorputzen dantzaz gozatzeko? Zelako gabeziak dauzkagu gure desioa bideratzeko orduan? Zelako abileziak dauzkagu gure mugak jartzeko? Zelan maneiatzen dugu desioak ematen duen beldurra? Zelako jaiak behar ditugu gure desioak askatzeko? Zelan da denok gura izatea laztanak ematea edota jasotzea, eta sarritan ez ditugula ematen gura ditugunak eta jasotzen ditugula ez ditugunak nahi? Beharbada Atorren eguna ez da izango lehengo modukoa, beharbada gaur egun ematen dena batzuen ustez “desfasea” da. Beharbada gaur egun desioa garatzeko modu asko ere askeagoak dauzkagula ematen badu ere, ez da horrela. Beharbada gaur egun gorputzari eta jarrerei jarritako morala edota legea askoz ere zorrotzagoa eta kontraesanaz jositagoa dago. Beharbada eguneko presak eta norgehiagokak ez dute ixten laztanaren esangura dastatzen. Beharbada ez dakigu zelan kontaktuan jarri beste horrekin eta edozein modutan egiten dugu. Beharbada ikasten gabiltza... Beharbada planteamendu zabal eta sakona egin behar dugu gure desioak eta beldurrak hausnartzeko moralatik eta legeetatik at. Nesken arteko. Mutilen arteko. Denon arteko harremanei gozamenaren, ikerkuntzaren, ulertzearen...bideak errazteko. Zer pentsatzen duzue? Besarkada handi bana


 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2007, Otsaila 01
Arloa: Jo ta jo