Sexu heziketa eta gurasoak

Agurtzane Ormatza Imatz

jo39.jpg

Zelan zabiltzate? Jadanik Aste Santua ahaztuta baina udako oporrak gainean, beraz irrikan kurtsoari agur esateko. Pazientzia ba. Orain dela hilabete batzuk Sexu Heziketari buruzko jardunaldi batzuetan egon nintzen. Egindako ikerketa baten emaitzen aurkezpena aitzakiatzat hartuz, Bilboko ikastetxeetan dagoen sexu heziketa hausnartu genuen. Zientzian murgildurik. Ikerketa EGHAM, BIZIGAY eta QUEE EKINTZA taldeek bultzatuta eta gure kolaborazio teknikoarekin osatuta egin zen. Ikerkuntza Soziologikoen Enpresa batek bideratu zuen. 400 inkesta bideratu ziren Bilboko ikastetxe publiko eta pribatuetan, laikoak zein erlijiosoetan. Helburua zen egiten den Sexu Heziketari buruzko irudi bat edukitzea. Hausnarketa 6, 12 eta 16 urteko ume eta gazteen artean eman da. Metodologia desberdinak erabiliz adin bakoitzaren garapena kontuan edukita. Ikerketak bota zituen datuak ez zuten ezer berririk esaten, batez ere hezkuntzan aritu den hainbat jendeari. Beharbada ikerketan baieztatu du horrenbestetan ikusten genuena. Hona hemen datu batzuek: 6 urteko umeek zakilaren ezagupen handiagoa zeukaten baginarena baino. 6 urteko umeek ez zuten ezagutzen tradizionalak ez ziren familia ereduak. 12 eta 16 urteko gazteek informazio handia eduki arren antisorgailuei buruz erabiltzeko momentuan arazoak agerian geratzen ziren. 12 eta 16 urteko gazteen artean sexualitateari dagozkion eremuetan (komunikazioa, gorputzaren auto-estima…) neska eta mutilen arteko desberdintasunak nabarmenak ziren. 12 eta 16 urteko gazteek onartzen zuten hasieran familia zela informazio eskuratzeko lekua baina gero eta nagusiagoak izan lagunen konplizitatea ezinbestekoa zela informazio hura edukitzeko. 12 eta 16 urteko gazteek nabarmendu zuten eskoletan emandako informazioa ez zela nahikoa eta berandu jasotzen zutela.

Zer iruditzen zaizue emaitza hauek? Ados zaudete?

Interesgarria da zelan zuongana jotzen dugunean eta sexualitatea ardatza denean gehiengoek aitortzen duzue dakizuen gehiena etxetik kanpo ikasten duzuela. Beharbada erantzun horrek bi irakurketa dauka. Alde batetik sexualitatea batez ere berehala lotzen dugula genitalekin, beraz genitaleekin egin dezakegunari buruz zuzenean (txortan, masturbazioa, kondoiak….) ez bada berbarik egiten ematen du etxean ez dela sexualitateaz ezer esaten. Baina ziur nago, adibidez familian telebista ikusten duzuenean eszena erotikoren bat etxekoen jarrera desberdinak sexualitateari lotuta dauden ikuspegiak azalduko dutela. Askotan ez dugunean zer edo zer esaten azpimarratzen du norberak pentsatzen duena gai bati buruz. Zelan adierazten diren hainbat gauza bestelako informazioa ematen du…Ikusten duzuenez konturatu barik etxean, kalean eta ikastetxeetan berba egiten da baina ez gara oso kontziente. Bestetik, sexualitateari dagokion informazioa leku guztietatik dator eta adin batzuetan talde bereko kideen esanak askoz ere inportantzi gehiago dauka beste guztiek esandakoa baino. Beraz zuon erantzuna ulergarriagoa bihurtzen da irakurketa hauek kontuan hartu ezkero. Gurasoekin berba egiten dugunean, gehiengoak prest agertzen dira zabal eta sakon gai hau jorratzeko baina zaila egiten zaie. Ez dakite zelan gaia atera, edota zuongana zuzendu. Askotan eurek saiatzen direnean zuok ez zaudete ezer entzuteko prest eta alderantziz zuok zer edo zer gura duzuenean gurasoak galduta sentitzen dira. Ez da erreza ezta? Ikusten dugunez oraindik asko daukagu aurretik.Eta honi buruz ibili ginen buelta bueltaka jardunaldietan. Argi dago sexu heziketa ez dela genitalen erabileraren heziketa, sexuen heziketa baino. Hau da neskatotxoen eta mutiltxoen heziketa, sexudunak, sexualak eta erotikoak diren heinean. Bakoitza bere gorpuzturiko identitatetik abiatuz besteekin elkarganatzera eta elkar ulertzera bidea eginez. Bakoitzak bere ñabardurekin, moduekin, baliabideekin, beldurrarekin, lotsarekin eta plazerekin. Hau bai dela erronka. Desberdintasunaren altxorra landu bakoitzari bidea emanez. Ikerketak, bagenekien moduan, argi utzi du informazioa ez dela nahikoa.Gure bizitzako beste alorretan moduan eta gure bizitzako etapa desberdinetan gertatzen den moduan, gauza bat dira terminoak edo kontzeptuak jakitea eta beste bat horiek maneiatzea, barneratzea, gorpuztea. Ez da erreza, teoriaren azpitik gure jarrerak, gure estualdiak, gure pasioak, gure kontra-esanak….daudelako. Azpitik doana landu behar dugu jarrera zabalekin, jakiteko benetan zer dagoen. Hemen denok daukagu gure ardura: komunikabideak, familiak, erakunde publikoak, auzoak, eskolak, gazteak, hezitzaileak, adituak…Bakoitzak bere aldetik denok leku berberera begiratuz.


 

 

Argazkiak: Lea Multimedia

Agurtzane Ormatza Imatz

2007, Apirila 01
Arloa: Jo ta jo