TXIKIEGIA, HANDIEGIA…?
Aupa denoi! Zelan zabiltzate? Oporraldiarekin gozatzen? Jaietan ki-kuak egiten? pozten naiz ba. Ikastoletan nabilenean oraindik gezurra badirudi ere zakilaren tamainak ematen du buruko minik gazteen artean. Baina kalean edota kontsultan gai honek sortzen dituen kezkak be ikusgai dira. Eta ez da aspaldiko kontua! Oraindik gogoratzen dut zelan orain dela bi urte edo, Gernikako ikastetxe baten klasea amaitu orduko etorri zitzaidala hamahiru urteko mutiko bat, bere esku biak bata bestearen aurrean genitalen altueran zituela, galdetzera ia zakilaren tamaina “hori” ondo edota egokia zen bere adinerako. Ez daukat une xamur hori ahazteko! Ez da harritzekoa mutilaren galdera, berak planteatu duen modua oso ezberdina izan arren. Zuokin lan egiten dudanean tamainari buruzko hainbat galdera sortzen dira, gehienak paper baten idazten dira, izenik gabe. Adin hauetan gainera, horrelako galderak oso garrantzitsuak bihurtzen dira zuon gorputzak izugarrizko aldaketa jasaten duelako eta oraindik ez dakizuelako zelan geratuko den prozesuaren amaieran. Nagusiekin lan egiten dudanean, sarritan azaltzen da gaia, batez ere gizonezkoen ardura izaten da, nahiz eta orain dela urte batzuetatik hona emakumeen artean be azaldu. Interneten sartu ezkero honi buruz hainbat informazio dago, ohiko galdera da eta jendearen artean denetariko erantzunak topatzeko aukera dugu. Batzuk tamainari inportantzia kentzen eta beste askok, nesken zein mutilen artean inportantzia ematen. Askok eta askok neurtzen dituzte ezkutuan edo lagunarekin zakilaren tamaina, asko arduratuta daude ez ote den txikiegia edo handiegia, eta beste batzuk be barre batzuk egiteko… Beraz ardura eta jakin-mina hortik zehar ibili badabil. Historian zehar, eta ikusten dugun moduan gaur egun ere; gizonen zakila eta honen erekzioa gizontasunaren ikurra izan da. Erekzioak gizontasuna azpimarratzen zuen eta gizontasunak bere baitan batzen zituen indarra, kontrola, gaztetasuna, boterea.... Ezaugarri hauek gizonari ziurtasun sentimendua ematen zioten. Beraz eredu horretan zakilaren tamaina ezinbestekoa zen gizonak seguritatea izateko eta sentitzeko.
Presioa aspalditik datorkigu
Zakilaren inportantziaren etsenpluak historiaren eta kultura desberdinaren zehar eman izan dira eta ematen dira: Asiako hegoaldean Shivari egiten dioten kultuan ugalkortasuna sinbolizatzen duen zakila jauresten dute. Afrikako ipar-mendebalean oraindik bitxiak zakilaren formarekin aurkitu ditzakegu, amuleto hauek indarra eta ugalkortasuna transmititzen omen dute.. Gaur egun gauza batzuk ez dira aldatu horrenbeste ere. Are gehiago, betiko aldagai batzuk mantentzen dira eta bestelakoak agertu izan dira. Hau da; zakila dela gizonen indarraren sentimenduaren ikurra mantentzen duena eta gainera egun dauden sexualitate ereduekin aspaldiko kontua azpimarratu baino ez da egiten. Egun, gorputza denean aztergai ikusten dugu tamainek zelako inportantzia daukaten. Nesken titien, gerrien, mokorren tamainak eta mutilen sorbalden, ipurdien eta zakilen tamainak; irudien eta zenbakien bitartez edozein lekutan agertzen dira. Bakoitzari eman zaio neurri bat eta neurri hoiei botere magikoak. Hau da gizarteak ezarritako tamainak bete izan ezkero ederrak gara, zoriontsuak gara, plazer gehiago sentitzeko eta emateko gai gara…, beraz hori hain sinesgarria izanez nork ez du nahiko tamaina horiek lortu ? Gizarteak berak asmatu du arazoa, hau da tamaina, eta berberak eman du irtenbidea: tamaina horiek lortzeko klinikak, dietak, psikologoak, medikuak… denak gure mesederako. Sarritan esan badugu be esan beharrekoa da, plazerra ez dago tamainarekin lotuta. Askotan hainbat gizon eta emakume edertzeko ebakuntzaren bat egin ostean kontsultan ikusi izan dugu, plazerra lortzeko arazoak ez direla tamainaren araberakoak, gero ere jarraitu dutelako. Gustuen inguruan ez dago askorik esateko. Norbera izango da aukeratzen duena bestearengan zer den erakargarria eta horrek norberaren baitan momentu baten sortzen duen desioa….baina desioa, plazerra pizteko eta mantentzeko askoz ere aldagai gehiago behar izango dira. Egia da ere, gure gorputzarekin edota gorputzeko atalaen batekin pozik egon ezean, are gehiago deseroso sentiarazten bagaitu gure harremanetan eragina izango duela, seguritatea galdaraziko digulako eta horrek askotan plazerraren, desioaren eta gozamenaren kontrako beste muturrrean jarriko gaituela. Beraz tamaina ez da inportantea, gure tamainek zelan sentiarazten gaituzten baino.
Argazkiak: Lea Multimedia