Albisteak 2.0

Gorka Julio
  • Galder Gonzalez altsasuarra geologo eta primatologoa eta Patxi Gaztelumendi larrabetzuarra bertako ikastolako ikasia eta ondoren kazetari lanetan ibilia komunikabide ezberdinetan.
  • Galderren interesak zientzia, Internet, egunerokotasuna eta zinema dira. Patxirenak, komunikazioa orohar. kultura partehartzailea, herri kultura zein kultura digitala.
  • Elkarrekin Albisteak 2.0 sortu zuten 2010. urte hasieran, aurretik zeukaten ideia batetik abiatuta.

Zerk bultzatu zintuzten albisteak 2.0 sortzea?

Patxi Gaztelumendi (ptx): Guk biok sarean ezagutu genuen elkar. Saretik esango dugu. Sarearekiko ikuspegia trukatzen hasi ginen, eta besteak beste -eta hau ondo gogoan daukat- behin kafe bat hartu genuen hiru lagunek Euskal Herriko Interneteko proiektuek behar duten bisibilitateari buruz berba eginez. Kafe garrantzitsua izan zen. Orduan serbileta batean egindako web eskema batek, apurka apurka itxura hartu duelako.

Galder Gonzalez (galder): Iazko grebaorokorra.info esperientzian ikusi genuen telebistak zuen potentziala eta esandako kafe horretatik ateratako telebistaren ideiari bueltak emateari ekin genion. Gero Hamaika telebistarekin hitz egin genuen, eta proiektua gustatu zitzaien. Baina hasieran edukiak zabaltzearen ideiarekin egin genuen.

ptx: Egunkaria libre! kanpainaren baitan ere, sarean hacktibismoa sustatu genuen. Egunkaria eta libre etiketak zabaltzen hasi ginen sare sozialetan, blog kolektibo bat sortu zen, Bilboko manifestazioan zuzeneko emankizuna egin genuen, bideoekin, telefono mugikorrekin, Bilbo Hiria irratiko estudioetatik, manifestazioko megafoniatik. Arratsalde multimedia bat izan zen. Hilabete bakar batean asko ikasi genuen, eta sarean telebista euskalduna eta digitala behar genuela ikusten genuen. Hamaika telebistakoek berehala harrapatu zuten ideia. Eta mobilizazio konkretu batekin barik, orain astero egiten dugu telebista saio labur bat. Albisteak 2.0 hori da, sareko elkarrizketa bat plato batean. Eta irudimena ahalik eta gehien erabilita.

Proiektua euskalherrian.info proiektu handiago baten parte ere bada, zein dira proiektu horren nondik-norakoak?


albisteak01072010

ptx: zer gertatzen ari da Euskal Herrian? galdera horri erantzun gura diogu. Egia da, Euskal Herria oso mugitua dela. Gauza asko gertatzen direla, herrietan, elkarteetan, kolektibo ezberdinetan, sarean bertan... eta guzti horri ikusgarritasuna / bisibilitatea eman nahi diogu. Horretarako, sarea leku ezin aproposagoa da. Euskal Herrian puntu info horretarako proiektu bat da. Auzolanean, egiten diren gauzei oihartzuna emateko sarean.

galder: Proiektu hori aurrekoan ikusten genuen hutsune berdinagatik sortu genuen. Erreflexio batetik dator: geroz eta webgune gehiago dira euskaraz eta Euskal Herrian, eta horrek zailtzen du webguneak ezagutzea. Mundu guztiak ikusten du prentsa, edo bere korreoa... baina oso gutxi dira ondoko herrian zer gertatzen den non bilatu dakitenek. Proiektu ezberdinak bildu eta bisibilitatea emateko helburua genuen, eta sortu daitezkeen beste proiektu puntualak ere garatu nahi ditugu, jendearen parte hartzearekin (adibidez greba.euskalherrian.info egin den bezala).

Zein aurreko esperientzia izan dira garrantzitsuak zuentzat eta nola elkartu zineten proiektu hau egiteko?

ptx: Sarean gutxi gora behera 1994tik ari naiz zer edo zer sortzen. 2000 urtean oso proiektu interesgarria abiatu nuen Jabi Zabalarekin: irratia.com 10 urte egin ditugu astero Interneteko aktualitatea jarraitu eta euskal kultura digitalaren inguruan lanean. Blog mugimendua harrapatzea ere tokatu zitzaidan, eta Indymedia EH proiektua hasieratik ezagutu nuen. Gaur egun herrian blog komunitate batean laguntzen dut (larrabetzu.org) eta telebistarena Interneteko bilakaerarekin batera ikusten dut. Bideoak, kode irekiko informazioa... komunikazioaren aroan, garapen logikoa izan da guzti hau. Eta alde horretatik, aurreko esperientzia guztien ondorio dela deritzot.

galder: interesa izan dut beti proiektu hauen inguruan. Bere garaian Gaztesarearen eta Xirikaren inguruan ere mugitu nintzen, beste hainbat proiektu sortu eta garatu eta afizioz ikasi nuen webguneak egiten. Hainbat blog eta web sortu ostean argi ikusi nuen sekulako lana zela gero bisiblea izan ez zedin. Baina ere berean bazegoela indar nahiko hainbat gaiei heltzeko. Hor dago zabaldu.com, euskarazko wikipedia edo euskaraz egiten diren itzulpen eta lokalizazio guztiak.

Informazioaren esparruan zein aldaketa garrantzitsu ekarri du Internetek? Zein dira gaur egun eredugarriak zuentzat?

ptx: Batez ere komunikazioaren logikan parte-hartzea zabaldu duelako. Botere gunetatik at, informazioa tresna da gainontzekoontzat ere. Internetek jarrera irekia du sorreratik bertatik, eta horri software librearena bezalako mugimenduen filosofia guztia gehituz gero, bizitzen ari garen aro hau, informazioarena eta jakintza librearena dela esan dezakegu. Oraindik honek askoz gehiago dauka emateko, eta jendearen parte-hartzea areagotzen den heinean, informazioaren jendartea ezagutzen eta barneratzen joango garela iruditzen zait.

galder: Aldaketa argia da. Gaur egun erraza da nazioarteko berri agentzia baten berriak irakurtzea, edo zuzeneko datuak ematen dituen blogari batena. Gainera sare sozialetan lotura interesgarriak oso azkar hedatzen dira, edo argazkiak eta bideoak igotzeko webguneetan etiketen bitartez egiten diren bilaketek sekulako aukera ematen dute. Arazoa orain guzti hori biltzea da, informazio guzti hori antolatu eta jendeari lotura errazak eskaintzea. Eredugarriak asko dira lan horretan, baina nik sare sozialei emangio nieke, hala nola eskualde eta herrialde batzuetan sortu diren proiektu komunikatiboei (aiaraldea.com, kazeta.info, nafarroan.com, altzoan, UKberri...).

Internet eta teknologia guzti hauek informazioaren esparruan zein eragina izaten ari dira? Eta etorkizunean?

galder: Lehen esandakoa. Alde batetik berriak lortzeko sekulako gaitasuna. Jada ez dugu itxoin behar biharko egunkaria irakurtzeko, edo gauean telebistan berriak irakurtzeko. Baina aldi berean informazio "gehiegi" dagoela ere egia da, eta etorkizunean hau guztia antolatu eta filtratzeko moduak aztertu beharko ditugu. Gai bati buruz aurkitzen diren berri guztiak emateko gai den webgune batek etorkizuna du, nire ustez. Baina gai guztiei buruzko informazo guztia ematen duenak, era desordenatu batean... horrek ez du gehiegi izango. Gainera, geroz eta behar handiagoa dago bideoa, audioa eta irudiak txertatzeko, eta horretan ere aurre hartu beharko dugu, sarean telebista gehiago sortuz, bideoak elkartu eta hedatzeko sistemak eratuz...

ptx: Eragina handia da. We the media liburua irakurri nuen duela bost urte, eta dagoeneko han esandako guztiak betetzen ari dira, gure mailan ere. Herritarrak izan gaitezkelako informazioaren sortzaileak. Baita hartzaileak ere. Lehen sofan jezarrita baino ezin zitekeen informazioa kontsumitu. Orain sortu eta eztabaidan aritu gaitezke medio handienen pare. Boterea duenak oraindik ere botereari atxikita jarraitzen du, baina besteok irudimena eta tresna onak ditugu esku artean. Eta hori oso garrantzitsua da. Internet oso tresna ona da. Eta horrek mesede baino ez digu egiten, informazioaren ikuspegitik.

Bukatzeko, demagun galdu dituzun gauza guztiak dauden toki ezkutu bat dagoela eta nahi gabe kalean zoazela bertan agertzen zarela, zer topatu nahiko zenukete bertan?

galder: Hau bai galdera! Gustatuko litzaidake 2000. urtean nuen ordengailuaren disko gogorran nuena han aurkitzea, garai hartan idazten nuen guztia, adibidez. Horko gauza asko galdu ditut. Bidaia batean galdu nuen argazki kamara aurkitzea ere gustatuko litzaidake, nahiz eta barruan argazkirik ez egon. Eta auskalo zein apaletan utzi ditudan liburu batzuk. Hori objektuetaz ari bagara, behintzat.

ptx: Niri agortzen hasi zaidan memoria berreskuratzea gustatuko litzaidake. Beti gustatu izan zait, datak, egoerak, momentuak nire memorian grabatuta gordetzea. Aurrerantzean, usb memoria txikietan gorde beharko dut dena bestela. Motxila bete sentsazio eta une gogoangarri dauzkat oraindik gordeta.

Gorka Julio

2010, Uztaila 02
Arloa: Berba Bi