Lehoiaren orroa

Kontaizu

a3kir1.jpg


a3kir2.jpg

Batzuek uste dute fenomeno berria dela. Baina ez da horrela. Gurean sustrai sakonak ditu emakumezkoen futbolak. Bizkaian, esate baterako, 1970. urtean agertu ziren lehendabiziko taldeak Durangon, Zeberion, Galdakaon, Arratian, Sondikan, Bilbon, Basaurin, Trapagan eta Zamudion. Alabaina, estuasun ekonomiko handia igaro behar izan zuten, eta hamarkada amaierarako gehienak desagertu egin ziren. Haietarik talde bakarrak lortu zuen aurrera egitea: Txorierriko Neskak izenekoak. 1982-83. denboraldian, Espainiako Futbol federazioak emakumezkoentzako lehendabiziko txapelketa ofiziala antolatu zuen. Bizkaiko Federazioko bi taldek parte hartu zuten horretan, Ollarganek eta Txorierrik. 1983-84. denboraldian Zornotza eta San Frantzisko gaineratu zitzaizkien aurrekoei, eta urte bete geroago Orduña eta Errekalde. Hurrengo urteetan, goi kategoria indartu ez ezik behekoetan ere hainbat talde agertzen hasiko ziren. Egoera ekonomikoa ez zen oparoa, baina neska haiei jokatzeko ilusioa eta gogoa soberan zeukaten. Talde batzuek, gainera, maila ona erakutsi zuten, Sondikak esate baterako. Alabaina, zailtasun ekonomikoak zirela-eta, 2000. urtean Sondikak Leioako taldera jo zuen laguntza eske, eta hartu-eman horretatik Leioako emakumeen taldea sortuko zen jarraian. Leioako zuzendaritzaren inplikazioa proiektu berrian erabatekoa izan zen. Taldeko neskekin batera, hezkuntza zentroetan lantzeko zein futbol 7ko jokalariak trebatzeko programak garatu zituzten, eta udan nazioarteko txapelketak antolatzen hasiko ziren. Hain zuzen, emakumezkoen taldea eratzea erabaki zuenean, Athleticek Leioakoengana jo zuen zuzenean. Jakin bazekiten kontuan esperientzia nahikoa zeukatela, eta, elkarrekin lan eginez, harrobia osatzeko oinarriak finka zitzaketen.

a3kir3.jpg

 

Ametsa egia bihurturik

Prozesu osoa gertu-gertutik ezagutu du Nerea Onaindiak. Sondikako jokalaria izan zen lehenengo, eta handik Leioara igaro zen. Gaur egun, Athleticeko kapitaina da, eta 16. zenbakia eramaten du soinean, Athleticen Bittor Alkizak zeraman zenbaki berbera. “Asko gustatzen zait jokalari moduan, eta beragatik aukeratu nuen”. Berarentzat eta gainerako talde kideentzat ere Athleticen jokatzea ametsa egia bihurtzea izan da. “Lagunartean eta familiakoen aurrean jokatzera ohituta geunden. Gure garaipenak pozgarriak ziren etxekoentzat, baina, hortik aparte, ez zeukaten bestelako oihartzunik. Alde horretatik, Athleticera iritsi eta berehala sumatu genuen aldaketa: San Mamesen aritzea bakarrik ikaragarria izan zen, baina, gainera, hogei mila lagunen babesa jasotzea… Komunikabideena ere fenomeno berria zen guretzat, eta ondo dago haien interesa piztea, baina guretzat garrantzitsuena jendea gurekin dagoela konprobatzea izan da”. Txiki-txikitatik, Nerea Onaindiak argi zeukan futbolean jokatu nahi zuela. Zortzi urterekin futbitoan hasi zen, eta adinean aurrera egin ahala gainerako kategorietatik igarotzen joan zen. Berarekin jokatzen zuten mutilek taldeko kide bat gehiago bezala tratatzen zuten Nerea. Etxean ere ez zuen inolako arazorik eduki. “Normaltzat jotzen zuten ni futbolean aritzea. Hasieran ez zuten gehiegi ulertzen zergatik joan behar genuen entrenamendu guztietara, eguraldi txarra egin arren. Baina, bestela, ez zuten gaizki ikusten”.a3kir4.jpg

Zortekoa dela uste du, ez duelako gustuko zuena egiteko oztoporik aurkitu. “Dena den, talde kideen esperientziak entzun ditut, zer nolakoak entzun dituzten komentatu didate, eta, gainera, ez naiz itsua. Ondo dakit aurreiritzi ugari daudela egiten dugunaren inguruan”. Dena den, pixkanaka-pixkanaka egoera normalduz doa. Geroz eta pertsona gehiago hurbiltzen dira emakumezkoen taldeak jokatzen dituen partidetara, eta telebistan emandakoek ere ikusle franko eduki dituzte. “Jendea konturatzen ari da kirolak ez duela sexu bereizketarik egiten. Futbolean ondo joka dezakezu emakume zein gizon izanda”. Hain zuzen, aurten Estatu Batuetan antolatu duten Munduko Futbol Txapelketak harrera bikaina eduki du, eta zenbait herrialdetan gizonezkoen maila berean aritzen dira emakume jokalariak. Alabaina, eta emandako aurrerapausoei garrantzia kendu nahi izan barik, Euskal Herrian oraindik hobetzeko asko dagoela uste du Nereak. “Europan, zenbait herrialdek sekulako aldea ateratzen digute. UEFAko partidetako batean, Frankfurten kontra jokatzeko aukera izan genuen. Emakumezkoen futbola gizonezkoena bezala kontsideratzen zuten, jarraitzaile kopurua zein jokalarien maila ikustea besterik ez zegoen horretaz jabetzeko. Jakina, talde profesionalez ari gara. Hemen, oraingoz, horrelakorik ez dago. Askok pentsatzen dute lehen mailan ari garenez futboletik bizi garela. Eta ez da horrela. Ni neu irakaslea naiz, eta gainerako talde kideek beste lanbide batzuetan dabiltza”. Lesio batek zelaietatik kanpo utzi du Nerea, baina gutxi barru berriro jokatzeko moduan izango da. Luze iruditu zaizkio jokotik at igarotako hilabeteak, eta botak berriro janzteko irrikatzen dago. “Aurtengo denboraldia nahiko interesgarria izaten ari da. Partidetan zenbait ezusteko gertatu dira, eta horrek emozioa ematen dio txapelketari”.

Kontaizu

2003, Abendua 01
Arloa: Kirolak