Estrategia jokoan

Kontaizu

kir27_1.jpg


kir27_2.jpg

Xakea gerra joko bat da; estrategia joko bat, hobeki esanda. Aisiarako inoiz asmatu den borroka handi eta baketsuena da. Hogeita lau pieza aurrez aurre, guda zelaian, nork irabaziko lehian. Inteligentzia, sormena, memoria, pazientzia eta bizkortasuna jokoan jartzen dituen borroka da xakea. Joko ikasterraza baina aldi berean konplexua da. Horregatik, beste edozein kiroletaz baino liburu askoz ere gehiago argitaratu izan da xakeaz. Euskaraz Jon Esturo eta Maximo Aierbek 1981ean argitaratu zuten Xake liburua da bakarra. Betidanik taula baten gainean jokatu izan da xakea, baina aspaldiko jokoa izan arren, teknologia berrietara bikain egokitu da. Ordenagailu eta bideo-kontsoletarako jokoak asko dira gaur egun (euskaraz asko ez), eta interneten ere aurki daitezke berehalako partidak. Edozein bilatzaileetan xake edo chess idatzi besterik ez dago. Ikastolen Elkarteak 2003. urtean Xake zakurtzarrari! cd-roma argitaratu zuen, eta maila guztietara egokitzen den zakurra da aurkaria. Ziurrenik xakea izango da menderik mende eta milurterik milurte jende gehien zaletu duen joko eta kirol bakarra. Orain dela 2.500 urte inguru sortu omen zen xakea, nola eta non garbi ez dago garbi. Bere jatorriak hamaika historio, legenda eta teoria ditu. Askoren ustez Indian edo Txinan sortu zen. Handik gero Persiara pasa zen (gaur egungo Iran), gero Afrika iparraldera, eta arabiarrek handik Europara ekarri zuten. Gaur egun mundu guztian jokatzen da, eta mahai joko bat izan arren, herrialde gehienetan kirol izaera du. Eusko Jaurlaritzak oraintxe onartu du xakea Euskal Autonomi Erkidegoko kirol federazioen artean. Gerran aritzen diren heinean, piezek armada edo gudaroste bat osatzen dute. Kasu batzuetan bitxia da pieza bakoitzak mugitzeko duen gaitasuna eta bere izenaren arteko harremana. Esate baterako, gazteluarekin gertatzen da: gaztelua berez egitura finkoa izan arren, taulan aurrera eta atzera eta ezker-eskuin mugi daiteke nahi adina. Damarekin ere antzeko nahasmena dago: gaur egun erregina esaten zaio, eta erregearen emaztea dela uste da; nekez uler daiteke, ordea, erregina eta erregea elkarren ondoan borrokan aritzea (adituek "zentzugabea" dela diote).

Xakea ez da beti berdina izan. Mendeetan eta herrialdetik herrialdera bilakaera ezberdinak izan ditu, eta bilakaera horretan arauak, izenak, mugimenduak eta jokaldiak aldatu egin dira. Alfonso X.a Jakintsuak Libro de acedrex e datos e tablas liburuan idatzi zuenez, gutxienez Erdi Aroan sei modutan jokatzen zen xakea. 4x12 laukiko tauletan, bi edo hiru arerioen artean... Taula erabiliena, ordea, 8x8 lauki zituena zen, gaur egun erabiltzen dena. Xakean sei pieza daude. Bakoitzak badu bere berezko izen eta mugimendua. Baita bere bilakaera ere. Hauek dira oinarrian jakin beharrekoak:

Erregea (sha):

Taulako piezarik garrantzitsuena da. Zuria eta beltza, bakoitza bere armadaaren buru da, eta horietako bat hiltzen denean amaitzen da partida. Pertsiako erregea irudikatzen du, sha esaten zitzaion. Hortik dator xake izena. Erregea denez, arerioek ere zor dioten errespetuagatik ohartarazi egiten dute bere bizia arriskuan dagoenean. Mate hitza ere pertsieratik datorkigu: hil da esateko matesaten dute. Atzeko lerroko erdiko laukietako batean jarri behar da erregea partida hasieran, berea ez den kolorean (dama kokatzen da bere koloreko erdiko laukian). Erregea izan arren, mugitzerakoan beste pieza batzuk baino mugatuagoa da pieza hau: edozein norabidetan mugi daiteke, baina soilik lauki bat. Alfonso X.a Jakintsuak zioen erregea bere tronuan eserita irudikatu behar zela, koroa buruan eta ezpata eskuan.

Dama (alfereza):

Hasiera batean, pieza hau erregearen alfereza zen. Alfonso X.a Jakintsuak esan zuen pieza honek eramaten zituela erregearen ikurrak borrokan. Pertsieraz ferzesaten zitzaion, baina hizkuntza itzulpen oker batzuen ondorioz dama izena hartu zuen, eta hortik, erregina. Erregearen aldamenean hasten du partida, bere kolorekoa den atzeko lerroko erdiko laukian. Taula gainean mugitzeko baliabide gehien dituen pieza da. Norabide guztietan nahi adina mugi daiteke.

 

Alfila (elefantea, apezpikua edo bufoia):

Erregea eta alfereza zaintzeko ardura zuten soldaduak ziren eta dira alfilak. Horretarako, asiarrek elefante gainean aritzen ziren bi soldadu indartsuenak kokatu zituen horien aldamenean. Al pil esaten zioten pertsiarrek elefanteari, eta gaur egungo izena hortik dator. Xakea Europara iritsi zenean, ordea, hemen elefanterik ez zegoenez, apezpiku bihurtu zuten (Ingalaterran pieza honi bishop esaten diote, eta Portugalen, bispo). Erdi Aroan ohikoa zen Elizak gerretan parte hartzea, eta, ondorioz, apezpikuak borroka egitea. Apezpikuen mitrak bufoienenen antza zutenez, zenbait herrialdetan bufoi izena ere hartu du pieza honek (Frantzian, fou). Alfila soilik diagonalean mugi daiteke nahi adina; lau norabidetan, beraz. Ondorioz, kolore bateko laukietan jokatzen du soilik: beltzean hasten dena beltzetan ariko da partida osoan, eta zurian hasten dena, txurietan.

Zalduna (zaldia):

Zaldiarekin irudikatzen den pieza, zaldunarena da berez. Zaldunak beti izan dira gerrarako osagai garrantzitsuak. Xake taulan, ordea, irudiak errazagoak egitearren, zalduna desagertu eta zaldia bakarrik geratu da horren irudi (Espainieraz, caballoesaten diote). Zaldunaren ezaugarri nagusiena bere mugimendua da. Zalduna L formako mugimenduetan mugitzen da, eta beste piezen gainetik salto egin dezakeen pieza bakarra da (beste guztiek ezin dute euren armadako edo aurkarien armadako piezen gainetik pasa). Hasi berrientzat ikasteko mugimendu zailena izaten da, eta buruan irudikatzeko zailenetako bat. Hori errazteko kontuan hartu behar da zaldia mugitzen denean kolorez aldatzen dela: lauki zuri batean badago, beltzera pasako da, eta alderantziz.

Gaztelua (gamelua edo dorrea):

Nola da posible batetik bestera mugitzea gaztelua irudikatzen duen pieza? Arrazoia sinplea da: gaur egun gaztelu izenarekin ezagutzen dugun piezak (dorre ereesaten zaio, gazteluaren zati horrek irudikatzen duelako), hasiera batean beste izen bat zuen. Gamelu gainean borrokara joaten ziren soldaduak irudikatzen zituen. Elefante gainean aritzen zirenak baino arinagoak ziren, eta horregatik, borrokaren hegaletan kokatu zituzten asiarrek. Pertsieraz rokh hitzak gainean arkularia daraman gamelua esan nahi du. Itxura guztien arabera, gameluaren konkorrak dorre baten antza zuen, soldadua gainean zegoenean. Zaldunarekin gertatu zen bezala, ordea, pieza honek ere soldaduaren irudia galdu zuen, eta dorre itxurako hori geratu zen hasierako rokh-aren irudi. Pertsierazko izen horrek erregeak eta gazteluak egiten duten jokaldi baten izenean iraun du gaur egun arte, errokeizenekoa. Gaztelua aurrera eta atzera, eta ezker-eskuin nahi adina mugi daiteke.

Peoia:

Infanteriako soldatua da peoia, xumeena. Antzina babesten zuen piezari lotzen zitzaion eta horren itxura hartzen zuen: damaren peoia, alfilarena, zaldunarena... Gaur egun, ordea, peoi guztiak berdinak dira. Zortzi dira guztira gudaroste bakoitzean, baina garai batean gehiago edo gutxiago ere izaten ziren. Oinez ibiltzen delakoan, erromatarrek pes-pedis esan zioten, euskaraz, oinezko. Atzera egiten ez duen pieza bakarra da; aurrera mugi daiteke soilik, eta aldi bakoitzeko lauki bat egiten du aurrera. Beste pieza bat hiltzeko, ordea, diagonalean egin behar du aurrera. Peoi bakoitza lehen aldiz mugitzen denean bi lauki egin ditzake aurrera. Xakeari buruzko informazio gehiago: Xakea, Hego Euskal Herrian

Kontaizu

2006, Martxoa 01
Arloa: Kirolak