Liburu elektronikoa albiste da Susa argitaletxean

Susa argitaletxeak E-book formatuan ipini ditu liburuak.
66 idazleren 142 liburu dituen katalogoa abiatu dabe, eta, oraingoz, poesia eta narratiba arloko lanak jaso ditue, 1983tik 1986ra doan Susa saileko aleak barne. Halan be, sartu barik itxitako hainbat liburu eta etorkizunean plazaratuko dituen argitalpenak gehitzen joango jakez eskaintza horreri. Deskarga askeko liburuak dira, giltzarrapo edo DRM kontrol bakoak, eta pdf eta e-pub formatuetan ipini ditue eskuragarri www.susa-literatura.com/ebookwebgunean. 3,54 euroko salneurria dauka liburu bakotzak.

Gorka Arrese argitaletxeko editorea da.

gorka_arrese

 

Gorka, azalduko zeunskigu zer dan liburu elektronikoa?

Paperezkoa ez dan formatua da, literatura edo beste edozein eduki jasoteko. Artxibo bat da, artxibo elektronikoa. Pdf eta e-pub formatuetan egoten dira orokorrean. Deskargatu egiten dira, erosi egiten dira gailu elektronikoetan irakurteko. Gailu moda bi dagoz, argidunak eta argibakoak.

E-book askorik oraindik ez darabilgu euskaldunok. Ameriketako Estadu Batuetan datuak onak dira, Europan salmentak apurka bada be, badoaz gora.

Guk astebetean 80 liburu saldu doguz. Honen aurkezpena egin gendunean jendeak arin jakin eban albistea, twitter eta mezu bidez. Auzkezpena baino lehenago 30 bat liburu saldu ziren. Teknologia barrien zaleek eta holakoetan dabilzanek oso bizkor erreakzionau dabe eta bizkor erosten hasi dira. Egia da prezioa be merkea dala. Orain arte garesti egon dira eta gainera, giltzarrapoak eukiten ditue kopiak ez egiteko. Hau da, zuk erosten dozun artxibo edo liburu elektroniko hori inori ezin pasau ahal izateko. Guk prezio merkean eta kandado barik eskaintzen dogu. Politika horregaz abiatu gara.

Prezioa eta segurtasuna. Garrantzitsuak dira. Baita, irakurleaganako konfiantzea be. Urte bi egin dituzue guzti hau zelan bideratu jakiteko.

Irakurleak beti eduki behar dira kontuan liburu bat publikatzerakoan. Baina, idazleek egiten ditue eta idazleek zer gura izaten daben itaundu behar izaten da lehenago. Guk interneten lan asko egin izan dogu. Zalantza geunkan, artxibook sortzerakoan zer egin ze, internetetik harago doan kontua da. Probarik egin barik gengozan eta probak egiten hasi ginen, e-bookak erabili, zelan dabilzan ikusi...Idazleakaz harreman luzeak eduki genduzan, euren gurariak eta espektatibak zeintzuk ziren jakiteko. Beraz, gure asmoak eta euren nahiak adostu genduzan. Guk oso merke emon gura genduzan eta idazleek, ahal bazan, be bai.

Eta zelan bideratu dozue? Liburu eketronikoen prezioa hiru euro eta erdikoa da.

Hau guzti hau errespetuzkoa izateko egile eskubideak be aintzat hartu behar ziren. Egileek paperezkoan hartzen dabena baino gehiago hartuko dabe eta guk gitxiago. Beraz, euro bi idazleentzat dira, bat argitaletxearentzat eta 54 zentimo zergak ordaintzeko. Liburu guztien prezioa da bera.

DRM dalakoa be ardura izan da, ezta?

Giltzarrapoa edo DRM dalakoa itsasoari hesiak jartearen modukoa da. Gaur egun internet bidez jaisten eta erosten diren gauza guztiek kontrola eduki ezkero, segiduan apurtzen ditue.

Liburua, paperazko liburua irakurten dauana oso ohituta egoten da liburu dendara joan, liburua hartu, ikusi eta holakoak egitera...

Hori da, gertatzen da kandadoa ipintzeak pirateoa ekarri leikela. Hortik ihes egin gura genduan eta prezio merkean saldu. Konfiantza daukagu, uste dogu euskal irakurleek kontzientzia daukiela. Artxiboa jaitsi egin daiteke, dendako moduan ikusi eta gero erabaki erosten dogun ala ez.

Teknologia barriak tresna dirala dinozu, garrantzitsuena literaturea dala. 142 liburu ipini dituzue formatu honetan.

Susak bilduma nagusi bi daukaz. Narratiba eta poesia. Bilduma horreek dira liburu elektronikora ekarri ditugunak. Susa saila be ekarri dogu formatu honetara, aspaldiko liburuak. Aurrerantzean, liburu barria plazaratu orduko Susaren web gunean ipiniko dogu eta baita e-bookerako prest be.

 

Udane Goikoetxea

2011, Azaroa 20
Arloa: Berba Bi