Kirola, denon eskubidea

Jon Ordoñez

kir49_1.jpg


kir49_1b.jpg

Oscar Pistorius hegoafrikarrak ez du Pekingo Olinpiar Jokoetan parte hartuko. Nazioarteko Atletismo Federazioak ukatu egin dio parte-hartzea, hanketan dituen protesiek korrika egiteko beste korrikalariekiko abantaila ematen diotelakoan. Horrela izanda ere, albiste ona da lehen aldiz atleta paralinpiar bat olinpiar jokoetan parte hartzea proposatzea, eta are eta albiste onagoa hainbeste traben artean, teknologiari esker, protesiek abantaila izatea, baldin badute. Kirola egitea eskubide bat da, denon eskubidea. Hasiera batean ukaezinezko eskubidea dela dirudien arren, munduko herrialde askotan egon dira eta daude kirola egiteko muga eta oztopoak, adinaren, sexuaren eta klase sozialaren araberakoak. Euskal Herrian bertan emakumezko asko dira kirola egiteko nahikoa babes jasotzen ez dutela diotenak, nahiz eta azken urteetan egoera hobetu den. Baina kirola egiteko eskubidea ez da soilik profesionalen kontua; eskolan hasita, azpiegiturak, denbora (herrialde askotan umeak oso goiz hasten dira lanean) eta askatasuna. “Sport is toff”, “Sport pour tous”, “Deporte para todos”, euskaraz “Kirola denontzat”. 1975. urtean Europako Batasuna osatzen zuten hemeretzi herrialdeetako ministroek kirola eskubide moduan jasotzen zuen agiri bat onartu zuten. Pertsona guztiek kirola egiteko duten eskubidea bermatzeko, gobernuek neurriak hartu behar dituztela sinatu zuten, batez ere bitartekorik ez duen jendearen eskubidea bermatzeko. Zortzi artikulu zituen agiriak: 1.- Pertsona guztiek dute kirola egiteko eskubidea. 2.- Pertsona garatzen duen aldetik, gobernuek kirola lagundu eta babestu behar dute. 3.- Kirola herri, eskualde eta herrialde mailan landu behar da, politika orokorreko beste gai batzuekin batera. 4.- Gobernuek botere publikoen eta elkarte benefikoen arteko koordinazioa erraztu behar dute, eta elkarte nazionalak bultzatu “Kirola denontzat” garatu eta koordinatzeko. 5.- Neurriak hartu behar dira kirola eta kirolariak helburu politiko, komertzial edo finantza asmoa duen esplotaziotik babesteko, baita gehiegizko edo asmo gaiztoetatik, eta droga kontsumoarengandik. 6.- Kirola praktikatzea azpiegitura kopuruaren menpe dagoenez, baita horien aniztasunaren eta irisgarritasunaren menpe, horien planifikazioa botere publikoek egin behar dute, herriko, eskualdeko eta herrialdeko beharrak aintzat hartuz, eta azpiegitura hori erabiliko dela ziurtatuz. 7.- Naturan aisialdirako aukera ziurtatuko duten neurriak hartu behar dira. 8.- Kirola garatzeko programan derrigorrezkoa da kudeaketa administratibo eta teknikoa, jarraitzaileena eta entrenamendu maila guztiak jasotzea.

kir49_2.jpg

 

Paralinpiar jokoak

Olinpiar Jokoen itzalean, Nazioarteko Gutxituen Kirolen Batzordeak (NGKB) 1960. urtetik antolatzen ditu Paralinpiar Jokoak. Erroman jokatu ziren lehen aldiz (Italia). Normalean, Olinpiar Jokoen ondoren jokatzen dira, eta urtetik urtera geroz eta gehiago dira parte hartzen duten kirolariak, “Kirola denontzat” leloa mundura zabalduz. NGKBren helburua goi mailako kirolarien arteko txapelketak antolatzea da, eta horrekin batera gutxitasunen bat dutenen artean kirola bultzatzea. Paralinpiar Jokoak hainbat mailatan banatzen dira, kirolariek duten gutxitasunaren arabera: itsuak, burmuineko lesioren bat dutenak, paraplegiko eta tetraplegikoak, eta gorputz-adarren bat falta dutenak. NGKBren medikuek erabakitzen dute kirolari bakoitzaren ezintasun maila neurtzeaz eta parte-hartzaileen sailkapen bat egiteaz, kirolariak berdintasunean lehia daitezen. Paralinpiar Jokoetako programa konplexua da horregatik, kirol bakoitza lau multzo horietan banatzeaz gain, sexuen artean ere bereizten delako. Paralinpiar Jokoetan jokatzen diren kiroletako batzuk egokituta daude horregatik. Esate baterako, goalball futbolaren antzeko kirola da, baina baloiak zintzarri moduko batzuk ditu itsuek ere joka dezaten. Saskibaloian eta boleibolean, berriz, aulki gurpildunarekin joka daiteke. Badaude propio sortutako kirolak ere, eta horietako bat da boccia. Petankaren moduko kirola da, baina kirolariak ahoarekin eta laguntzaile baten laguntzarekin zuzentzen duen ranpa batekin botatzen du pilota. Zein kirol, jokatzeko modu eta lehiaketa den ez du axola. Garrantzitsuena gizaki guztiok kirola egiteko dugun eskubidea bermatzea da, eta guztiok ere, adinaren, arrazaren, sexuaren eta gorputzaren gainetik, aukera hori izatea. Kirola ez da soilik profesionalen kontua, ezta gorputz fina dutenena ere. Modernitateak ekarri duen ekintza positiboa da kirola, eta ez bakarrik lehiatzeko, baita osasuna zaintzeko, aisialdia gozatzeko eta norberaren mugak gainditzeko ere.

Jon Ordoñez

2008, Martxoa 01
Arloa: Kirolak