Emakumeak Hitza eta Bizitza
Orain laurogeita hamar urte Emakume Abertzale Batza erakundea sortu zan. Hari horreri tiraka konposatu dabe Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua Begoña Bilbaok, Gurutze Ezkurdiak, Karmele Perez Urrazak eta Josu Chuecak. Liburua hobeto ezagutu nahian alkarrizketatu dogu autoreetako bat, Begoña Bilbao Bilbao, EHUko irakaslea.
Liburu honek, jarduera akademiko baten emaitza izateaz gainera, aitortzeko eta omentzeko ekimen bat izan gura dau. Baina, non dauka jatorria lanak?
2012an Emakume Abertzale Batza sortu izanaren 90 urte beteko direla eta Bizkaian Kulturarako Diputatua den Josune Ariztondok, urte bete lehenago horren gaineko komentarioa egin ostean, berarekin batzartu eta ekintza akademikoaz gainera beste era bateko zer edo zer egin daitekeela ikusita abiatu zen guztiz interesgarria izan den ekimena. Izan ere hitzaldi zikloa, Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua eta erakusketa antolatu dira zeintzuetan emakume haien lana aztertu, azaldu eta idatzi diren.
Zer dala eta hasi zinean honetan lanean?
Gurutze Ezkurdia, Karmele Perez Urraza eta Begoña Bilbao lankide izateaz gainera aspaldian gabiltza ikerketa taldean; oraingoan, historian jakitun den Josu Chuecagaz batera lan egin dugu. Josuk arterik ere bazeukan idatzita Nafarroako EABn ibilitako emakume batzuen biografia. Gure memoria historikoa berreskuratzeko bidean, lan honek horretarako ekarpena izan gura du. UPV/EHU eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetzaren emaitza da, Bilboko Magisteritza Eskolako Garaian (Araka) ikertaldeak eta GOAZ agiritegia-museoak lagunduta.
Ikerketeaz gainera, eta liburuagaz batera jardunaldiak be aitatu gurako geunkez.
Lehenengo jardunaldi akademikoa antolatzea adostu genuen, emakume hauen bizitza eta gure herriaren alde egin zuten beharra aztertu eta azalarazteko helburuarekin. Horrela lau gune hartu genituen hitzaldi zikloa bideratzeko. Lehenengoan “Emakumeak abertzaletasunaren giltzarri” izenburupean; EABren ibilbidea aztertu eta azaldu zuen UPV/EHUko irakaslea den Itziar Rekaldek. Bigarrenari “Emakumeak hezkuntzaren eragile” izenburua emanez, Idoia Fernández UPV/EHUko irakasleak Maistrak, hizlariak eta idazleak: EABren heziketa-lana naziogintzaren magalean” azaldu zuen. Hirugarren zikloari “Emakumeak intelligentsian” izena eman genionean Iratxe Retolazak EABko emakume idazleen ekarpenak aztertu zituen. Ana Urkizak irakatsi zigun EABko emakumeek erakutsi zuten adimen pluralagoa, koralagoa eta sakonagoa izan zela. Eta adimena erabiliz, bizitza publikoan parte hartzeko bidea zabaldu zutela. Laugarren ekitaldia “Makilen garaia” deitu genuen eta bertan Josu Chuecak emakumeak erresistentzian egindako lana azaltzeaz gainera, Gregorio Arrienek erbestean gertatu zena azaldu zuen. Ekitaldi bakoitzean hitzaldiaz harago, hurbileko testigantzak eta bizipenak kontatu dituzte emakume haien etxekoek.
Liburura etorrita, zer dago Emakumeak Hitza eta Bizitza izenburuaren atzean?
Izenburuak esaten digunez, emakumeak, hitza eta bizitza dira liburuaren hiru ardatzak. Horixe izan liteke laburpena. Emakumeen hitza jasotzen da eta horrekin batera euren bizitza. Baina, gehiago ere bada liburua; artean azaldutako hitzaldi guztiak eta etxeko artekoak kontatutako testigantzak ere jaso genituen. Eta, azkenengo atalean emakume batzuen zertzelada biografiakoak garatu ditugu. Han eta hemen zabalduta dagoen informazioa jaso eta bateratze lana egin dugu, azkenean 65 emakume ezagutarazteko balioko dutenak.
Liburua oso egoera gatxetan, gizartearen eta herrialdearen alde onena emon eben emakumeei eginiko aitorpena eta omenaldia dala esan geinke.
Emakume haiek oso egoera zaila izan zuten arren bizitza publikoan espazioa aldarrikatzeaz gainera eurentzako garrantzizkoa zen espazio hori lortzeko lan handia egin zuten, Ana Urkizak dioen moduan adimen desberdinak erabilita.
Emakume horreek egindako lanaren garrantzia zein dala esango geunke.
Emakume Abertzale Batza sortzea ekintza politiko eta soziala da, sasoirako guztiz ausarta eta berritzailea dena. Emakume konprometituak izan ziren haiek, euren herriarekin konprometituak, euskal kultura eta hezkuntzan konprometituak; emakume nazionalista hauek maite zuten gizartearen alde euren onena eman zuten.
Memoria historikoa berreskuratzeaz gainera, eskertu egin nahi izan dugu egindako lana, eurek zabaldutako bidearen berri eman nahi izan dugu, izan zirelako garelako.
Asko izan dira zeuekaz batera lan egin dabenak.
Gai hauetan adituak direnak deitu ditugu, orainarte baino ikuspegi zehatzagoa emateko helburuagaz. Gorago aipatu ditugun guztion artean uste dugu ekarpen berriak egin ditugula, beste aztertze-bideak zabaldu direla eta egungo azterbide akademikora ekarri dugula gaia.
Eukiko dau jarraipenik?
Jarraitzen dugu lanean, batez ere zertzelada biografikoak osatzen, datu berriak jasotzen, argazkiren bat ere lortu dugu. Uste dugu atal hau hasi baino ez dugula egin, asko dagoela egiteko eta jarraituko dugu bai emakume haien bizimoduak azalarazten.
Non aurkitu geinke Emakumeak Hitza eta Bizitza liburua?
Liburudendan dago salgai, edo UPV/EHUko argitalpen zerbitzuan.