Ametsen haustea

Iker Zabala

Normalean bizitzan ematen diren aldaketak ez dira momentu bakar batean gauzatzen. Zuritik beltzerako ibilbidean grisen gama anitz horretatik bidaia egin beharra dago, azkenik gauzak zeharo aldatzen direnerarte. Badira halere, beste metaketa batzuk, instant bakarrean ematen direnak, begiak berriro zabaltzen direnerako panorama erabat aldatuta egoteraino. Pablo Berasaluzek azken hilabeteetan izandako hazkundea ez da nolanahikoa izan. Esku pilotaren beteranoa, arrakasta sorta apala lortu duena. Aurreko koadroetan txinpartak ateratzen badakien jokalaria, baina XXI. mende hontako pilotari boteretsuenak irabazteko mugak adierazten zituena.

35 urterekin bideko azken txanpan zela ematen zuen, frontoietan bukaerako gantxoak gauzatzen ari zenaren irudikapena, 1999an lorturiko binakako finala lorpen gaindiezin izango zuen ibilbidearen pixkanakako itzaltzea.Fenomeno ez ohikoa ematen hasi zen, halere. Pilotari berriztarrarentzat emaitza onak iritsi ziren. Geroz eta sendoago azaltzen zen, eta azken urteetan gaindiezin ematen zuten Olaizola II edo Martinez de Irujoren aurkako lehiak geroz eta berdinduagoak suertatzen ziren. Iazko 4 t'erdikoan, horrela, txapelketa zoragarria burutu zuen Berrizkoak, eta bukaerako ligaxkarako sailkatzea lortu zuen. Anekdotatik urrutiago ezartzen zen txapelketa burutu zuen Berasaluzek, eta horren baieztatzea bukatu berri den binakako txapelketa genuke. Jon Ander Albisurekin bikotea osatuz, lehiaketa zirraragarria burutu du Berasaluzek, amildegi ertzean odol hotzarekin jokatuz, eta partidak era sinestezinean altxatuz, azkenik finalerako txartela lortu arte. Frontoietako sentsazio berria zen berriztarra, 35 urte bete berriak zituela! Bizkaiko eskupilotan txapeldun berria noiz agertuko zain ziren lurraldeko frontoi zaleak, nork esan behar zien Berasaluzek, luzaro bazterturiko aurrelari finak har zezakeela hurrengo txapeldun bizkaitarra izatearen ardura.

kirolak 13 04 30

Aurrekaririk gabeko berpizkundea, 1999 eta 2013ren bi binakako finalen arteko zikloa garaipenez ixteko aukera eskeintzen zion patuak Berasaluzeri. Aurrean bi aurkari sendo, Juan Martinez de Irujo eta Jose Javier Zabaleta. Miribilla frontoia Berasaluzeren arrakastaren lekuko izateko gertu, berriro ere Bilbon etxeko txapelduna txalotzeko zain. Eta momentu hortan 'crac' egin zuen denak. Tantu baten erdian lurrera zerraldo erori zen Berrizkoa, eskua ezkerreko hankan zuela. Akilesko tendoiaren haustura. Finala bertan behera. Sei hilabeteko geldialdi minimoa.

kirolak 13 04 30 2

Urteetan zehar ematen den gorakada ixil eta neketsua une bakar batean desegina gera daiteke. Galdera ikurra ezarri behar Berasaluze II.aren etorkizunean, nahiz eta kontratua 2016rako berritu duen Asegarcerekin. Halako kolpe latzaren ondoren berriro ere zutitzeko erronka nola gauzatzen den behatzea ikusgarria izango denaren zalantza gutxi da, halere.

Iker Zabala

2013, Apirila 30
Arloa: Kirolak