Edubuntu
Urtero ikasturte berria hasten denean, software librea ekartzen dugu aditzera. Oraingoan sistema eragile berezi baten aldaera berezi bat ezagutuko dugu, Edubuntu. Edubuntu, Ubuntu GNU/Linux sistema eragilearen hezkuntzari zuzendutako aldaera bat da.
Software librea zer da?
Software bat librea izateko 4 askatasun hauek bete behar ditu.
- Edozein helbururekin exekutatzeko askatasuna.
- Aztertu eta aldatzeko askatasuna, horretarako iturri kodea edukitzea beharrezkoa izanik.
- Kopiatzeko askatasuna.
- Hobetu, eta hobekuntzak horiek komunitatearen onurarako publiko egin ahal izatea.
Edubuntu
Banaketa (programa bilduma konkretu bat dakarren sistema eragilea) honek ikasketara zuzendutako programa sorta handi bat dauka. Idazketa, fisika, matematika, marrazketa... bezalako arloak jorratzeko tresnak ditu.
Ofimatika
Open Office programari esker, Microsoft Office programa ezagunarekin egin daitekeen ia guztia egin daiteke. Dokumentuak sortu, aurkezpenak prestatu, kalkulu-orriak sortu etab.
Komunikazioa eta Internet
Interneten nabigatzeko Mozilla Firefox Nabigatzailea ekartzen du instalaturik. Nabigatzaile honek duen gehigarri sistemari esker Euskalbar eta Xuxen bezalako gehigarriak instala daitezke. Gehigarri hauen bidez euskaraz ondo idazten lagunduko digute hiztegien bidez edota zuzentzaile ortografikoari esker.
Posta elektronikoa kudeatzeko Evolution sistema ekartzen du. Berehalako mezularitzarako, Messenger parekoa den tresna bat dakar, Pidgin. VoIP eta bideokonferentziak egiteko aldiz Ekiga software interesgarria.
Irudiak
Irudien ediziorako tresna oso interesgarria ekartzen du, GIMP. Horretaz gain 3D irudiak egiteko Blender programa ere badator. Autoediziorako tresna bat ekartzen du, Scribus. Aldizkariak egiteko balio dezakeen tresna garrantzitsua.
Multimedia
Audioa grabatzeko audio grabagailu sinple bat dator. Bideoak ikusteko Totem programa ezaguna eta audiorako Rhythmbox programa. Bideo ediziorako Kino programa sinple, baina erabilgarria ekartzen du. Eta CDetatik abestiak ateratzeko Sound Juicer tresna.
Zientzia
KStars tresnarekin izarrak ezagutu eta ikasteko aukera izango dugu. Kalzium tresnarekin taula periodikoa ikasten eta erabiltzen ikasi dezakegu. Atomix bidez aldiz, puzzle baten moduan molekulen arteko elkarketak proba ditzakegu.
Matematika
Matematika lantzeko tresna asko ekartzen ditu Edubuntuk. KTurtle logo programa lengoaia sinplea ikasteko tresna. Kig bloke geometrikoekin jolasteko. KmPlot funtzio matematikoen adierazpen grafikoak egiteko. KPercentage portzentajeak ikasteko tresna. TuxMath, Tux Linuxeko maskota ezaguna pertsonai nagusia den joko bat. Joko honetan aritmetika ariketen bidez Tux lagundu beharko dugu.
Txikienentzako
Txikienentzat ere tresna sorta handia ekartzen du Edubuntuk. Gcompris 4-10 urte bitarteko haurrentzako tresna sorta interesgarri bat da. Tresna hauen bidez, irakurketa, geografia, zientzia, aljebra, ordenagailuaren oinarrizko funtzionamendua... ikasteko aukera izango dute, ongi pasatzen duten bitartean. Baina, benetan izarra TuxPaint izaten da. Marrazteko programa sinple honek, haurrei nahi dutena margotzeko aukera ematen die, haur eta helduen gozamenerako.