Internet eta eraldaketa soziala
Askotan entzun izan dugu Internetek aukera handiak eskaintzen dituela eta eraldaketa sozialak sortzeko gai dela, baina zein puntutaraino da hori egia? Argi dago aldiz, Internetek komunikazio ahalmen izugarria eman digula, baina nahikoa al da ahalmen hori eraldaketa sozialak bultzatzeko?
Azken boladan eztabaida hau sarean zehar hainbat pertsona ezagunen artean zabaltzen ari da. Eztabaida horiek guztiak bildu eta ondorioak atera nahi izan ditut artikulu honen bidez.
Clay Shirky VS Evgeny Morozov
Evgeny Mozorov ikertzailearen ustez, Internet batez ere diktadoreek erabiltzen dute kontrola mantendu ahal izateko. Zentsura erabili beharrean, nahiago dute aurkariak detektatu eta informazio hori beraien kontra erabiltzea. Hori da Mozorov-ek bere "How dictators watch us on the web" artikuluan zehar kontatzen duena.
Horrekin batera, Mozorov-ek ziber-utopisten aurka jotzen du eta horien artean Clay Shirky-ri irakasle eta idazleari, nahasketa honen arduradun nagusienetakoa dela esaten dio. Internet izateak, berez demokraziarentzat ona dela dioten horien kontra alegia. Bere liburu berrian "Net Delusion" , Iraneko matxinadan Twitterri emandako garrantzia kritikatzen du. Twitterrek Iranen garrantzia izan ez zuela argudiatuz, jendeak beste komunikazio era batzuk erabiltzen baizituen barnean (blogak, foroak, telefonoak, aurrez-aurrekoak). Iraneko gertakarietan Twitter erabili zutenak batez ere kanpotarrak zirela ere esaten du. Horrelako argudioak egiten ditu Mozovek bere liburu honetan.
Shirky-k Mozorov-i "The net advantage" artikuluan erantzuten dio. Bertan, Shirky-k aipatzen du. era indibidualean jokatzen duenean baino, jendeak taldeetan jarduten duenean erreakzio ezberdinak izaten dituela, eta horrek gauzak aldatzeko gaitasuna ematen duela. Berarentzako gaitasun hori masa kritiko bat lortzean sortzen diren "informazio kaskadetan" oinarritzen da. Iranen kasuan adibidez hori Mozorov-ek aipatatutako tresna eta gailuekin lortu zela argi uzten du, baina Twitterrek fenomenoa lokaletik globalera igarotzeko garrantzitsua izan zela argudiatzen du. Hau da, Iranen gertatutakoak kanpoan zabalkundea lortzeko gaitasuna izan zuela Internetek eta batez ere Twitterri esker.
Eztabaidak oraindik ere jarraitu du Foreign Policy webgunean eta beste hainbat pertsona ere eztabaidan sartzen hasi dira.
Malcolm Gladwell eta Cory Doctorow
Malcolm Gladwell idazleak ere gai honen inguruan bere ekarpena egin nahi izan zuen "Small change: Why the revolution will not be tweeted" artikuluan. Artikulu horretan aipatzen du nola Interneteko sare sozialek batez ere lotura arinak kudeatzeko balio duten. Hau da harreman guztiz estua ez dugun pertsona horiekin kontaktua mantentzeko balio dutela alegia. Normalean ekintzak egiteko grina, ez da lotura mota horien bidez igarotzen, baizik eta lotura gogorragoen bidez. Horregatik bere ustez, tresna hauek informazioa bakoitzaren ingurunetik atera eta mundura komunikatzeko balio dute, gauzak eraldatzeko baino. Horretarako bai, Gladwell-en ustez oso baliagarriak dira.
Cory Doctorow-ek aldiz "We need a serious critique of net activism" artikuluan eztabaida ia guztiak barne hartzen ditu kritika oso bat garatuz. Mozorov-i ia gauza bakar batean ematen dio arrazoia, teknologiak berez ez duela zertan pertsonentzako ona izan behar. Hortik aurrera kritika da nagusi. Batez ere Mozorov-ek aipatutako gauza guztietan alternatibarik azaltzen ez duelako. Hau da, aipatzen dituen kontrolerako neurri guzti horien kontra zer egin daitekeen ez du esaten. Eta alternatibak aurkezten ez baditu ere, berarentzako "ziber-utopistak" diren horietako batzuk garatutako alternatibak aipatu ere ez ditu egiten. Doctorow-ek pribatutasunaren alde eta kontrolaren aurka kriptografia, anonimotasuna ziurtatzeko tresnak, kontrolaren aurkako kanpainak egiten dituztenak goraipatzen ditu artikuluan.
Baina Cory Doctorow-k beste gauza batzuk ere aipatzen ditu; Aurrerantzean sarea gero eta gehiago erabiliko denez sortu daitezkeen arazo, lapurreta etab. jendearengan kontrol gehiago onartzeko joerak azpimarratzen ditu. Joera horiek saihestera deitzen du Doctorow-ek, baita ere azken aldian tresna batzuk erabiltzearren jendeak bere eskubideak alde batera uzteko joerak ere. Joera horien eta kontrol neurrientzako soluzioak bilatzen jarraitzea proposatzen du. Alternatiba badagoela alegia.
David de Ugarte eta Jose Alcantara
David de Ugarte ekonomilari eta idazleak dioen moduan, Las Indias taldearen barnean argi dute. Edozein egituraren atzean, botere dago. Hau da, sare batean ere, honek daukan egituraren arabera gauza bat edo beste egingarriagoa izango da, sare horren topologiaren atzean boterea dago. Sare zentralizatu batean gauzak egiteko aukera txikiagoa izango da, sare banatu batean baino. Noski, lehenengo kasua kontrolatzeko erraztasun gehiago ere ematen ditu gainera.
Horrekin batera Las Indias-ekoek konpromezuaren piramidearen bidez ondo adierazten dute zein diren helburu bat aurrera eramateko konpromezu maila ezberdinak. Interneteko sare sozialek normalean atxikimendu mailara bakarrik iristen direla aipatzen dute eta noski atxikimendu mailara bakarrik iristeko gai direnak ez dira segur aski eraldaketa bat gauzatzeko gai izango. Aldiz, eraldaketa gauzatzeko konpromezu maila altuagoa erakutsi duten pertsonak beharrezkoak dira. Internet bidez, blog, foro eta komunitateetan biltzen diren pertsonak alegia. Kontrolatzeko zaila den sare egitura banatuagoetan antolatzen diren eztabaida bateratuak dira garrantzitsuak.
Azken gertakarien harira David-ek "Revolución euromediterranea: segundo acto" artikuluan oso argi uzten ditu kontzeptu hauek guztiak eta Arabiar herrialdeetan gertatzen ari denaren irakurketa historiko interesgarri bat ere egiten du. Irakurketa horri Jose Alcantara-k "¡Es Internet, estúpido! " artikuluan Internet eta ez Twitter bakarrik, mobilizazioak eta adostasun sozial bat lortzeko ezinbesteko tresnak izan direla aipatzen ditu. Egiptoko erregimenak Internet moztu behar izan du, baina segur aski beranduegi. Aurretik foro, blog eta Interneten orokorrean jada adostasun sozial inplizituak sortu zirela alegia.
Berak idatzitako "Sociedad del Control" eta "Neutralidad de la Red" liburuen argumentuak ere erabiltzen ditu. Sarearen kontrolerako erabiltzen diren neurrien kontra eta Internet neutral baten alde egiteko ere argudiatzeko. Horren harira gobernuek kontrolatzen ez dutena mozteko joera aipatzen du, baina ez du diktaduretara mugatzen, Doctorow-k bezala "gobernu demokratikoek" ere kontrolaren aldeko joera erakusten dutela adierazten du eta herrialde ezberdinetako azken legeek hori egiaztatzen dute.
Manuel Castells
Irakurri ditudan iritzietatik Manuel Castells-ek idatzi duen "La wikirevolución de jazmín" izan da niretzat interesgarriena. Bertan argitzen du, iraultza hauek batez ere gazte jendeak egiten duela. Gazte jende hau alfabetatua dela eta sare sozialak erabiltzen dituela eta horregatik erabiltzen ari direla.
Aipatzen du nola informazioa webgune eta YouTube bidez zabaltzen hasi zen. Gero SMS sareak, Twitter eta Facebook aktibatzen hasi ziren. Erdigunerik gabeko informazio kaskada batean bukatzeko, masa kritiko bat sortuz. Hori eta AlJazzeraren jarraipen eta jendearekin izandako elkarrekintza erabakigarriak izan zirela aipatzen du.
Baina honekin batera argi hitz egiten du iraultza hauen oinarrian mixeria eta jendartearen parte handi baten bazterketa soziala daudela, gezurrezko demokrazia, informazioaren manipulazioa, milaka pertsonen gartzeleratze eta tortua... Hau dena, AEBren, Europako herrialdeetan eta arabiar diktaduren onespenarekin.
Wikileaks eta Anonymous
Wikileaks.org erakundea 2006. urtean sortu bazen ere, famatu egin zen, Irakeko gerrako bideo konfidentzial bat zabaldu zutelako. Horren ondoren, Afganistango gudako 92.000 dokumentu filtratu zituzten. Ostean, Irakeko gerraren AEBetako 400.000 dokumentu sekreturen filtrazioa etorri zen; AEBetako gobernuak tortura erabiltzen zuela argi gelditu zen, baita herritar soilen aurkako erasoak egin zituztela ere.
AEBetako enbaxaden informazio konfidentzialaren 251.287 dokumenturen filtrazioa, Cablegate deiturikoa izan da azkena. Dokumentu horietan, AEBetako enbaxaden informazioa argitara ematen da. Konfidentzialtasun maila askotako dokumentuak badaude ere, guztiz sekretuak diren asko daude tartean.
Bere estrategiak, anonimotasuna, neutraltasuna eta fidagarritasuna. Hala ere, proiektuak arazo batzuk ere baditu. Alde batetik, orain indarra ematen dioten ezaugarri hauek edozein momentutan erasoak jasan ditzakete. Iturrien anonimotasuna galduko balitz, informazioaren fidagarritasuna galduko balitz, edota neutraltasuna zalantzan jarriko balitz, proiektuak ez luke indar bera izango. Zalantzak ere sor ditzake, behin proiektuak sinesgarritasuna lortu ondoren, AEBek, adibidez, isilean kontrolatzea lortuko balute, bere filtrazioak hedatzeko?
Baina proiektuaren ekarpen handiena, sare guztia gudarako esparru bilakatzea izan da. Hasieran proiektu zentralizatu bat bazirudien ere (eta oraindik askorentzako ere bada) bere ideiak zabaltzea lortu du. Cablegate garaian ikusi izan genuen bezala, Wikileaks ez bada beste batzuk ideia hartu eta erabiliko dute.
Hala ere, beste gauza bat ere erakutsi dute. Alde batetik, sarearen indarra, baina baita kazetaritzak bere garrantzia izan dezakeela ere. Wikileaksek bost hedabide garrantzitsuri informazio horiek zabaltzeko aukera eman die: The New York Times, The Guardian, Spiegel, Le Monde, El País. Horien papera informazio hori mamitu eta gizarte osora, baita Interneten gehiegi ibilitzen ez diren horientzat ere zabaltzea da. Beti ere, sarean dabilen eta proiektua ezagutzen duten pertsonek hedabide horien lana ikuskatzeko aukera dutelarik.
Baina Wikileaks-ek gauzak aldatzea lortu ahal du? Informazio gehiago daukagu orain. Ezagutzen ez genituen, baina askotan susmatzen genituenak argitara eman dira. Gobernu eta enpresa pribatuek jendartearen aurka hartutako neurri asko ezagutzen ditugu. Munduaren funtzionamenduaren informazio gehiago dugu. Wikileaks-ek hori guztia posible egiten du, baina informazio hori izateak ez du berez gauzak aldatzea lortzen. Horrekin batera gehiengo sozial antolatu bat egon behar du eta baita ere adostasun sozial bat mobilizatzen diren horien kontrako mugimendurik egon ez dadin edo egoten bada horri erantzuteko.
Anonymous avatarra eszenan agertzen da orduan. Sareak ematen dituen komunikazio ahalmenak ekintza bateratuak eta anonimoak egiteko Avatar-mitoa. Mito zaharrak eraberrituz eta gaurko iruditerian dauden beste batzuekin batera mito batzaile bat proposatzen dute. Edonork momentu batean Anonymous izatea erabaki dezake. Oinarriak askatasunak defendatzea eta anonimotasunean oinarritzea.
Anonymous barnean talde antolatuak daude, baina baita ere mito hori atxikitzen zaizkion pertsona indibidual asko ere. Hacker kulturan oinarritutako jarreretan oinarria dute, teknologiaren arloari garrantzi berezia ematen diote beraz. Baina aldi berean, mitoa zabaltzen hasi da eta kalean antolaturik dauden beste taldeen sostengua ere bilakatu da Anonymous. Anonymous ekintza bateratuak egiteko gaitasuna ematen duen heteronimo bat da, baina garrantzitsuagoa dena, kalean dauden mugimendu ez anonimoekin elkarrekin lan egiteko aukera duela ere erakutsi du. Anonymousek (edo antzeko mitoek) bakarrik gauzak aldatzeko gaitasun murriztua dute, baina jendartean egituratuta dauden eta adostasun sozialak sortzeko gaitasuna duten mugimenduekin bat egitean eraldaketa burutzeko indarra dute.
Anonymous mitoaren zabalkundeak era berean anonimotasunaren garrantziaren eztabaida ekarri du berriro lehen planora. Azken boladan, Interneteko sare sozialen tresnekin batera, identitate ezagun baten beharraren garrantzia azpimarratzen zuten askok. Nolabait eztabaidetan garrantzizkoa dela zure aurrean dagoen pertsona ezagutzea eta horrela izan behar duela beti. Horren garrantzia ukatzen ez bada ere, ez du zertan beti eta ez alor guztietan izan behar. Anonymousek hori hautsi eta kontrol neurriak saihesteko mekanismorik hoberena anonimotasuna dela erakutsi du. Horrela bakarrik izan da posible pertsona askok ekimen bateratuak egitera ausartzera, beren identitate digitaletatik inoiz egingo ez luketena. Hau izan da nire ustez Anonymous-en ekarpenik garrantzitsua eta ez aurrera eramandako ekimen zehatzak (hauetako batzuk garrantzitsuak izan diren arren).
Ondorioak
Aipatutako idatzi gehienetan ikuspuntu angloxajoia da nagusi. Errealitate konkretuetatik, filia eta fobia propioekin, baina antzeko kultura batetik datozen pertsonek esanda. Horrek eztabaida asko mugatzen du, gure inguruko errealitatera guztiz egokitu gabeko diskurtsoak baitira. Demokraziak adibidez ez du kontutan hartzen baliabideei atzipena izateko aukera, baizik eta demokrazia liberala du oinarri horri buruzko aipamenak egiten direnean. Gutxiago demokrazia ekonomikoa, aberastasunaren banaketa justuagoa. Hala ere, hauetako asko gauza garrantzitsuak dira eta edozein kulturatik etorrita ulergarriak. Gero bakoitzak bere testuinguru eta kulturara egokitu beharko dituenak.
Eztabaida angloxajoi horretatik kanpo adibidez gelditzen dira, Jose Alcantarak aipatutako Rubalcabaren hitzak; "El terrorismo internacional no existiría si no existiera Internet". Gure errealitatetik gertuago dauden erreferente hauek erakusten digute diktadura gobernuetatik haratago ere, Internet kontrolatzeko grina gero eta handiagoa dela. Noski eztabaida hauek guri ez zaizkigu arrotz egiten, baina eztabaida angloxajoietan "gobernu demokratikoak" eta hauek hartutako erabakiak berez defendatzeko (edo behintzat ez gaitzesteko) joera dute.
Testu hauetan guztietan Interneteko sare sozialei egiten zaien kritika nahiko onargarria da. Batez ere David de Ugartek eta Malcolm Gladwell-ek aipatzen duten moduan konpromezu maila txikiak eskatzen diren heinean, gauzak aldatzeko gaitasuna ere txikia dela diotenak. Arrazoi berdinengatik tresna hauek komunikatzeko eta mezua zabaltzeko gaitasun handia dute. Horregatik, ondoren Shirky-k dioen moduan konpromezu maila handiagoak hartzeko gai diren pertsonak elkar ezagutzeko aukera emateko gaitasuna ere badute.
Sare sozial gehienek, gaur egun erabiltzen diren moduan behintzat, eztabaida eta elkarrekintza aldetik oso motz gelditzen dira. Interneteko sare sozial batzuk lotura arinak kudeatzeko balio dute gehien, Facebook kasu, beste batzuk komunikazio arindu eta sare berriak eraikitzeko, Twitter adibidez.
Orokorrean, informazio kantitatea baino, informazio horren zabalpena eta eragina dira garrantzitsuak. Informazio batek gizartean duen eragina, sortzen duen eztabaidaren kalitatea eta sakontasuna dira kontutan hartzekoak. Teknologia berriek proposatzen duten hiperkonexio eta abiadurak harremanak egiteko erraztasuna, hainbat lan batera egiteko gaitasuna eta beste hainbat balio oso positibo ekarri dizkigu. Baina, baita sakon hausnartzeko zailtasuna ere. Informazioen artean etengabe saltoka aritzen gara batetik bestera, testu luzeak irakurtzea ere gero eta zailagoa zaigu... Horrela ezingo dugu etorkizun berri batean ganoraz pentsatu. Jasotzen ditugun influentzia guztien eta hausnarketaren artean oreka mantendu behar da, berria eta eraldatzailea den zerbait sor dezagun. Bloga da oraindik oreka hori mantentzeko gai den tresna garrantzitsuena. Hausnarketari tartea uzten diona, elkartruke azkar baina oparoari ere ateak irekita utziz .
Horregatik garrantzitsuena informazio jario guztiari zukua ateratzen ikastea da. Ez maila pertsonalean bakarrik, baita maila kolektiboan ere. Hori lortu ahal izateko, lan konkretuetan ariko diren komunitateak beharko ditugu, guztiak ondo konektatutako sareetan. Gainera ideia eta baloreak komunikatuko dituzten ideia-mito berriak ere eraikitzen hasi beharko dugula uste dut. Helburua zehatza da, jasotako informazio guztia ezagutza bilakatzeko gaitasuna duten komunitateak sortu eta denak besarkatuko dituen ideia berriak formulatu. Erronka handia da hau, ez baita tresna soiletan oinarritzen den zerbait. Honetan asmatzen badugu, beste guztia berez etorriko da.
Baina ez sormenaz baizik eta eraldaketaz hitz egiten dugunean agenda propio bat sortzea izan behar du helburua. Agenda propio horrek adostasun berriak sortu baititzake. Eraldaketa bilatzen duen edozeinek, aipatu ditugun komunitate zehatz horietan, bere arauen arabera eraldaketa bilatzeko lan egin beharko du. Beharbada eztabaida horiek guztiak teknologiaren bidez gauzatu daitezke, baina teknologiek eremu horretan ez dute zertan erabakigarriak izan; konpromezu maila handiko guneak baitira. Ondoren bai, hor sortzen diren ekimenak eta eztabaidak sozializatzeko Internetek eta sare sozialek eskaintzen dituzten tresna guztiak baliatu beharko dira. Azken finean helburua adostasun sozial berriak sortzea bada, eztabaida horiek, agenda propio horiek lotura arinen bidez sare zabalera ere zabaldu beharko dira. Azkenik eztabaida horiek arrakasta badute, zabaltzea lortuko dute eta komunitate konkretu batetik haratago ere mito-ideia berriak sortuko dituzte. Komunitate batetik sortu diren ideiak, mito bezala zabaltzen hasten direnean, adostasun sozial zabalago batera iritsi garela adieraziko du.
Agenda propioa eduki gabe, adostasun sozialak eraikitzea oso zaila da. Hori gabe "gobernu demokratikoetan" hedabideek eraikitako "zentzu komunaren" esku egongo gara eta diktadura baten azpian dauden gobernuetan "errealitate aldaezinaren" atzaparretan. Kasu askotan, sare sozialak "status quo" horien anplifikadore izatera iritsi daitezke. Hori gertatzen da adibidez, hemen hedabideek botatako albisteekin, sare sozialen bidez zabaldu eta informazio horien berri ematea lortzen dute. Horregatik hedabide handiek Facebook eta Twitter begi onez ikusten dituzte, beraien mezua zabaltzen laguntzen baitute. Gogoratu aldiz blogen sorreran kazetaritzaren mundutik sortutako beldurrak. Agenda propiorik gabe ez dago adostasun sozial berririk eraikitzerik eta egoera honetan sare sozialek berez eraldaketarako aukera gutxi ematen dute.
Helburua adostasun sozial berriak eraikitzea baldin bada, ondoren hauek proiektu eraldatzaile berrietan gauzatzeko, masa kritikoak behar dira. Masa kritikoa ez dira normalean egun batetik bestera eraikitzen, horregatik behar da agenda propioa, baina zenbait kasuetan horrela dirudi. Interneten eta telefono mugikorren bidez antolatutako mugimenduetan M11, Paris, Tunez, Egipto... Masa kritiko hori bapatean agertzen dela dirudi. Baina horrek adostasun inplizitu bat zegoela adierazten du. Egoera konkretu batean, gertakari konkretu batek adostasun inplizitu hori argitara ematen du, oraindik elkar ezagutzen ez zuten, baina berdin pentsatzen zuten pertsonen masa kritiko bat eratuz, subjektu eraldatzailea. Hemen dago Internetek eta orokorrean komunikazio sareek duten indarra. Hemen bai, tresna hauek guztiek, badagoena, baina ezkutuan dagoena ikusgarri eta subjektu eraldatzaile berri baten kontzientzia hartzen du, ondoren masa kritiko batera iristeko gaitasuna erakutsi dezakeen subjektua.
Subjektu hori berez aurretik ere inplizituki, baina existitzen zen, baina ez zuen horren berri. Subjektu hori testuinguru konkretu batean deseroso sentitzen den pertsonek osatzen dute. Komunitate antolatuetako pertsonek subjektu horren dinamizatzaile dira hasieratik, baina benetan subjektu eraldatzailea agertzen bada, hauek beste baten maila berean kokatu beharko dute. Paradoxa badirudi ere, momentu eraldatzailea gertatu arte dinamizatzaile eta sortzaile izan diren komunitateak, eraldaketa indarra gauzatzen den momentuan besteekin batera nahasten dira.
Eraldaketa sozialek adostasun sozial bat egoteaz gain, testuinguru egoki bat ere behar dute. Tunezen gazte baten hilketak mugimenduari hasiera eman zion. Adostasun sozial bat zegoen gobernuaren kontra, gertakari konkretuak jendearen haserrea piztu zuen, baina egoera sozial larri baten testuinguruan izan ez balitz ez litzateke ezer gertatuko. Izate soziala baita, kontzientzia determinatzen duena (K.Marx). Testuinguru horren eragina gehien pairatzen duten pertsonak dira subjektu eraldatzailea osatuko dutenak. Batez ere gazte, langabe, zapaldu, baina horien artean nabarmen komunitate antolatuetan daudenak.
Testuinguru konkretu batean, komunitateak sortu, agenda propioa eraiki, komunitateen arteko eta sare guztiarekin ideiak komunikatzeko eta adostasun berriak eraikitzeko kapazitatea erakusten dutenek, mundua aldatu dezakete. Internetek eta komunikazio teknologiek honetan lagundu dezaketela argi dago, bai komunitateak behar dituzten tresnak izaki eta batez ere elkarren artean koordinatu eta komunikatzeko; baina puzzlearen pieza bat bakarrik dira, gertakarien izaera asko baldintzatzen duten arren.