Animazioarekin hitzordua
Dagoeneko antzematen da, bai, egur eta gaztaina erreen usaina. Gabonak gertu ditugun seinale. Hasi dira zinema aretoak fantasiazko (uler bedi Eraztunen jauna-k zabalduriko histeria), eta, nola ez, marrazki bizidunetako filmez betetzen. Azken horiek, biziki maite dituzte gabonak. Haur eta gazteek oporrak orduantxe hartzen dituztelako akaso, kontua da data horietan gertatzen direla estreinaldi gehienak. Baina topikoa da esatea marrazki bizidunetako ekoizpenak haur eta gazteentzat soilik direla. Aspaldi erakutsi zuten denetariko ikusleak erakartzeko gai direla. Hortxe dugu Japoniako manga zinemak pizturiko zaletasuna haur eta ez hain haur direnen artean. Azken batean, marrazkia izan ala ez, istorioak egiten du film bat on. Besterik ez. Manga zinema aipatu dugu, baina ez dugu hain urrutira jo behar marrazki bizidunetako ekoizpenen berri izateko. Hain zuzen, Euskal Herrian bertan, hainbat ekoiztetxe dabiltza arlo horretan. Bizkaian, esate baterako, Pausoka, Abrakam eta Merlin dira ezagun. Gipuzkoan, berriz, Irusoin zein Dibulitoon ditugu, eta Araban, berriz, Tectoon eta Silverspace. Orain arte, maila handia erakutsi dute euskal ekoiztetxeek, halaxe baieztatu dute azken urteetan jaso dituzten sari eta izendapenek. 2001ean, adibidez, Irusoinek ekoitzi eta Juanba Berasategik zuzenduriko Karramarroen uhartea-k animaziozko lanik onenaren Goya saria jaso zuen. Aurten, berriz, egile bera Goya eskuratzeko lehian ibiliko da Alhambrako giltza obrarekin. Eta, harekin batera, Euskal Herrian ekoitziriko bigarren lan bat egongo da bertan: Iñigo Berasategik eta Aitor Arregik zuzenduriko Glup. Baina ez hori bakarrik. 2003an, Espainiako estatuan, animaziozko sei film egin dira eta horietatik hiru Euskal Herrian bertan. Mugimendua, beraz, egon badago.
Alabaina, dena ez da arrosa kolorekoa izan Euskal Herriko animazio zinemarentzat. Juanba Berasategik sarritan aipatu izan duenez, esparru horretan lehen urratsak eman zituztenean esperimentaziotzat jotzen zituzten halako lanak, berez ez baitzegoen euskal zinemarik. Berasategiri zor zaio animaziozko lehen euskal film luzea (Kalabaza tripontzia, 1985ean), eta hura egin eta berehala horrelako lanak aurrera ateratzeko azpiegitura sendoak edukitzea ezinbestekoa zela. Dirua, alegia. EITB sortzearekin batera (ezin da ahaztu telebistak direla ikus-entzunezko ekoizpenen bezero nagusiak), animazioaren munduak zertxobait hobera egin zuten. Pixkanaka, ekoiztetxe berriak sortuz joan ziren, baita lan interesgarriak plazaratu ere. Oraindik ezin da esan industria gogor eta egonkorra lortu denik, batez ere dirua oztopo nagusia izaten jarraitzen duelako. Hain zuzen, ekoizpen asko dirulaguntzei esker gauzatzen dira. Baina kanpoko industriaren arreta erakartzeko zenbait saio egin dira, horietako bat Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak antolaturiko Niniak egitasmoa. Bestalde, euskal gobernuak onarturiko Ikus-entzunezkoen Liburu Zuria martxan jartzen denean euskal zinemak bultzada bat jasotzea espero dute. Niniak programak urrats garrantzitsua suposatu du Euskal Herriko ekoiztetxeentzat. Egitasmo horren bitartez, urtero Annecyn (Suitza ondoan kokaturik dagoen Frantziako herri txiki bat) antolatzen den MIFA Animazio Zinemaren Nazioarteko azokara joateko aukera daukate. MIFAn mundu osoko ekoiztetxeak, banatzaileak eta enpresak biltzen dira, beti ere animazio zinemarekin lotura dutenak. Azokan lankidetza hitzarmenak zein kontratuak sinatzeko aukera ezin hobea da, beraz.
Mugak hausten
Itzul gaitezen abiapuntura. Euskal Herrian dauden zazpi ekoiztetxe aipatu ditugu lehen: Abrakam, Merlin, Pausoka, Irusoin, Dibulitoon, Tectoon eta Silverspace. Lehen seiek urte batzuk daramatzate animazioaren munduan. Silverspace Animation Studios, berriz, duela hilabete batzuk hasi zen lanean. Hain zuzen, 3D-ko animazioa lantzen duen Arabako lehen ekoiztetxea da, eta Euskal Herriko bigarrena (Irungo Dibulitoon ere horretan aritzen da). Enrique Garciak, Ruben Salazarrek, Raquel Garcia-Ajofrinek eta Roberto Canterak osatzen dute lan taldea. “Aspalditik genbiltzan animazio munduaren atzetik”, dio Enriquek, “beraz, nahiz eta atzo goizeko kontua eman dezakeen arren, ongi pentsaturik geneukan proiektua”. Berak bost urte igaro zituen Kalifornian, animazioaren sehaskan dei genezakeen horretan, eta orduantxe bururatu zitzaion Gasteizen 3Dko animazio ekoiztetxe bat sortzearen ideia. Estatu Batuetatik itzuli, eta berehala jarri zen lanean. Helburua argi zegoen: nazioartean 3D-n egindako animazioa bultzatu eta zabaltzea. “Oraingoz, Euskal Herrian ez dago eskari handirik, baina atzerrian hauxe da une honetan indarrean dagoena”. Hain zuzen, beren proiektu baterako (Perpetuum mobile) AEBetako Pixar ekoiztetxe ezagunaren laguntza lortu dute. Besteak beste, Pixarrek Toy StoryMonsters S.A.. Perpetuum mobile XV. mendeko Florentzian giroturik dago, eta Leonardo da Vinciren obra eta bizitza du oinarrian. Irudi birtualak zein 3D-n egindakoak uztartzen dituen 1937 eta historia zein mitologiako elementuak tartekatzen dituen Ekhidira Silverspacek esku artean dituen beste proiektuetako batzuk.
Zeu ere animatzaile
Bilboko Fant jaialdiaren laguntzarekin, www.nontzeberri.com kultur atariak Nazioarteko I. Nontzeflash Animazio lehiaketa antolatu du. Proposamen horrekin, antolatzaileek helburu bikoitza lortu nahi dute: batetik, euskal internautak animazioaren mundura biltzea, eta, bestetik, euskal internauten animazio lanak mundura zabaltzea. Parte hartu ahal izateko, Flash programaren bidez eginiko animazio lanak aurkeztu beharko dira SWF formatuan, Animazioek ezin dute 2,5 Mb baino gehiago eduki. Hainbat lan mota onartuko dituzte: argazkia, zinema, animazioa eta diseinu grafikoa nahasten dituzten ikus-entzunezko lanak, marrazki bizidunak, musikalak zein kontzeptualak. Lanak apirilaren 15a baino lehen aurkeztu behar dira webgunean bertan. Nontzeflashek 3.500 euro banatuko ditu sarietan. Animazio lanik onenak 2.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.500 euro, ikusleek nabarmendurikoak 900 euro, eta euskaraz egindako lanik onenak 900 euro. Animazio sarituak maiatzaren 5etik 9a bitartean pantailaratuko dituzte, FANT Bilboko Zinema jaialdiaren barruan.