Artea ikastolen alde
Urte bat gehiago, Euskal Herriko zenbait artistek beren sostengua erakutsi diote Bizkaiko Ikastolen aldeko jaia den Ibilaldiari. Berezkoa duten moduan erakutsi ere, IbilArte erakusketa antolatzeko artelanak lagata. Laugarren aldia izan da IbilArte erakusketa kolektiboa egiten dena, eta, aurtengoan, 74 artelan bildu dira, beti ere Bizkaiko ikastolen alde. Donostiako Emy/Art kolektiboak antolatu du erakusketa, Rekalde Aretoaren eta Artelekuren laguntzarekin. Erakusketa honetan nazioartean arras ezagunak diren artistek parte hartu dute, esate baterako Nestor Basterretxeak, Juan Luis Goenagak eta Jose Luis Zumetak. Baina ezin dira albo baten utzi, besteak beste, Xabi Otero, Jesus Mari Lazkano, Koldobika Jauregi, Dora Salazar, Erramun Landa eta abar, izen handiko artistak denak. Erakusketak ondo baino hobeto islatu du Euskal Herrian gaur egun egiten den artea, baita argi utzi ere gurean maila handiko sortzaileak egon badaudela. Egiazki, gutxitan sortzen dira horrelako aukerak, hau da, erakusketa kolektibo batean hainbeste artista on ikusteko. Ibilbide luzea eginda duten artista handi horiekin batera, dagoeneko zer esana piztu duten sortzaile gazteen lanak ere ikusi ahal izan ditugu. Azken batean, IbilArteren helburuetako bat Euskal Herrian egiten den artea bisitariari gerturatzea da. Eta jakina, Durangoko Kurutziaga ikastolako umeek ere izan dute bere parte-hartzea. Hain zuzen, erakusketan bertan, aurten Ibilaldia antolatu duen ikastolako gaztetxoen marrazkiak ikusi ahal izan dira. Batek daki, agian haiek izango ditugu etorkizuneko IbilArte-ko protagonistak! Erakusketa bisitatzerik izan ez duzuenok, bertan izan ziren artelanak ikusteko aukera duzue sarearen bidez. Helbidea ondokoa da: www.ibilarte.net